Hasteko, 70 langabe gehiago

Iune Trecet Obeso eta Alfredo Alvaro Igoa 2025eko otsailaren 6a

Telekomunikazioko langilea kablea sartzen.

Langabezia %8,58 igo zen; gizonezkoena %7,45 igo zen eta emakumezkoena %9,31. Hamar langabetuetatik sei emakumezkoak dira. Emakumezkoak izan ziren kontratu gehien sinatu zituztenak: %53,20

Joan zen urtea 886 langaberekin despeditu genuen, aurreko urtean baino 70 pertsona gehiago zeuden lana bilatzeko izena emanda. Langabetuetatik emakumezkoak 540 (%60,95) dira eta gizonezkoak 346 (%39,05). Enplegu bulegoei erreparatuta, Altsasukoak urtea 752 langaberekin bukatu zuen, aurreko urtean baino 49 pertsona gehiago. Gainontzeko 21 langabeak Arakilgo aldeko zenbait herrietakoak dira, Iruñeko Zabalguneko enplegu bulegoan izena emanda daudenak.

2023ko abenduaren 31rekin alderatuta, 2024ko egun berean Sakanako lau udalerritan jaitsi zen Arakil (sei langabe gutxiago, %15eko jaitsiera), Arruazu (2 eta %50), Ergoiena (1 eta %14,29) eta Iturmendi (1 eta %4,76). Gainontzeko hamaika udalerritan langabeziak gora egin zuen joan zen urtean: Altsasu (22 eta %5,73 gehiago), Irurtzun (21 eta %18,58), Olatzagutia (14 eta %25), Uharte Arakil (6 eta %25), Lakuntza (6 eta %15,76), Etxarri Aranatz (6 eta 8,45). Ibarreko gainontzeko bost udalerrietan langabe bat gehiago izan dute urte akaberan: Irañeta (%100), Arbizu (%3,85), Bakaiku (%12,50), Urdiain (%5,88) eta Ziordia (%16,67).

Langabeen %45,82 altsasuarrak dira. Bi digituko langabezia duen beste herria Irurtzun da, %15,12. Etxarrirrak dira langabeen %8,69 eta olaztiarrak %7,90. Gainontzeko udalerrietan langabezia ibarrekoaren %5 baino txikiagoa da.

Adina
Lan bila dabiltzan sakandarren %53,72 (476) 45 urte baino gehiago dituzte. Hurrengo adin multzoa 25 eta 45 urte arteko langabeena da: %37,81 (335). Azkenik, ibarrean 25 urte baino gutxiago dituzten kopurua %8,47 (75) da. Generoari erreparatuta, adin tarte guztietan emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira. Hamahiru gazte gehiago (%20,97) daude lan bila. 25 eta 45 urte arteko langabeen kopurua 28 pertsonatan igo da (%9,12) eta, azkenik, 45 urtetik gorako 29 langabe gehiago daude (%6,49).

Langabezia Nafarroan 
2024 abendu akaberan herrialdean 30.355 langabe zeuden, aurreko urtean baino %1,2 gehiago. Generoaren arabera, 18.433 (%60,72) emakumezko eta 11.922 (%39,27) gizonezko nafar zeuden lanik gabe. Emakumezkoen artean, langabezia %2,3 igo zen 2024an, eta gizonezkoen artean, berriz, %04 jaitsi zen aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Adinaren arabera Nafarroan langabeziak gora egin zuen adin talde guztietan. Sakanan nafarren %3,05 bizi gara, baina herrialdeko langabeen %2,91 gara. 

Ibarreko kontratazioa
Sakanan 5.532 kontratu sinatu ziren joan zen urtean. Haietatik gehienak, 2.943 (%53,20), emakumezkoen sinadura dute. Gainontzeko 2.589 (%46,80) kontratuak gizonezkoak sinatutakoak dira. 

Sei kontratu mota daude eta horietan erabiliena epe jakin baterako egindako aldi baterako kontratua da. Halako 4.446 (%80,37) hitzarmen sinatu ziren joan den urtean ibarrean. Ohiko mugagabeko kontratuak 691 (%12,49) izan ziren. Eta mugagabe bihurtutakoak, berriz, 265 (%4,79). Hurrengo hiru kontratu motak oso gutxi sinatu ziren Sakanan: aldizkako kontratu finko mugagabeak 82 (%1,48) izan ziren, praktiketarako aldi baterako kontratuak 27 (%0,49) eta prestakuntzarako aldi baterako kontratuak 21 (%0,38). 

Generoa eta kontratu mota aldagaiak gurutzatuz gero, ikusten da kontratu mota guztietan gizonezkoek kontratu pixka batzuk gehiago sinatu zituztela. Salbuespena kontratu gehien ziren mota da: epe jakineko aldi baterako kontratua. Emakumezkoek halako 2.484 kontratu sinatu zituzten eta gizonezkoek 1.962. Hau da, emakumezkoek mota horretako 522 (8,62 puntuko aldea) kontratu gehiago sinatu zituzten. Hain zuzen ere, hor hausten da generoen arteko oreka. Generoen arteko beste bereizgarri bat prestakuntza eta praktiketarako aldi baterako kontratuetan dago. Gizonezkoen artean 18 eta 24 izan ziren, emakumezkoen artean hiruna. 

Sektoreei erreparatuz gero, hamar kontratutik sei (3.466, %62,65) zerbitzuen arloan sinatu ziren. Industriako kontratuak 1.864 (%33,69) izan ziren. Kontratuen kopuruari dagokionez, gainontzeko bi sektoreekiko aldea handia da: eraikuntza 147 (%2,66) kontratu ziren eta lehen sektorean 55 (%0,99).