Futbola

Altsasuk eta Lagun Arteak irabazi, eta Etxarrik berdindu

Guaixe 2025ko urt. 28a, 12:00

Lagun Artea seigarren postura igo da.

Erregional mailako hamazazpigarren jardunaldiak 7 puntu utzi ditu Sakanan

Erregional mailan aurreko asteko puntu banaketa berdina utzi du hamazazpigarren jardunaldiak. 

Altsasu liderrak galtzea zer den jakin gabe jarraitzen du eta bere hamaseigarren garaipena lortu zuen Universidad de Navarra B taldeari Dantzalekun 5-0 irabazi eta gero. Hasieratik gailendu zen Altsasu, eta Unai Calvo (2), Aitor Augusto, Imanol Lobo eta Asier San Roman golegileei esker, beste garaipen garrantzitsua lortu zuten gorriek. 

Etxarri Aranatzek Lekunberriko Beti Kozkor taldea hartu zuen San Donato zelaian. Lehia biziko partida izan zen, eta Lekunberrikoak izan ziren 22. minutuan aurreratu zirenak. Lehen zatian markagailuan ez zen mugimendu gehiago egon. Bigarren zatian Etxarri berdintzen saiatu zen, baina 52. minuturaino itxaron behar izan zuten zaleek. Jon Erdozia izan zen berdinketaren gola sartu zuena. Hortik aurrera bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Azkenik, Lagun Arteak Soto Lezkairun jokatu zuen Mendillorriren kontra. Lakuntzarrak gustura jokatu zuten, eta berehala sortu zituzten gol jokaldiak. 17. minutuan Asier Artasok Lagun Artea aurreratu zuen, eta 0-1arekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian joera berberarekin jarraitu zuen partidak. 68. minutuan Asier Artasok Lagun Artearen bigarren gola sartu zuen, baina minutu berean Mendillorri 1-2 hurbildu zen markagailuan. Lagun Arteak ez zituen 3 puntuak ihes egiten utzi nahi eta Mikel Ieregik 70. minutuan 1-3koa ezarri zuen. Bukaera aldera, 88. minutuan, Yonatan Davilak Lagun Artearen laugarrena sartu zuen. Horrela, 1-4 irabazita itzuli ziren lakuntzarrak Soto Lezkairutik. 

Datorrena
Sailkapenean, Altsasuk lidergoa sendotu du (49 puntu). San Jorge da bigarrena (44 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarrena (39 puntu). Lagun Artea seigarren postura igo da (29 puntu).
Hemezortzigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamargarren den Arga Ibaia taldea hartuko du otsailaren 2an, igandea, 15:30ean Dantzalekun. Eta Etxarri Aranazko San Donato zelaiak Etxarri Aranatzen eta Lagun Artearen arteko derbia hartuko du otsailaren 1ean, larunbata, 15:45ean.