Sakanako Mankomunitateak aurten 6.562.358,85 euroko aurrekontua du, joan zen urtean baino %17,80 txikiagoa. Ibarreko erakundeko presidente Aitor Larraza Carrerak azaldu duenez, "aurrekontuen artean alde hori dago 2024ko diru kontuetan proiektu handiak sartu genituelako: bizikleta ibilbidea, Irurtzungo garbigunea, Urdalurko turbina..." Joan zen urteko aurrekontuetan egonda ere, hainbat lan aurten eginen ditu Mank-ek. Guztira 5.612.687 euro dira.
Bizikleta bide sarea egitera 2.452.841,83 euro bideratu ditu Mank-ek. Lanak loteetan banatu ditu, eta emateko deialdia egin da. Bi loterako eskaintzak izan dira, baina beste birako ez. "Arbizu eta Iturmendi eta Iturmendi eta Ziordia arteko lanen zatirako ez dira eskaintzak aurkeztu. Gure asmoa da deialdia berriro aste honetan egitea", azaldu du Larrazak. Gaineratu duenez, "gure asmoa da lan guztiak batera hastea eta irailerako bukatuta egotea". Sakanako bizikleta bide sareak Plazaolako bide berdea Arabako Lautadako bizikleta bidearekin lotuko du. Arabako Foru Aldundiak Ziordiko muga eta Agurain arteko 16,8 km-ko bideko lanak udazken akaberan despeditu zituen.
Hondakin zerbitzua
Ibarreko erakundeko arduradunak azaldu duenez, "udalekin protokolo bat landuta dugu. Zer noren ardura den zehaztuta dago". Hura sinatu ondoren, Mank-ek kanpaina eginen duela azaldu du Larrazak. Bestalde, sakandarren iritzia jasotzeko inkestak zabaldu zituen zerbitzuak azaroan. "Inkestak jaso ditugu, orain Hondakin Batzordea deituko dugu. Informazioa pasako diegu kideei eta hura aztertuko dugu. Aterako diren ondorioak izanen dira Mank-en hondakinen kudeaketa hurrengo urteetan markatuko duten ildoetako bat", argitu du presidenteak.
Larrazak aurten sinatuko diren hiru hitzarmen nabarmendu ditu, horien bidez "finantzazioa asko hobetuko" baitu Mank-ek. Presidenteak azaldu duenez, "guri, berez, hondakinak biltzea besterik ez dagokigu. Baina ahalik eta gertueneko zerbitzua eskaintzeko, bi kasutan hondakinen tratamendua ere egiten dugu: konpost planta eta garbiguneak. Bi horiek ez dagozkigu guri, baina eskaintzen ditugu. Nafarroako Hondakinen Partzuergoarekin sinatuko ditugun bi hitzarmenek beste puntu batean egotera bideratuko gaitu", azaldu du. Ecoembesekin ontzi arinen inguruko hitzarmena sinatzea aurreikusi dute.
Hondakin zerbitzuko inbertsioak
Mank-ek Irurtzunen Akaborro industrialdearen eta herriaren arteko berdegunean garbigunea eraikiko du. Larrazak azaldu duenez, "ebazpen baten zain gaude administrazioko tramitazioak despeditzeko. Lanak uda akaberan hastea aurreikusten dugu", argitu du. Obrak 449.300 euroko aurrekontua du, eta joan den urteko diru kontuetan dago jasoa.
Utzubar EKOgunean dagoen konpost planta handitzeko 200.000 euro ditu Mank-ek. "Aditu baten bisita izan genuen. Gure lan egiteko sistema aztertu ondoren, aldaketak egitea proposatu zigun. Materia organikoa ilaratan jartzen dugu, konposta dadin. Adituak proposatu zigun konpostatze prozesua hobe egiteko ilara horiek, batetik, ez zirela hain altuak izan behar eta, bestetik, zabalagoak izan behar zutela". Aholku horiek gauzatzeko, "lehendik aurreikusten zen plantaren handitzea eginen dugu. Mendebalderantz zabalduko dugu. Eta lanak udan eginen dira", azaldu du Larrazak.
Hondakin bilketarako kamioi elektrikoa erosteko 145.000 euro ditu Mank-ek. Kontratua esleituta dago, eta hura iritsi zain daude Utzubar EKOgunean. Gune berean hiru hobekuntza lan egiteko 75.400 euro ditu Mank-ek. Presidenteak azaldu duenez, "herritar asko joaten dira hara. Langileak ere aurrera eta atzera dabiltza. Eta kamioi ugari ibiltzen dira. Segurtasuna handitzeko seinaleztapen horizontala eta bertikala jarriko ditugu". Lan horrekin batera, gunearen sarreraren ondoan, ezkerraldeko espazioa txukundu eta obrako edukiontzi handiak jarriko dituzte, "garbigune itxura emanez". Azkenik, Utzubar EKOguneko itxituraren zati bat berrituko dute aurten. Gainera, zerbitzuaren Arbizuko egoitzan edukiontziak konpontzeko tailer txiki bat prestatuko dute. 35.000 euro daude horretarako.
Ur Zerbitzuko inbertsioak
Urdalurko uharkak pilatutako ura Etxarrendik Irurtzuneraino eramateko lanak egitea falta zaio Mank-i. "Lanak egiteko lurrak okupatzea ezinbestekoa da eta, horretarako, Nafarroako Gobernuari urgentziazko prozedura eskatu diogu", azaldu du Larrazak. Gaineratu duenez, "obra zuzendaritza emateko deialdia egina dago, eta lanak bi hilabete barru eman nahi ditugu. Asmoa litzateke lanak garagartzaroan hastea". Urdalurko sarea Etxarrendik Irurtzuneraino eramateko lanak 2.132.725,17 euroko aurrekontua dute. Lan hori finantzatzeko 435.000 euroko mailegua hartuko da.
Ibarreko erakundeak Urdalurko ur tratamendu plantan argindarra sortzeko turbina bat jarri zuen joan zen urtean. Hilabete da martxan dagoela. Azpiegitura hornitzera bideratzen da han sortutako elektrizitatea. 182.000 euroko inbertsioa egin zuen Mank-ek. Bestetik, uraren inguruko eskumenak Mank-en esku utzi zituenez, ibarreko erakundeak 122.420 euro jarriko ditu Arbizuko Fernando Urkia kaleko sareak berritzeko lanak egiteko.
Langileak
Ibarreko erakundeko langileen soldata %0,5 igoko da. Baina aldagaien arabera, beste %2,5 igo daiteke. Bestalde, Larrazak azaldu duenez, "pertsonal gastuak gora egin du Nafarroa guztiari eragiten dion epai baten ondorioz. Langileen hirurtekoak finkatu ditu, funtzionario izatera pasa ziren datatik aurrera". Mank-eko zortzi langileri eragiten die epaiak eta eskaera aurkeztu dute. Lau urteko atzera eragina kontuan izanik, Mank-ek 44.026,37 euro ordaindu behar die. Bestetik, Egonkortze prozesutik eratorritako kalte ordainen gastuak 175.000 eurokoak dira.
Bestalde, erakunde publiko guztiek bereak diren ondasunak zerrendatuta izan behar dituzte. Halakorik ez dago Mank-en eta gabezia hori zuzentzeko 15.000 euro bideratu dira. Azkenik, ibarreko erakundearen Lakuntzako egoitzako teilatutik amiantoa duen uralita kentzeko lanak otsailean hasiko dira.
Azkenik, Mank-ek erabaki du Ur Zerbitzuko tasak bere horretan mantentzea eta Hondakin Zerbitzukoak %4 handitzea, etxebizitza bakoitzeko 4,5 euroko igoera da. Hondakin bilketako tasekin batera, Mank-ek hobariak zehazten dituen ordenantza ere onartu du. Mank-etik azpimarratu dute Nafarroako beste erakunde batzuek %10 eta 12,5 arteko igoerak ezarri dituztela. Mankomunitate guztietan gutxieneko igoera %3koa izan da. Europako legediak dioenez, administrazio publikoari hondakin bilketak ezin dio inolako kosturik eragin. "Hortik gertu gaude", argitu du presidenteak.
Tamaina handikoen bilketa
Altzariak, etxetresna elektriko handiak eta bestelakoak etxetik kentzeko zerbitzua eskaintzen du Mank-eko Hondakin zerbitzuak. Aukera bat da 948 464 867 telefonora hots egitea edo Mank-en webgunearen bidez egitea, esatea zer kendu nahi den etxetik eta egun batzuen bueltan Emausko Trapuketariak etxetik pasatzen dira. Biltzaileek joan den urtean sakandarren 1.348 dei jaso zituzten. Beste aukera bat da traste horiek norberak zuzenean Arbizuko edo Altsasuko garbiguneetara eramatea. Haietatik trapuketariak 264 alditan pasa dira. Modu batera edo bestera, tamaina handikoen 464 tona jaso zituzten. Eta ehunen 75 tona. Larrazaren iritziz, "bulkatu beharreko zerbitzua da. Eskaera handia da eta asko erabiltzen den zerbitzua da; funtzionatzen ari da. Tamaina handiko gauzak edonon ez uzteko baliagarria da".
Jaibusa
Trafiko istripuak saihesteko helburua duen jaiegun gauetako garraio zerbitzuak aurten 25 urte beteko ditu. Jakinik aurten Lakuntzak Hatortxu Rock jaialdia hartuko duela, zerbitzuaren ardura duten erakundeak aztertzen ari dira zerbitzua eskaintzea. Hari zuzendutako diru saila handitu egin da.