Binakako Txapelketan ez da oraindik ezer erabaki. Hasierako ligaxkako hamaikagarren jardunaldia espero bezain ikusgarria izan da eta bide onean segitzen dute pilotari sakandarrek; soilik Elordik eta Zabaletak egin zuten kale, baina sailkapenean hirugarren segitzen dute.
Hasteko eta behin, Ezkurdia eta Rezusta jarri dira sailkapeneko lider (9 puntu), larunbatean Labriten jokatutako partida ikusgarrian Jakari eta Imazi 22-13 irabazi eta gero. Lehen zatian parez pare aritu ziren bi bikoak, zazpi aldiz berdindu zuten. Partidaren erritmoa oso bizia zen, baina lehen zatian eroso ibili ziren lau pilotariak. Ezkurdia fin, baita Jaka ere, eta atzeko koadroetan Imazek Rezustaren enbatari aurre egin zion. Bigarren zatian, ordea, gorriek erritmo bizian segi zuten, baina Aspekoei nekea nabaritu zitzaien, batez ere egin zituzten akatsetan. Ezkurdia fin ibili zen errematean, eta Rezustak agindu zuen atzean. Horrela, gorriek urdinak ito zituzten.
Bestalde, Elordi-Zabaletak eta Artola-Mariezkurrenak lehia oso bizia izan zuten Markina-Xemeinen partida bukaeraraino, baina azkenean Artola-Mariezkurrena gailendu ziren, 22-18. Zabaleta eta Mariezkurrena egungo atzelari sendoenak dira eta lehia handia izan zuten; azkenean, Mariezkurrena gailendu zitzaion Etxarrengo atzelariari, nahiz eta partida hasieran Berriozarkoak mugimendu txar baten ondorioz belaunean sustoa izan. Zorionez, ez zen ezer larririk izan. Lehen zatian Artola-Mariezkurrena gailendu ziren, baina berehala partida parekatu zen. Bukaerara arte, emozio handia izan zuen lehiak, azkenean 22-18 Artola-Mariezkurrenaren alde erori zena.
Azkenik, Peio Etxeberriak eta Julen Martijak txapelketan bizirik jarraitzen dute, ilbeltzaren 24an, Hendaian, Peñari eta Albisuri 12-22 irabazi eta gero. Etxeberriak eta Martijak euren bigarren puntua lortu zuten, txapelketan oraindik bizirik jarraitzeko aukera eman diena. Hori bai, hemendik aurrera dituzten hiru jardunaldiak irabazi beharko dituzte play-offetan sartu ahal izateko. Partidari dagokienez, Etxeberria eta Martija serio hasi ziren, ezer gutxi oparitzeko prest, eta Peña eta Albisuk, aldiz, ohi baino opari gehiago egin zituzten. Horrela, ia konturatu gabe 2-11 aurreratu ziren Etxeberria-Martija, eta nahiz eta Peña-Albisu 6-11 gerturatu, bigarren zatian nafarrak oso fin ibili ziren eta 12-22 irabazi zuten, txapelketan bizirik egotea ahalmentzen diena.
Datorrena
Sailkapenean Ezkurdia-Rezusta dira lider (9 puntu), Laso-Iztuetaren (8 puntu) aurretik. Elordi-Zabaletak eta Artola-Mariezkurrena II.ak zazpina puntu dituzte. Behean, Jaka-Imazek eta Altuna III.a-Arangurenak launa puntu dituzte, Peña II.a-Albisuk 3 puntu eta P. Etxeberria-Martijak 2 puntu.
Binakako hasierako ligaxkako hamabigarren jardunaldian, Ezkurdia-Rezustak Peña II.a-Albisu dituzte aurkari ilbeltzaren 31n Oñatin. Peio Etxeberria-Martijak Jaka-Imazen kontra jokatuko dute otsailaren 1ean Labriten, eta egun berean Elordi-Zabaletak Laso-Iztueta dituzte aurkari Idiazabalen. Bukatzeko, otsailaren 2an Altuna III.a-Arangurenek Artola-Mariezkurrenaren kontra jokatuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan.