Astekaria

"Ikasgela bat dugu, baina mendian"

Alfredo Alvaro Igoa 2025ko urt. 28a, 13:29

Gaztainadiak berreskuratzeko Irañetan egindako saio praktikoa. INTIA

Gaztainadiak berreskuratzeko proiektu pilotua garatzen ari dira Ihabarren, Irañetan eta Bakaikun. Badirudi herri gehiagorako zabaldu eginen dela.

Gaztainadiak hamarkadatan ahaztuak egon dira. Baina haiek berreskuratzeko proiektua martxan da ibarrean. Arakilgo Udalak sustatutako bertako barietateak berreskuratzeko proiektuak zabaldutako ateetako bat izan da. Samuel Arraras Irañeta, Juanjo Vitoria Garziandia eta Amaia Fuste Etxeberria proiektu horretan ari dira, Ihabarren, Irañetan eta Bakaikun hurrenez hurren. 

Zergatik erreparatu zenieten gaztainondoei?
Amaia. Herriko pertsona helduei galdetuta, jakin bagenekien gaztainondoak oso baliabide preziatua zirela bere garaian, gainera duela ez hainbeste urte. Elikagai gisa erabiltzen zen, bai etxekoendako, bai abereendako. Pena ematen zigun baliabide hori eta gure herriarekin hain lotura estua zeukan kultura hori galtzea. Horregatik egin genuen apustua, balioa emateko eta berreskuratzeko gaztainadiekin eta gaztainondoekin genuen harreman hori. 


Amaia Fuste Etxeberria.

Juanjo. Arakilgo Udalak Hiriberrin gaztainondoei buruz hizketatzeko deialdia egin zuen. Horren ondoren elkartzen hasi ginen. Eta Sakanako Garapen Agentziak sustatutako proiektu pilotuan sartu ginen. 

Samuel. Lehengo gaztainondoak aspaldi bota ziren pinua jartzeko. Gaztainondo pila bat genituen, baina galdu egin ziren. Aspaldiko lan bat berreskuratu nahi genuen. 

Beraz, herrian izan duzue gaztainondoen inguruko transmisioa. 
J. Gaztainadia betidanik ezagutu dugu. 70 urte ditut, eta 12 bat urte nituen arte gaztaina bila joaten ginen, etxera ekartzeko. Gure etxekoak ez ginen joaten gaztainondo gutxi genituelako, bizpahiru ilara. Baina etxe batzuek pila bat zituzten. Gaztainak nahikoa ongi mantentzen ziren ilbeltza edo otsailera arte. Eskortetan gordetzen ziren. Baina badakit etxe batean, lehen solairuan, gaztaina gela zutela. Aparte, eskorta zuten eta han ere ikusia nago morkotsak. Pila ederrak. Zortzi, hamar gurdikada edo gehiago ekar zitzaketen. 


Proiektuan parte hartzen ari diren ihebardar batzuk, ezkerretik bigarrena Samuel Arraras Irañeta. UTZITAKOA

S. Gu txikitan ibili ginen gaztainondoetan. Baina hura galdu zen. Gaztainak jateko biltzen genituen, morkotsarekin. Orain gabe biltzen ditugu aleak, hozkailuan sartu eta kontserbatzeko. Leku gutxiago hartzen dute. Jateko dira. Baina baita gure seme-alabek eta ondorengo jendeak jakiteko zer zegoen lehenago herriko basoan. Eta lehenago egurrarekin piketeak eta halakoak egiten genituen, baina hori jada galdu da, eta orain erosten dira. Azkenean, galdutako historia bat da. 

A. Bai. Batez ere Agustin Lopez de Zubiria. Gainera, oso ona da informazioa-eta transmititzen. Bizi du. Informazio gehiena berarengandik jaso genuen. 

J. Lastaila aurretik gaztainadira joaten zen, eta hura larre baten pare uzten zen, sasirik gabe, ondoren morkotsak jaso ahal izateko. Jakina, arbolak kimatu egiten ziren. Hagekin adarrak jotzen ziren, morkotsak eror zitezen. Pixka bat berde zeudenean jotzen zen, aletu ez zitezen. Hagekin jotze bera kimatzeko modu bat ere bazela uste dut. Horren ondorioz, arbolak ez ziren luzatzen, zabaldu baizik. Etxe gehienetan, afaltzeko, aza platerkada, edo antzeko zerbait, eta gaztainak zeuden, gauero. Horiek ziren elikagai nagusiak. Haurrak ginenean ez zegoen premiarik, baina gaztainak jateko ohitura mantentzen zen. Etxeetan gehienetan danbolinean erreak jaten ziren. Gurean gehiagotan egosiak, erretzeko beheko surik ez genuelako, sukaldeko labea bai. Joan zen mendeko 60ko hamarkada hasita hainbeste gaztaina jasotzeari utzi zitzaion. Jateko beste gauza batzuk zituzten, eta gaztainadia baztertu zen. 


Irañetako Floren Beraza Gastesi eta Juanjo Vitoria Garziandia. UTZITAKOA

Urte batzuk badaramatzazue, ezta?
A. Hainbat. Urte batzuetan jende gehiago animatzen da, beste batzuetan gutxiago, baina aurrera jarraitzen du.

J. Lau bat urte. 

S. Antolatu zuten ikastaro batean izan zen, eta bizpahiru ihebardarrek izena eman genuen. Mundu horretan sartu ginen. Hizketan hasi ginen eta, pixkanaka, jendea animatu da. Ihabarren nahikoa talde ona elkartu gara.

Zergatik egiten zenuten bat proiektuarekin?
J. Gaztainadia pixka bat berreskuratzeko, betidanik ezagutu dugun hori kontserbatu nahi dugu. Guretako kontu ezaguna da, baina gazteen artean, nik uste, ez duela tiradizorik. Gaztainak hartzera doaz, baina denbora pasa. Herrian hitzaldiren bat egin izan dugu, nola funtzionatzen zuen azaltzeko. Zeren 30 urte dituenak ez du gaztainadia ezagutu. Gaztainondoak eta gaztainak daudela, bai, baina ez egiten zen lana. Ez gehiegi, baina jendea joan zen. 

Landaketez aparte beste lanik egin duzue? 
A. Bai, pixka bat garbi mantentzea gaztainondoen ingurua: sasiak kendu, pagoak eta haritzen bat kendu genuen argia sartzen uzteko eta gaztainondoari bizitasun pixka bat emateko. Proiektu piloturako Laguntza dermioan, barga azpiko aldean, partzela bat aukeratu genuen. Han kendutako pagoa etxeko egur loteak egiteko erabili da. 

S. Garbiketak, kimatzeak, birlandaketak, lehengo hogei bat gaztainondo berreskuratu ditugu...   

J. Garbiketa, batez ere, eskuz egin dugu, sasiak garbitzeko makinekin. Beti ere, zerbait berreskuratzeko esperantzarekin, betiko gaztainadia mantentzeko ideiarekin.


Ihebardarrak gaztainadia garbitzeko lan egiten. UTZITAKOA

Zein ari zarete gaztainondoekin lanean?
S. Denetarik dago, adinekoak, gazteagoak, hamar bat lagun gara gaztainondoak berreskuratzeko. Hori bai, haur batzuekin igo gara. Eta gaztainadiko auzolanak berreskuratu ditugu. Herriko auzolanak beste batzuk dira. Haurrak eta gazteak animatu ditugu irteera batzuk egiteko goiko gaztainadira. 

J. Iñaki Arangoa, Floren Beraza eta hirurok. Hiriberriko deialdiaren ondoren, Beraza eta biok mugitzen hasi ginen, bilera eta hitzaldietara joaten. Udalak bat egin zuen. Dagokion partea udalak ordaintzen du, baina gobernuaren dirulaguntzak daude. 

A. Gaur egun gutxi. Talde txiki bat hasi ginen, gehienak gazteak ginen eta, badakizu, lana, familia eta ez dakit zergatik jarraikortasun hori egotea dezente kostatzen ari zaigu. Baina, bagabiltza. Whatsapp taldea ere badaukagu. Han gauzak jartzen ditugu, eta noizean behin gelditzen gara bost bat lagun-edo. Aukera baliatzen dut bakaikuar guztiak taldean parte hartzera animatzeko. Aurki herrian bilera irekia egiteko asmoa dugu. Orain arte egin diren lanak azaldu eta jendea parte hartzera animatzeko. 

Jendea animatu da?
S. Bai, bai. Deialdia eginez gero jendea animatzen da. Badago jendea igotzen dena, igotzen garena, besteak baino gehiago. Baina, azkenean, badakigu deialdia egiten baldin badugu haurrak-eta animatzen direla. Joko baten moduan horren grina sartu behar diegu. Gaztainondoak berreskuratzeko egiten dugu, baina herriko jendea mugitzeko ere egiten dugu, jendea elkartzeko. Askotan herrian bertan elkartzen zara, eta gauzak ikusten dituzu. Baina herritik kanpo ere badira. Jendeak ez daki non dagoen gaztainadia, zer toponimo dauzkagun... Horrela denok ikasten dugu. 

J. Auzolanak deitu ditugu, baina gutxitan. Hiruzpalau izan dira, eta, ez asko, baina batzuk lanera joan dira. Eta gehiago ez ziren joan egun egokia izango ez zelako. Gu jubilatuta gaude eta edozein egunetan joaten gara. Baina jendea joateko asteburuan izan behar du. Oraindik bada lana.

Egindako lanekin zer lortu duzue?
A. Lana egiten duzunean lan hori zure parte dela sentitzen duzu. Azkenean, zuk nahi duzulako egiten duzun esfortzu bat da, eta da berriz ere mendiarekin eta basoarekin lotura hori sortzea. Zerotik hasi ginen. Pixkanaka ikasten duzu, eta hori ere ikasketa da. 

Elkarlanean ari zarete. 
A. Bai. Aurtengoa proiektu pilotuaren hirugarren urtea izanen da, aurten bukatuko dugu. Proiektuarekin hasi ginen Ihabar, Irañeta eta Bakaiku. Herri bakoitzean partzela bat aukeratu zen, bertan hainbat ekintza egiteko eta, nolabait, ikasgela baten antzeko zerbait bat sortzeko, baina mendian. Herri bakoitza bere berezitasunekin, baina ildo berean lanean gabiltza. Elkartzen gara, plangintza bat egiteko bilerak egiten ditugu, orain zer lan egin beharko diren, zer egin dugun, nora goazen... Ondo dator gelditzea eta gauzak nola egin finkatzea. 

J. Hilero elkartzen gara lanen jarraipena egiteko, eta bazterrean ez uzteko. Pixka bat jarraitzen ez baduzu, pitteka uzten joaten zara eta geroko gero da. Zure burua behartzen duzu: “data honetarako garbiketa egin beharra dugu, gaztainondoei babesak jarri behar dizkiegu...” Zer egin behar den esan bai, baina betetzeko konpromisoa hartu ere.   

A. Ispilu lana egiten diogu elkarri. Eta protokolo antzeko bat jartzea, hainbat lan nahiko sentsibleak baitira. Esate baterako, kimatzea edo txertaketak. Gehienbat gaixotasunik ez kutsatzeko. Lan horiek egiteko argi izan beharko dugu desinfekzioa, bai tresnena bai txertatu behar dugun adarrarena... Lan horietan nola jardun jakiteko ados jarri ginen ere eta hori protokolo bat egin dugu. Bitartean jarraitzen dugu. Zerbait ondo ateratzen bada, primeran. Zerbait gaizki ateratzen bada, ikasten dugu eta hurrengo baterako moldatzen dugu. 

S. Oso ongi moldatzen gara. Batak bestea lagundu, erakutsi, ikasi; azkenean, dena. Sakanan jendea sozialki mugitzeko ere balio du. 

Herri gehiago batu dira egitasmora?
A. Proiektu hau jada amaitzear dago, baina ikusi da ibarreko beste herri batzuetan interesa badagoela: Uharte Arakil, Lakuntza eta Urdiain. Badirudi apustu egin behar dutela eta antzeko zerbait egin behar dutela gaztainadiak berreskuratzeko. Alde horretatik pozik gaude egin dena beste herrietan errepikatzeko balio dezakeelako. 

S. Orain sartuko dira ere Basaburua eta Lekunberri aldekoak. 

Partzelak zeren arabera aukeratu zenituzten?
A. Irizpide nagusia izan zen garai batean bertan gaztainadia egotea, edo jarraitzea. Herrian gaztainadiak non dauden jakinda, bakaikuarrok Laguntza dermioaren aldeko apustua egin genuen, gehienbat herritik gertuago dagoelako, eta pentsatzen genuelako gertuago zegoenez, jendea ere gehiago animatuko zela. Baina ahuntzetxe inguruan ere gaztainondo ederrak daude, irisgarria da, baina han dago. 

S. Bargan dugu gaztainadi handiena. Baina Madalen haitzeko malda horretan, herrien arteko elkarrekiko lurretan ere bazeuden arbola batzuk, herrikoak. Guk bargakoa berreskuratu dugu. Bi hektarea, edo gehiago, garbitu ditugu. Lehen etxe bakoitzak bere arbolak zituen. Guk ez dugu hori nahi, denondako izatea nahi dugu. 

J. Madalen Haitzek itzala egiten dio proiekturako aukeratu dugun eremuari. Zelaiena da, baina herritik urrunen dagoena da. Gaztainondo guztiak oso zahartuta eta oso gaizki daude. Baina, dirudienez, jarraipen faltagatik da.


Txertatutako gaztainondoa. UTZITAKOA

Laguntza duzue? 
A. Proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatu du. Intiak antolatutako prestakuntzak egin dira. Gure kabuz lanak egiten ditugu, baina administrazioaren laguntza egotea ezinbestekoa da. Sakanako Garapen Agentzia lehen urteetan jo eta ke aritu izan da. Bere gain hartu zituen koordinazio lanak eta hori guztia. Gaur egun ez da zuzenki parte hartzen ari, baina, zerbait antolatzen bada, zabalkunde lanak eta hori guztia egiteko prest dago. 

J. Efren Martin Martin (Villuercas, Caceres) teknikoa urtean hirutan etortzen da. Hitzaldi bana egiten du herri bakoitzean. Hitzaldi irekiak dira eta herrikoak eta kanpokoak joaten dira. Jende asko elkartzen da, Sakanakoa, Basaburua eta eskualde askotakoak. Hitzaldien ondoren, mendian txertaketa praktikak egiten ditugu. 

S. Intiak eta Sakanako Garapen Agentziak lagundu ziguten sasi garbiketa handi bat egiten. Dirulaguntza. Eta ikastaroak eta ikastaroak egiten ari gara. 

Proiektuaren orain arteko balorazioa zein da? 
J. Gaztainondo gazteen zaintza eta mantentzea ikasteko, proiektua ongi dago. Pozik gaude. Zuhaitz zaharrekin ere izan dugu. Kanpotik kimatzera etorri dira. Erakusten dute, baina arbolara sokekin eta bestelakoekin igo beharra dago. Izugarriak diren arbola horietan kimaketak egitea oso zaila da. 

S. Ona. Arbolei buruz orokorrean, bai gaztainondoei buruz, pila bat ikasi dugu. Ez zen guk pentsatzen genuena, mundu bat dago hor! Aurreko urteetan egindako lana nabaritu dugu, nahiko ongi berreskuratu dira gaztainondoak, eta, ikusten da, gaztaina gehiago eman dituzte. Bati aldamenekoak kendu dizkiogu, eta arbola bakarretik Olentzero eguneko gaztaina ia denak atera ziren. 

A. Sare bat sortu dugu, ez da gutxi. Lortu dugu denok elkartzeko denbora tarte bat hartzea, bidean ikasitako guztia komunean jartzeko gauzak: barietateak, txertaketak, gaztainondoaren inguruko informazio guztia. Intiak antolatutako prestakuntza saioetara kanpoko jendea ere etorri da eta, ondorioz, jende gehiago ezagutzen duzu, beste tokietan nola egiten duten ere ikasten duzu. Gauza asko dira. 


Txertatutako gaztainondoa. ARTXIBOA

Beste bi herrietatik zer hartuko zenuke zure herrirako?
S. Bakoitzak gure filosofia dugu. Guk, momentuz, gure barietateekin mugitu nahi dugu. 

J. Bietan makinarekin kendu dituzte sasiak, gurea baino garbiago utziz. Gurean ez dago horretarako aukerarik. Adar batzuk jaso eta pilatuta uztea erabaki genuen. 

A. Zerbait aipatzearren, nire ustez, hiru herrietan jende gehiagoren parte hartzea faltan bota dugula. 

Aurten zer pauso emanen dituzue? 
J. Egiten ari garenari jarraipena eman. Loratzen direnean ikusi zein txertok hartu duen. Balio ez duen zatia moztu eta txerto horiei jarraipena egin. Irintarren laguntza behar dugu. Herrian hitzaldiak ematen segi beharra dugu, jendearekin hitz egiten segi, jendea elkartu. Ea lortzen dugun gazteak bustitzea, ezagutu dezatela. Agian 10-12 urte arteko haurrei txertaketak egiten erakutsiko diegu, haiek txertatutako arbolei jarraipena egin diezaieten. 

S. Joan zen urtean gaztainak jaso eta negutegi batean jarri genituen. Orain birlandatzen, mendira pasatzen, gabiltza. Bertako barietateak dira. Lehengo arbolei kimaketa batzuk egin dizkiegu, nola hartzen duten ikusteko. Eta txertaketa, arbola zaharretik hartutako adarrak berrietan sartzen ari gara.

A. Prestakuntza saioak gelditzen dira. Irekiak dira, eta interesa lukeen edonork joateko aukera izango luke. Eta txertaketak geldituko lirateke, bai udaberrikoak, bai udakoak. Bestalde, konpetentzia murrizteko, gaztainondo ingurua garbitu behar da, batez ere gaztainondo zaharrei bizia emateko. Udazkenean gaztainak jasoko ditugu, hurrengo neguan zer landatu izateko. 

J. Pagoak epaitzetarako aterako dituzte. Aztertzen ari gara hura garbitu eta berreskuratzeko beste eremu bat egingo ote dugun. Hor, nik uste, garbiketa egiteko makineria sartu beharko litzatekeela. Orain arte egin duguna, gutxi gorabehera, hektarea bat da.


Bakaikuarrak gaztainak biltzen.


Gaztainondoez

Barietateak daude?
A. Bai. Bakaikun hiru ezagutzen ziren: saboia, inurria eta latxa. Nolabait, herri bakoitzak bereak zituen. Baina Nafarroako Gobernuak laginak hartu zituen eta genetipoa egin zuen, genetikoki ikusteko barietateak benetan barietateak ziren, edo antzekoak ziren. Eta ikusi da Sakanan Nafarroako beste gaztainondo eskualde batzuekin bat egiten duten lau barietate daudela: bentolatza, xertagorri, hostabeltza eta iñarbeltza.

J. Bai. Nafarroako Gobernuak Irañetako zortzi arbolen genotipoa egin zuen eta hiru barietate atzeman zituzten: bentolaza, hostabeltza eta xertagorri. Nafarroan uste dut hemezortzi barietate azaldu direla. 

Nola hasi zineten?
J. Bilketa uztean, arbolak hazi ziren, gora egin zuten. Berez etorri diren gaztainondoak ere goraka egin dute. Eta atzetik etorri diren zuhaitzek tapatu dituzte eta ez dute utzi gaztainak behar bezala egiten. Badaude gaztainak, jasotzen dira, baina ez lehen bezala. Garbiketa izan zen lehen lana. Bestalde, dentsitate gutxien zegoen tokian arbola batzuk landatu ditugu. Heldu den urtean txertatuko ditugu. 

S. Garbitzeko kontzejuak han epaitzak egin zituen, jendeak zuhaitzak kendu gaztainondoei espazio gehiago uzteko. Gero pixka bat kimatu genituen.

A. Nola jardun ez genekienean, gure aldetik landaketa batzuk egiten hasi ginen. Galiziatik ekarritako gaztainondo batzuk landatzen hasi ginen. Hibridoak ziren eta hainbat gaixotasunen kontrako erresistentzia pixka bat zuten. Horien aldeko apustua egin genuen. Baina urteak aurrera joan ahala, eta, batez ere, proiektu pilotuarekin azken hiru urteetan, gehiago ikasi dugu eta, momentu honetan, bertako gaztainondoen aldeko apustua egiten dugu. 

Hibridoak utzi eta bertako landareen alde egin duzue, zergatik? 
A. Hibridoa ez litzateke bakarrik Castanea sativa izanen (gaztainondoaren zientzia izena), japoniarraren kutsu bat izango luke. Txertaketak egiten dituzunean, genetikoki zerbait desberdina sartzen diozunean, batzuetan txertoak ez du ondo hartzen. Txankroarekin (gaztainondoen gaixotasun bat) hemengo zuhaitzek halako erresistentzia puntu bat sortu dute. Beraz, zergatik ekarri kanpotik? Kanpotik, mintegietatik, ekartzen dituzun landare horiek, printzipioz ziurtatutakoak dira, baina gaixotasunak ekar ditzakete ezkutuan. Eta nahigabe gaixotasun bat sar dezakezu gaitzik ez dagoen toki batean. Erabaki genuen hemengo landareen aldeko apustua egitea. Hiltzen badira, hiltzen dira. Hurrengo urtean berriak jarriko ditugu. Ez da ezer gertatzen. Momentuz horren aldeko apustua egin dugu. 

Txertaketak. Ikastaroa eginda adituak zarete? 
J. Ikusi dugu txertaketa batzuk hartu dutela, beste batzuek ez. Baina hartzen duenari jarraipena egiten diogu. Horretan jarraitu behar dugu. Otsailean edo martxoan beste txertaketa batzuk eginen ditugu.

A. Oraindik ikasten ari gara. Gainera, bakoitzak bere modura egiten du. Jakin txertatzen diren hamarretatik apika batek egiten duela aurrera. Hori da gure arrakasta maila momentuz. Baina probatu beharra dago, eta hor gabiltza. 


Bi ihebardar landatutako gaztainondoa babestu ondoren. UTZITAKOA

Gaitzak baditu? 
J. Bi dira. Hemen, dirudienez, tintarik ez dago, edo oso gutxi dago. Lurretik heldu den onddo bat da, gaztainondoa hiltzen duena. Zainetatik hasi eta, azkenean, arbola lehortzen du. Beste gaitza txankroa da. Oso presente dago. 

S. Ikusi dugu eskualdean tintarik ez dugula, baina txankroa bai. Esan digutenez, dagoen txankroa ez da oso erasokorra, eta nahikoa ongi daramagu. 

J. Ikastaroak ematen dituen Martin harrituta gelditu da. Zuhaitz bateko adar baten zati bat lehortuta egon daiteke, txankroak izerdia igotzen uzten ez diolako. Baina adar lodi askotan ikusi denez, goiko partea berde dago. Hau da, txankroa du, baina gainditu du. Arbola bera immunizatu egiten da. 

A. Bi gaixotasunek elkarrekin nahiko gogor jo zituzten gaztainondoak. Proiektuarekin hasi aurretik herriko zaharrek esaten zuten: “gaztainondoak jada hilda daude, ez du merezi”. Baina ikusi da gaztainondoaren ingurua pixka bat zainduta, hau da, argia sartzen utziz, aireztapen moduko bat sortuz, inguruko landaredia garbituz... erantzuten duela. Kudeaketa da gakoa. 

Zer erabilera ditu gaztainondoak?
A. Momentuz, helburua da gaztainadiak berreskuratzea. Baina gaztainondotik ia-ia dena aprobetxa daiteke. Ezaguna da gaztainondo egurra, nahikoa erresistentea da, deskonposatzea kostatzen zaio. Horregatik eraikuntzan-eta erabili izan da, eta gaur egun ere  erabiltzen da. Bere loreengatik erlauntzak dituztenendako interesgarria da. Hostoak, iratzeekin batera, abereen oheak egiteko erabiltzen ziren. Adar finenak, saskiak egiteko. Gaztainondotik ia dena aprobetxa daiteke. Baina, momentuz, gure helburua da berreskuratzea eta mantentzea. 

S. Batzuk gaztainaren ekoizpenerako dira, eta beste batzuk piketeak egiteko. Gurean denetarik. Gaztainak guk danbolinean eginda jaten genituen. Baina orain ikusi dugu irina egin daitekeela. Aurrekoan esan ziguten bakarren batek kroketak egin dituela. Ez da bakarrik jateagatik, pixka bat mugitzea da. 

J. Nik ez diot etorkizunik ikusten. Funtzionatzeko bakarren batek ustiatzeko ideiarekin hartu beharko luke gaztainadia. Jendeak ez du horrelako beharrik. Jendeak lan egin eta ez du beste beharrik, aisialdia. Gure gurasoen garaian soroko lanez aparte, batean eta bestean lan egin beharra zuten aurrera egiteko. Aukeretako bat da gaztaina ekoizpenera bideratu beharrean zuretarako bideratzea. Gaztainondoaren zurak balioa du, baina kopuru txikia dago eta inor ez dago prest makineria sartu eta hori ateratzeko. 

Gaztainondoei beste begi batzuekin begiratzen diozue?
A. Nik, behintzat, bai. Eta espero dut herrikoekin ere bai. 

S. Bai. Aurrekoan hiru herrietakoak elkartu ginen hitz egiteko. Esaten genuen: gu hasi ginenetik orain arte mendia eta gure pentsatzeko modua aldatu dira.