Bosgarren urtez populazioak gora egin du

Alfredo Alvaro Igoa eta Iune Trecet Obeso 2025ko urt. 29a, 09:00

Ihebardarrak kalean. ARTXIBOA

Ibarrean 20.699 sakandar bizi ziren 2024ko ilbeltzaren 1ean, 10.665 gizonezko eta 10.034 emakumezko. Aurreko urtean bezain besteko populazio igoera izan da, 177, %0,77 gehiago

Azken bost urteetan Sakanak 438 biztanle irabazi ditu. Haietatik 332 azken bi urteetan, 174 eta 158 sakandar gehiago urte bakoitzean. Biztanleriaren igoerak ibarreko 2013ko populazio errekorrera hurbildu gaitu. Orduan 20.809 sakandar bizi ginen, orain baino 110 gehiago. Generoari dagokionez, sakandarren %51,52 gizonezkoak dira (10.665, 104 edo %0,98 gehiago) eta %48,48 emakumezkoak (10.034, 54 edo %0,54 gehiago). Hamarkada bat pasa eta gero Sakanako emakumezkoen kopuruak

10.000ko langa gainditu du atzera ere. Hala ere, populazioa igotzearekin batera, generoen arteko aldea handitu egin da, 631 gizonezko gehiago daude ibarrean. Populazioaren dentsitateari dagokionez, Sakanakoa 67,73 pertsona da kilometro karratuko.

Udalerrika
Sakanako hamabost udalerrietatik populazioak hamaiketan egin du gora. Portzentajeari erreparatuta, bi herrik izan dute %3 baino gehiagoko biztanleria hazkundea: %3,35eko hazkundea Iturmendik (14 iturmendiar berri, 2 gizonezko eta 12 emakumezko) eta %3,03 Irañetak (5 irintar gehiago, 2 gizonezko eta 3 emakumezko). Bi herriek aurreko urtean populazioa galdu zuten.

Hirugarren urtez jarraian Arruazuko biztanleriak gora egin du, %2,52 (3 arbazuar gehiago, 2 gizonezko eta emakumezko 1). Lakuntzak ere goranzko joerarekin segitzen du: %2,16 gehiago (28 lakuntzar gehiago, 20 gizonezko eta 8 emakumezko). Bi dira puntu batetik gorako biztanleria hazkundea izan duten udalerriak. Alde batetik, Altsasu, %1,58 hazi dena (120 altsasuar gehiago, 73 gizonezko eta 47 emakumezko). Bestetik, Arakil, %1,22 hazkundearekin (12 arakildar gehiago, 9 gizonezko eta 3 emakumezko).

Lau udalerritan populazio hazkundea puntuko igoeraren azpitik gelditu da. Etxarri Aranazko igoera %0,95ekoa izan da (24 etxarriar gehiago, 19 gizonezko eta 5 emakumezko). Urdiainen populazioak %0,63 egin du gora (4 urdindar gehiago, 3 gizonezko gutxiago eta 7 emakumezko gehiago). Ergoienan hazkundea %0,53koa izan da (bi ergoendar gehiago, bi gizonezko gutxiago eta lau emakumezko gehiago). Azkenik, igoera txikiena izan duen herria Ziordia izan da, %0,28koa (ziordiar 1 gehiago, hiru gizonezko gutxiago eta lau emakumezko gehiago). Batere aldaketarik gabe, Irurtzunek 2023an zuen populazio bera zuen 2024ko hasieran.

Biztanleak galdu dituzten herriak lau izan dira. Galera handiena, %1,86 Uharte Arakilen izan zen (15 ubertear gutxiago, 2 gizonezko eta 13 emakumezko). Arbizun %1,60ko populazio galera izan zen (18 arbizuar gutxiago, 5 gizonezko eta 13 emakumezko). Olatzagutiak biztanleriaren %1,28 galdu du urte batean (19 olaztiar gutxiago, 6 gizonezko eta 13 emakumezko). Azkenik, herritar galera txikiena izan duen herria Bakaiku izan da: %0,87 (3 bakaikuar gutxiago, 2 gizonezko eta emakumezko 1). Bakaiku eta Olatzagutia dira aurreko urtean bezala populazioa galdu dutenak.

Hirugarren urtez jarraian hiru herrik beraien populazio errekorra gainditu dute: Arakilek (999), Lakuntzak (1.325) eta Etxarri Aranatzek (2.545). Bi urte darama Iturmendik (432) bere biztanleria errekorra gainditzen. Irurtzunek 2023an lortutako populazio errekorrari eutsi dio (2.316). Bi pertsona gehiagorekin Altsasuk (7.710) ere bere errekorra gaindituko luke. Beti ere 1996tik honako denbora tartea kontuan izanda. Bestalde, despopulazio arriskuan dagoen Ergoienak hirugarren urtez jarraian biztanleria irabazi du (16 ergoendar).

Eta 2023ko igoerak 800 herritarren langa gainditzea ekarri bazion Uharte Arakili, 2024ko jaitsierak 2022ko maila berean utzi du herria (791 ubertear). Bestetik, zortzi urteko igoeren ondoren, Arbizuk populazio galera izan du.

Biztanleria banaketa
Sakandarren herena pasa, %37,25, (0,3 puntu gehiago) Altsasun bizi dira. Bi herrik dute sakandarren %10 baino gehiago: Etxarri Aranatz, %12,3 (0,03 gehiago) eta Irurtzun %11,19 (0,09 gutxiago). Mila biztanletik gora duten Olatzagutian, Lakuntzan eta Arbizun %7,07 (0,15 gutxiago), %6,40 (0,9 gehiago) eta %5,35 (0,13 gutxiago) bizi dira hurrenez hurren. Sakanako sei herri populatuenetan ibarreko biztanleriaren %79,55 bizi da (0,04 gehiago). Hau da, bost sakandarretik lau sei udalerri horietan bizi dira.

Ibarreko biztanleen gainontzeko %20,45 gainontzeko bederatzi udalerritan bizi da: Arakil (%4,83; 0,02 gehiago), Uharte Arakil (%3,82; 0,1 gutxiago), Urdiain (%3,10; 0,01 gutxiago), Iturmendi (%2,09; 0,06 gehiago), Ergoiena (%1,85; berdin), Bakaiku (%1,64; 0,02 gutxiago), Ziordia (%1,71; berdin), Irañeta (%0,82; 0,02 gehiago) eta Arruazu (%0,59; 0,01 gehiago).

Dentsitatea
Udalerrien tamainak baldintzatzen du biztanleriaren dentsitatea. Hala, azalera txikien duen herria, Irurtzun, populazio dentsitate handiena du: 657,58 biztanle km2-ko. Atzetik ditu Altsasu 287,63 eta Lakuntza 120,09 biztanle km2-ko. 75 biztanle km2-ko baino gehiago hiru herrik dute: Arbizu 77,46; Etxarri Aranatz 77,07 eta Olatzagutia 74,63. Zazpi udalerrik 20 eta 45 artean daude: Urdiain 42,57; Iturmendi 43,60; Bakaiku 29,06; Ziordia 24,53; Uharte Arakil 20,85, Irañeta 20,25 eta Arruazu 21,28. Dentsitate txikiena duten bi udalerriak Arakil 19,08 eta Ergoiena 9,14 dira.

Nafarroa
Herrialdeak 2024ko ilbeltzaren 1ean 678.338 biztanle zituen, 6.592 nafar gehiago, hau da, %0.98eko hazkundea. Nafarren %50,49 (342.549) emakumezkoak ziren eta gainontzeko %49,50 (335.789) gizonezkoak. Sakandarrak nafarren %3,05 gara.