Bi urte eta erdiren ondoren, Euskaraldiaren laugarren edizioa maiatzaren 15etik 25era izanen da. Ariketa sozialak, atzera ere, euskara erdigunean jarriko du hamar egunez. Bide batez, ahobizi eta belarriprest rolen bitartez, herritarren ilusioak eta zailtasunak, lorpenak eta kontraesanak azalerazten ditu.
Eraberrituta heldu da aurtengo Euskaraldia. Batetik, udazkenean ospatzetik udaberrian ospatzera pasa da. Bestetik, antolatzaileek euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dute. Hau da, "Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala indartu" nahi dute antolatzaileek. Gaineratu dutenez, "euskararen erabileran eragiteko daukagun tresna, bide eta modu masiboena da Euskaraldia". Azaldu dutenez, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartutakoak. Atzenekoan, 2022koan, esaterako, 2.142 sakandar ados jarri ziren eta euskararen erabilera handitzeko ariketa kolektiboan parte hartzeko. Euskara milaka pertsonari inporta zaigunaren seinale.
Lakuntza eta Lizarraga
Euskaraldiko webgunean asteazkenean kontsulta eginda, Sakanako hamabost udalerrietatik lau besterik ez zeuden Euskaraldian izena emanda: Lakuntza, Etxarri Aranatz, Iturmendi eta Altsasu. Mapa horretan ez dira kontzejuak agertzen, baina, esate baterako, Lizarragako Euskaraldia batzordea martxan da. Bertako kide Idoia Gurutxarri Senarrek azaldu duenez, "gurea bezalako herri txiki batean kultura batzorde bat dagoela esan dezakegu, talde irekia da non momentuko beharren eta nahien arabera parte hartzen den, auzolanean. Euskara, euskal kultura eta herri giroa bulkatzen duen taldea dago. Korrika eta Euskaraldia bezalakoetan parte hartzea eta antolatzearen 'ardura' bere gain hartzen du". Gurutxarrik gaineratu duenez, Sakanako Euskaraldia batzordean parte hartzen dute ere. Aurreratu duenez, Lizarragan Euskaraldiaren berri eman eta aurkezpena eginen dute otsailaren 8an. "Trikitixa festa dago eta herri txikia izatean, halakotan biltzen gara jende gehiena, halakoak probestu behar ditugu!"
Lakuntzak izena eman du. Baina Euskaraldia antolatzeko deialdirik ez dute oraindik egin. "Aiaupenanik euskara taldean hitz egingo dugu lehenengo. Herrian Euskaraldia Batzordea osatu nahi dugu hainbat norbanako eta talderekin", azaldu du Ainara Lopetegi Lopezek. Bi herriek aurreneko Euskaralditik parte hartu dute Euskaraldian. Gurutxarrik nabarmendu duenez, "jarraitzea garrantzitsua iruditzen zaigu, guk ere ariketa erraldoi horren parte izan nahi dugu". Kezka bat ere azaleratu du: "euskararen erabileraren inguruan ere kezka badagoela esanen genuke. Euskaraldia eta beste ekintzak ere, Korrika adibidez, ezinbestekoak dira jendea kontzientziarazteko. Urtean zehar erabilpenean erlaxatuago dabilena halakoetan kontzientziatzen dela eta euskarari dagokion balioa ematen diola uste dugu. Bestalde, pertsona ez euskaldunen jarrera proaktiboa baloratzeko ere garrantzitsua dela iruditzen zaigu", nabarmendu du. Lopetegiren iritziz, "Euskaraldia Lakuntzarentzat ariketa interesgarria da. Ezagutza eta erabilera datuen artean alde handia dago. Eta ohiturak aldatzeko gune edo espazioak sortzeko aukera paregabea da Euskaraldia".
Data aldaketaz
Bi euskara aktibatzaileek egoki jo dute Euskaraldia azaroa eta abenduan egitetik maiatzera pasatzea. "Udaberrian kalean gauzak egiteko aukera hobetzen du, ondorioz, euskararen erabilera sustatzeko ariketa ikusgarriagoa izan daiteke", nabarmendu du Lopetegik. Ez, ordea, gaztigatu gabe: "maiatzean agenda gainezka egoten denez ekintza horiek ere aprobetxatu beharko ditugu". Lizarragan galeratxo bat sumatzen dute: "gure kasuan Euskaraldiaren hasiera bat zetorren San Klemente festen hasierarekin eta une hori herri guztiarengana iristeko aitzakia eta momentu oso ona zen. Lehen esan bezala, herri txiki hauetan jai girotan biltzen gara herritar gehienak eta aukera ona izaten da ekintzak egiteko eta euskara jai giro horietan indartzeko". Gurutxarrik azaldu duenez, "aurten udaberri aldera hasiko denez, zerbait prestatuko dugu, saiatuko gara ahalik politen eta parte hartzaileena egiten!"
Euskaraldi bakoitzak bere leloa du. Aurtengoa elkar mugituz egingo dugu da. Leloak zer iradokitzen dien galdetuta, Lopetegik: "euskarak aurrera egiteko elkarrekin egin beharko dugu, norabide berean". Lakuntzarrak gaineratu duenez, "erabilera sustatzeko beharrezkoa da talde inplikazioa". Lizerratarrak gaineratu duenez, "elkarrekin beti ere are indar eta ikusgarritasun handiagoa ematen da". Gurutxarrik nabarmendu duenez, "batak bestearen aitzakiarekin eta laguntzarekin euskaraz gehiago egingo dugulakoan gaude, talde ariketan partaide izatean babestuago sentiarazten zaitu eta horrek indartzen gaitu eta euskara laguntzen du".
Sakandarrak
Euskaraldia batzordeek euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dute. Aurreko hiru edizioek erakutsi dute ariketa eraginkorra dela, milaka herritarrek hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz aritu zirelako Euskaraldian, eta ondoren hartutako ohitura horiek mantendu zituztelako. Hau da, hiztunak ahalduntzen laguntzen duen ariketa soziala da. Eta, aldi berean, Euskaraldiak erakusten du euskararen biziberritzeko prozesuan parte hartzeko milaka euskal herritarrek nahia dutela, parte direla.
Horren jakitun, Lizarragako Euskaraldiko batzordeko kideak eskatu du lizerratarren "parte hartze aktiboa eta inplikazioa bai euskararen erabileran, bai besteetan. Parte hartzea, azken finean, herria bizirik mantentzea delako, denon artean herria egitea da. Gainera, Lizarragaren herri identitateak euskararekin lotura estua du, ezin dira bata bestea gabe ulertu". Lakuntzako batzordeko kideak eskatu du "euskararen aldeko jarreratik pauso bat eman eta erabiltzera pasa gaitezen". Lopetegik gaineratu duenez, "gure kasuan, euskalkia ez galtzeko lanean gaudenez, horri ere bere tokia emango diogu Euskaraldian".
Hizkuntza inertziak ez dira oso begi bistakoak, baina oso errotuta daude. Euskaraldia ez da horiek aldatzeko kanpaina bat, edo festa bat. Euskaraldia egun jakinetan egiten den ariketa soziala da. Euskararen lurralde osoan egiten da, makina bat ahobizi eta belarripresten parte hartzeari esker. Ariketa sozial ezinbestekoa da Euskaraldia, baina ez da nahikoa. Dinamika gizartean eta denboran zabaltzeko aukera ederra da hauxe bera.