Pilota

Hil ala biziko jardunaldia

Guaixe 2025ko urt. 24a, 09:49

Albisu, Peña, Peio Etxeberria eta Martija, material aukeraketan. ASPEPELOTA

Peio Etxeberriak eta Martijak irabazi beharra dute Binakakoan aukerekin jarraitzeko; Ezkurdia-Rezustak lehen bi postuetan jarraitu nahi dute; eta Elordi-Zabaletak bigarren postuari begiratzen diote

Peio Etxeberriak eta Martijak Peña II.a eta Albisu irabaztea derrigorrezkoa dute Binakako Txapelketako play-offetan sartzeko aukera izan nahi badute. Gaur, ilbeltzak 24 jokatuko da partida, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan, eta nafarrendako, soilik puntu bakarra dutenez, hil ala bizikoa da. Geratzen diren lau jardunaldiak irabaztea, ez dute besterik. Martijak eta Peñak hiru puntu dituzte, eta play-offetan sailkatzeko urrezko puntua litzateke Hendaiakoa. Beraz, aizkorrak zorroztuta iritsiko dira bi bikoteak. 

Ezkurdia eta Rezusta kontrako egoeran daude. Sailkapenean bigarrenak dira, zortzi punturekin, Laso eta Iztueta liderrekin puntutara berdinduta. Jaka eta Imaz dituzte aurkari larunbatean Labriten, eta ez da partida lasaia izango. Ezkurdia-Rezustak irabazi nahi dute, lehenengo bi postuetan jarraitu eta hortik zuzenean finalerdietara sailkatzeko, eta Jaka-Imazek bosgarren puntua lortu nahiko lukete, play-off postuetan sendotzeko. 

Sailkapenean hirugarren eta zazpi puntu dituzten Elordi-Zabaletak, bestalde, sailkapenean laugarren eta sei puntu dituzten Artola-Mariezkurrena aurkari zuzenen kontra jokatuko dute larunbatean Markina-Xemeinen. Asko dago jokoan, eta partida estua espero da. 

Bukatzeko, Laso-Iztueta liderrek sailkapenean azken aurrekoak diren Altuna-Aranguren izango dituzte aurkari igandean Astelenan. Altunaren presentzia zalantzan dago oraindik, aste honetan gastreoenteritisak jota egon baita. Berak egoterik ez balu, litekeena da Zabalak hartuko lukeela bere tokia.