Txirrindulari profesionalek 2025 denboraldiari ekin diote. Ohi bezala, Australiako Tour Down Under probak mustu zuen egutegia, urriaren 19an Eibarko Sari Nagusiak itxiko duena. Afizionatuen tropelak asteburuan ekin zion lanari, Iparraldeko Essor Basque lasterketaren lehen proba otsailaren 2an jokatu baitzen, Kanbon.
Txirrindularitza ikuskizuna, beraz, martxan dago, eta aldaketa handiak izan dira Sakanan.
Sei sakandar gutxiago
Joan zen urtetik hona goitik behera aldatu da panorama. 2024an tropel profesionalean lau txirrindulari sakandar zeuden, eta afizionatuetan bederatzi txirrindulari sakandar. Aurten, ordea, kopurua askoz ere baxuagoa da: tropel profesionalean hiru sakandar daude, eta afizionatuen tropelean, aldiz, lau txirrindulari.
Hiru profesional
Igor Arrietak (UAE Emirates) profesional gisa laugarren denboraldia du, eta UAE Emirates taldean bigarren denboraldia egingo du. Uharte arakildarrak jauzi kualitatiboa egingo du, lehenengoz arituko baita itzuli handi batean, Italiako Giroan hain zuzen ere. Murtzian mustuko du denboraldia, otsailaren 15ean.
Iker Mintegi altsasuarrak (Euskaltel Euskadi) bigarren urtea du profesional, biak Jorge Azanza altsasuarrak gidatzen duen eskuadra laranjan. Dagoeneko 2025 urteko lehen pedalkadak eman ditu Valentzia Komunitateko Klasikoan, eta asteburuan Frantzian ariko da, La Marseillaisen.
Profesionaletan Igor Arrieta, Iker Mintegi eta Ailetz Lasa dira dauden sakandarrak
Ailetz Lasa ziordiarra dugu tropel profesionalean debutatuko duen sakandar bakarra. Afizionatuen mailan sei denboraldi aritu eta gero, Pro Tour kontinental mailako Portugalgo Ap Hotels Resort-Tavira taldearekin egin du salto profesionaletara. Portugalgo aukera probestu nahi du ziordiarrak.
Profesionalen mailan egon diren bajak hiru dira: Gorka Izagirre ziordiarrak (Cofidis) txirrindularitza utzi zuen joan zen urtean, Josu Etxeberria iturmendiarra (Rural Kutxa-Seguros AGR) entrenatzen ari zela izandako istriputik osatzen ari da, eta Etxarri Aranatzen bizi zen Mulu Hailemichael etiopiarra (Rural Kutxa-Seguros AGR) talderik gabe geratu da.
Afizionatuak
Afizionatuen tropelean egon da gorabehera gehien. Aimar Tadeo lakuntzarrak taldez aldatu du eta Euskadi fundazioan ariko da aurten, Finisher taldea utzi eta gero. Kolore berdea gorria, berdea eta txuriagatik aldatu du afizionatuetan bere hirugarren denboraldia izango den honetan.
Bestalde, Mikel Uncilla etxarriarrak bere hirugarren urtea egingo du Rural Kutxa-Alea talde sakandarrean. Aspaldiko partez sakandar bakarra izango du Rural Kutxak. Joan zen urtean Martxel Etxeberria iturmendiarra zuen taldekide, baina Etxeberriak ez du jarraituko.
Afizionatuetan mugimendu gehien egon da. Aimar Tadeo, Mikel Uncilla, Iker Gomez eta Nahia Imaz daude lehian
Jubenil mailatik afizionatuetara salto egin duen sakandar bakarra Iker Gomez altsasuarra da. Quesos Albeniz-Burundako txirrindulariak Finisher taldea aukeratu du amateur mailan debutatzeko, eta kategoria berriari tamaina hartzeko irrikaz dago. Bestalde, Quesos Albenizko Gorka Mintegik azaldu duenez, joan zen urtean talde sakandarrarekin jubeniletan aritutako errioxarrak, Mikel Viloriak, Arabako Sigma taldearekin egingo du salto afizionatuetara.
Bukatzeko, Nahia Imaz da afizionatuen mailan lehiatuko den laugarren sakandarra. Altsasuarrak taldez aldatuko du.
Bajei dagokienez, Martxel Etxeberriaren bajari beste zenbait baja gehitu behar zaie: Adrian Martinez, joan zen urtean Caja Laboralen aritutako lakuntzarra, Jon Gil, joan zen urtean Supermercados Froiz talde galiziarrean aritutako lakuntzarra, eta Aitor Ondarra eta Iker Agudelo, joan zen urtean Hostal Latorre Ederlanen aritutako lakuntzarra eta altsasuarra. Azken orduko aldaketarik ez badago, ez dute jarraituko.
Kirol zuzendariak
Kirol zuzendarietan aldaketaren bat dago. Jorge Azanzak segitzen du Euskaltel Euskadiren kirol zuzendari nagusi, baina aurten bere esanetara Pablo Urtasun kirol zuzendaria izango du, urdiaindarrak Kern Pharma utzi eta Euskaltelera jo duelako. Oscar Guerrero altsasuarrak Israel Premier Tech taldeko kirol zuzendarietako bat izaten jarraitzen du, eta Jose Luis Arrieta kirol zuzendari izatera itzuliko (iaz Decathlon Ag2r taldean egon zen) ez dago argi.
Nahia Imaz Massi Baix Ter taldera
Nahia Imaz Perez txirrindulari altsasuarrak aurrerapauso nabarmena egin du: Bizkaiko Team Zatika Bike taldea utzi eta Kataluniako Massi Baix Ter taldera egin du salto, maila handiagoko taldera.
Txirrindulari altsasuarrak azaldu duenez, "talde berriak beste egutegi bat eskaini dit, eta niretako aukera polita da". Altsasuarrak Valentzian debutatuko du, otsailaren 13tik 16ra UCI mailako Setmana Ciclista - Volta Femenina de la Comunitat Valencianan.
Nahia Imazek iaz Espainiako Erlojupeko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen, eta Nafarroako errepideko txapelduna izan zen. Erlojupekoak gustuko ditu, eta espezialista handia da.