Areto futbola

Arbizu eta Altsasu gorenean puntutara berdinduta

Guaixe 2025eko urtarrilaren 22a

Arbizu Kirol Taldeak bi jardunaldi jokatuko ditu aste batean.

Gizonezkoen lehen maila autonomikoan bi talde sakandarrak ikusgarri ari dira

Egunotan gizonezkoen lehen maila autonomikoko hamalaugarren jardunaldia jokatzen ari da. Altsasuk Subiza Cendea de Galar izan zuen aurkari Eskiroz kiroldegian eta uzta ezin hobea lortu zuten altsasuarrek, 1-7 hartu baitzuten mendean Subiza. Hasieran etxekoak aurreratu ziren, eta 18 minutu behar izan ziren Altsasuren erantzuna heltzeko, baina hortik aurrera Altsasuk ez zuen gupidarik izan eta Jon Lopez de Goikoetxea (2), Jonathan Medina (2), Alvaro Garcia eta Denis Javier Ordoñez (2) jokalariei esker 1-7 gailendu zen. 

Arbizu Kirol Taldeak hamalaugarren jardunaldiko partida ilbeltzaren 29ra atzeratu du. Egun horretan, 19:30ean, sailkapenean laugarren den Gazte Berriak Antsoain taldea hartuko du Arbizuko kiroldegian. 

Arbizu liderraren partida horren emaitzaren faltan, Arbizuk segitzen du lider (31 puntu) eta Altsasu bigarren da, puntu berberekin. Hamabosgarren jardunaldiari dagokienez, Arbizu Kirol Taldeak seigarren den Anaitasunaren kontra jokatuko du ilbeltzaren 24an, 20:30ean, Anaitasunan. Altsasu Futsal taldeak, aldiz, ilbeltzaren 23an zazpigarren den Universidad de Navarra hartuko du Zelandin, 20:30ean.