Futbola

Erregionaletan talde sakandar guztiek puntuatu zuten

Guaixe 2025eko urtarrilaren 21a

Lagun Artea garaipenaren xendara itzuli zen.

Gizonezkoen erregional mailako hamaseigarren jardunaldian Altsasuk eta Lagun Arteak garaipena lortu zuten, eta Etxarrik berdinketa

Gizonezkoen erregional mailako hamaseigarren jardunaldiak 7 puntu utzi ditu Sakanan. 

Altsasu liderrak galtzea zer den jakin gabe jarraitzen du. Ilbeltzaren 18an Leitzan jokatu zuen, Aurrera taldearen kontra, eta hasieratik sakandarren nagusitasuna agerikoa izan zen. Atsedenaldira hiru goleko errentarekin joan ziren altsasuarrak, Unai Calvok, Asier Claverrek eta Julen Floresek sartutako golei esker. Aurrerak, nahi baino ezin. Bigarren zatian joera berbera izan zuen partidak, eta atzera ere Julen Floresek eta Asier San Romanek borobildutako jokaldiei esker, azkenean 0-5 irabazita itzuli ziren etxera altsasuarrak Leitzatik. 

Etxarri Aranatzek sailkapenean atzean duen Kirol Sporten kontra jokatu zuen Orkoienen. Espero bezala, partida oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek, aukera ederrekin. Lehen zatia bukatzear zela Oinatz Carreñok Etxarri aurreratu zuen. Bigarren zatian parekotasunak segida izan zuen. Etxarri ongi eusten ari zen, baina 60. minutuan bana berdintzea lortu zuen Kirol Sportek. Bi taldeen arteko lehia biziak bukaerara arte iraun zuen, baina, azkenean, ez zen gol gehiagorik egon eta banakako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Lakuntzako Lagun Arteak Asdefor taldea hartu zuen ilbeltzaren 17an Zelai Berrin. Partida hasi eta berehala aurreratu ziren lakuntzarrak, 2. minutuan Gorka Hernandezek sartutako golari esker. Hortik aurrera alde gehiago ateratzen saiatu zen Lagun Artea, eta partidari buelta ematen Asdefor. Aukerak bai, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu izan nahi. 1-0 irabazita, 3 puntuak Lakuntzan geratu ziren. 

Sailkapena eta datorrena
Altsasuk jarraitzen du erregional mailako lider sendo (46 puntu), jokatutako hamasei jardunaldietatik hamabost irabazita eta bat berdinduta. San Jorge du zelatan, bigarren (41 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (38 puntu) eta Lagun Artea zortzigarren (26 puntu). 

Altsasuk sailkapenean hamaikagarren den Universidad de Navarra B taldea hartuko du ilbeltzaren 26an, igandea, 17.30ean Dantzalekun. Etxarri Aranatzek hamabosgarren den Beti Kozkor B taldearen kontra jokatuko du etxean, San Donato zelaian, ilbeltzaren 25ean, 15:45ean. Azkenik, Lagun Arteak hamaseigarren den Mendillorri izango du aurkari ilbeltzaren 26an Soto Lezkairun, 17:40ean.