Sakanako Mankomunitateak, Uharte Arakilgo Udalak eta Ergoienako Udalak Cederna Garalur elkartearekin hitzarmen bana sinatu zuten ilbeltzaren 17an. Hiru toki erakundeek aurrera eramango dituzten proiektu horien exekuzioa arautzen dute sinaturiko hitzarmenek. Aldi berean, eskualdea benetako turismo-helmuga jasangarri eta irisgarri bihurtu nahi duen Plazaola-Sakana-Ultzamaldea Helmugako Turismo Jasangarriko Planaren baitan kokatzen dira. Gainera, hiru egitasmoak Europar Batasunak finantzatu ditu, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan, NEXT Generation EU funtsen bidez.
Sinadura ekitaldi kolektiboa izan zen, Uharte Arakilgo Itxesian egin zena, eta haren bidez, garatuko diren proiektuei hasiera sinbolikoa eman zieten. Baina, aldi berean, tokiko erakundeen eta lurraldeko beste eragile batzuen arteko lankidetza ere irudikatu zen, esaterako, Sakanako Garapen Agentziarekin izaten den elkarlana. Toki erakundeetako ordezkariekin batera, Bidelagun Turismo Elkartearen ordezkaria Daniel Torrente ere izan zen sinadura ekitaldiko lekukoa. Tokiko erakundeetako ordezkariek esan zutenez, "Sakanak turismo arduratsu eta jasangarria sustatzen duten eta gure komunitateari mesede egiten dioten ekimenetan lanean jarraituko du".
Egitasmoak
Sakanako Mankomunitateak ibarreko herri guztiak lotuko dituen bizikleta bide bat egokitzeko proiektua bulkatu du. Sakanako bizikletendako bideari heltzea funtsezkoa izanen da helmugako bizikleta-eskaintza egituratzeko eta beste eskualde batzuekin lotzeko. Bide hori egiteko zatietako bat, Arbizu eta Iturmendi artekoa,14,87 kilometro guztira, 960.000 eurorekin finantzatu du Europak.
Uharte Arakilgo Udalak 312.000 euro jasoko ditu zikloturistentzako aterpetxe gisa erabiliko den eraikin bat egiteko. Udal igerilekuetan garai bateko ekipamendu-eraikina bota eta berria jasoko du udalak, besteak beste, energia eraginkortasun irizpideak beteko dituena. Azkenik, Ergoienako Udalak Unanun, autoendako harrera-gunea eginen du, horretarako 35.000 euroko finantzazioa lortu du. Beriain mendia inguruko tontorrik ezagunenetako bat da. Bertako paisaiak eta natura-intereseko guneak eskualdearen natura-aberastasunaren funtsezko osagai dira. Azkenaldian, horrek arazoak sortu ditu Unanun, eremuak ez baitu naturarekin lotura duten jardueretara biltzen diren zaletuen joan-etorri handia bere gain hartzeko azpiegiturarik. Ageriko arazo horri aurre egiteko, Unanuko kontzejutik, bizitegi-guneak eta natura-eremuak okupatzen dituzten bisitariei bestelako aukera bat eskaintzeko proiektua bultzatu da.