Cederna-Garalurrek hamazazpi enpresa sortzen lagundu zuen 2024an

Guaixe 2025ko ots. 3a, 09:30

Ekintzailea Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko ikasleei azalpenak ematen. ARTXIBOA

Ekintzailetzari laguntzeko eskaintzen dituen zerbitzuaren bidez egin zuen. 

Cederna Garalur elkarteak 32 ekintzaileri lagundu zien joan zen urtean. Haietatik hemeretzi (%59,37) emakumezkoak ziren eta hamahiru (%40,63) gizonezkoak. Ekintzaileei emandako laguntza horren ondorioz Sakanan hamazazpi enpresa sortu ziren joan zen urtean. Eta, ondorioz, hemezortzi pertsonak langile autonomo gisa alta eman zuten ibarrean. Negozio berrien forma juridikoari dagokionez, guztiak banako enpresari eta sozietate irregular gisa eratu ziren.

Elkarteak horretaz aparte ekintzailetza sustatzeko beste zerbitzu batzuk eskaini zituen Sakanan. Hala, urtean zehar, Garalurren Sakanako Ekintzailetzari Laguntzeko Zerbitzura jo zuten bi urtetik beherako antzinatasuna duten dozena bat enpresa eta bi urtetik gorako antzinatasuna duten hamabi enpresa. Bestetik, Cederna Garalur eskualdeko ekintzailetza esperientziak zabaltzen eta dinamizatzen lagundu zuen, eta ekintzailetzarekin lotutako hainbat ekitalditan parte hartu zuen, beste erakunde batzuek sustatutakoak, esaterako Nafarroako Enplegu Zerbitzuak.

Gainera, zazpi tutorial eman zituen ekintzaileei eta autonomoei zuzenduta, kolektibo horiendako interesgarriak ziren gaiei ingurukoak, esate baterako: "Antolatu zure paperak Ogasuna betetzeko" eta "Nola egin zure izapideak online Ogasunarekin ziurtagiri digitalarekin eta fakturen diseinuarekin". Garalurren ekintzailetza laguntzeko zerbitzua eskaintzen du Navarra Emprende Sareko bazkide gisa, eta sarea Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kofinantzatu du. 

Harremanetarako
Arbizuko industrialdean dagoen Utzuganen, Sakanako Garapen Zentroan, dauka egoitza Garalurrek. Astegunetan 08:00etatik 15:00etara hartzen dituzte ekintzaileak, beti ere, aldez aurretik hitzordua eskatuta. Harremanetan jartzeko 639 900 336 (Susana) edo 619 328 264 (Oskia) telefonoetara hots egin edo sakana.admon@cederna.es edo sakana@cederna.es e-postetara idatz daiteke.