Zenbaki gorriak Toureren hamaikagarren nobela kaleratu zuen Jon Arretxe idazleak 2024. urtearen amaieran. Oraingoan Bartzelonako Raval auzoan kokatu du istorioa, eta "bakar-bakarrik" dagoela aurreratu du. Malcom Treviño-Site Toure Detektibea telesailean detektibearen papera egiten duen aktoreak kontatutako istorio batekin hasten da Zenbaki gorriak liburua. Eleberritik telesailara egindako bidaia izanen da, hain zuzen, Pamplona Negra ekimenaren barruan ilbeltzaren 28an, asteartea, 18:30ean, Etxarri Aranazko liburutegian izanen den hitzaldian.
Non dago oraingoan Toure?
Toure leku askotan ibilia da, hiri askotan, baina beti hirien B alderi horretan. Bilbon San Frantzisko Afrika txikian, geto erraldoi horretan; Parisera joan zenean ez zen Sena bazterrean egon, kanpoaldeko auzo afrikarretan egon zen, beste hiri batzuetan ere, eta Bartzelonan ere. Egia esan, Bartzelonan dena da turistikoa. Pasada bat da. Edonora joan eta turistak eta giriak eta bisitariak, deitu nahi duzun bezala, daude. Milaka eta milaka bazter eta auzo guztietan. Bartzelonan auzo baztertuena gaur egun Raval da. Badaude beste auzo batzuk La Mina esaterako, eta beste batzuk bereziak direnak. Baina tradizioz Raval izan da baztertua eta jende txiroa dagoena. Baina esango nuke azken urtetan degradatzen ari dela berriro. Olinpiaden garaian, 1990ko hamarkadaren hasieran, auzoa aldatzen saiatu ziren eta postaletan itsusi gelditzen den jende hori aldentzen saiatu ziren. Baina hori dena itzuli eta bideratu da. Hor kokatu dut gehienbat nobela. Toureri dagokion tokia ez da Bartzelonako ostatu garesti bat, baizik eta Raval auzoko parkeak. Ez dauka etxerik, ez dauka ostaturik. Nobelaren hasieran behintzat. Horrelakoa da Raval.
Bazeneukan gogoa Bartzelonara eramateko?
"Toureren patua toki guztietan antzekoa da; baina nobela honetan inoiz baino bakarrago dago"
Lehenengo nobelak Bilboko San Frantzisko auzoan izan ziren, baina ez nuen errepikakorra izatea nahi. Orduan, Toure batera eta bestera eramatea pentsatu nuen. Bere patua toki guztietan antzekoa da; nahiko iluna eta beltza. Gure inguruko hiri handi hurbilenak Madril, Bartzelona, Paris... Hiru toki horietara eraman dut. Parisen egonda zegoen, Madrilen ere, eta Bartzelona falta zen. Aspalditik neukan gogoa. Salbuespena Kanariarekin egin nuen, Alexis laguna hil egin zen eta omenaldi moduan eraman nuen. Baina ez zen toki turistikoetan egon.
Zein da Toureren egoera?
Erabaki behar du; bizirik iraun behar du hala edo hala, eta bizirik irauteko aukeratu behar du. Toure inoiz baino bakarrago dago nobela honetan. Orain arte beti izan du norbait: San Frantziskoko lagun taldea, Las Palmasen borrokalari ohi bat topatu zuen, Parisera joan zenean ere ez zegoen bakarrik... Baina Bartzelonan bakar-bakarrik dago. Ez dauka inor eta ez dauka ezer. Nobelaren hasiera bera ere Toure neonazi batzuen aurretik korrika egiten dago, akabatu, jipoitu edo nork daki zer egin nahi diotelako. Hasiera hori ez da kasualitatea. Bene-benetan gertatu zitzaion Tourerena egiten duen aktoreari Madrilen. Malcom Treviño-Site da Toure eta askotan hitz egin dut berarekin eta egun batean kontatu zidan egun batean lasai zegoela Moncloa aldean eta konturatu zela bazegoela talde bat berari begira. Berarengana joan ziren labanarekin eta korrika atera behar izan zen. Labankada eman zioten eta zaurituta ihes egin zuen. Gaur egun hori gertatzen da gure gizartean beltza izateagatik. Nazkagarria da. Esan nion baimena ematen bazidan hurrengo nobelaren hasiera izango zela, eta hori da hasiera. Nobela gogortsua da.
Irakurketa kritikoa agertzen da.
Toureren nobela guztiek gaurkotasuna islatzen dute. Momentu horretan gizartea nola dagoen islatzen saiatzen naiz horrelako gaietan gehienbat. Azpi mundu hori askotan oso ongi ezagutzen ez duguna. Bartzelonan idazten nuen bitartean, uda zen, ostatu kutre batean egon nintzen giroan sartuta, eta turismoaren arazo larria dela ikusi nuen. Oso ongi datorkigu bisitariak izatea eta dirua uztea. Turismoa neurri batean ona eta mesedegarria da. Baina gainezka eginda dago asuntua. Turistak gainera inolako ekarpenik egiten ez dutenak dira. Manifestazioak egon ziren eta turistak bustitzen zituzten, eta Tourek hori ere topatuko du; hori biziko du. Momentuan gertatzen diren gauzak agertzen dira.
Nobelatik telesailera. Zer moduz joan da?
"'Toure detektibea' telesailak zenbaki politak izan ditu; polita eta origina da"
Oso zenbaki politak izan ditu. Telebistak share horretan asko fijatzen dira eta %10 inguru ibili da, eta hori pasada bat da. Serie polita eta originala da. Lehenengo aldiz zuria ez den protagonista bat da. Orain Netflixen eskuetara pasa da eta hemendik gutxira emango dute.
Asteartean Etxarri Aranatzen egongo zara.
Pamplona Negrako gune nagusia Baluarte da, eta polita da Iruñetik ateratzea. Oso jardunaldi polita da eta oso ongi egina dago. Milaka pertsona joaten dira eta herrietara eramaten dituzte. Liburutegietan proposatzen dute, eta hemen, Etxarri Aranatzen, Toure liburuez eta serieaz, literatura eta zinemaz, hitz egitea nahi zuten. Iturri Ereingo betiko editoreak lagunduko dit. Urtarrilaren 28an, 18:30ean, Etxarriko liburutegian.
Horrelako egitasmoak garrantzitsuak dira?
Dena dira. Idazleok ez gara ezer eta horrelako mugimendu kulturala izatea oso garrantzitsua da.