Altsasuarra lanean hilda

Guaixe 2025ko urt. 30a, 12:32

Foruzaingoaren patruila ezbeharra izan den tokitik gertu. @Policiaforal_na

Arbizun izan da lan istripua.

Altsasuko 52 urteko gizonezko bat Arbizun izandako lan istripuan hil da gaur. Lan istripua Arbizuko Errekondo kalean izan da ezbeharra, 09:14an. Eraikin bat eraberritzeko lanetan ari dira eta kamioi baten materiala deskargatzeko lanetan ari zirela, pladur xafla batzuek langileetako bat kolpatu dute, eta harrapatzearen ondorioz, gizona bertan hil egin da. LABek zabaldu duenez, luma garabi bateko karga gainera erorita hil da gizonezkoa. 

Etxarri Aranazko mediku taldeak ezin izan du ezer egin hura biziberritzen ahalegintzeko. Larrialdi koordinazio guneak anbulantzia bat eta foruzainak bidali ditu Arbizura ere. . Hildakoaren gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute autopsia egiteko. Foruzainak arduratzen ari dira ezbeharra ikertzeaz.

Erreakzioak 
LABek bere doluminak eta elkartasuna adierazi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei. "Patronalak absentismoaren inguruko diskurtso faltsu bat agenda politikoan kokatu duen bitartean, joan zen urtean 24.000 lan istripu izan ziren aitortuak Nafarroan eta 26 hildako eragin zituzten lan istripuek". LABetik ziurtatu dutenez, "istripu horiek guztiak prebentzio araudia ez betetzeak eragin zituen, enpresen arau hausteek hain zuzen ere. Gaurko istripuari dagokionez, gogoratu behar da eskegitako kargen azpian inor ez ibiltzea behartzen du araudiak, edozein baldintzetan". LABendako aski frogatuta dago: "enpresek ez dutela lan osasunerako araudia betetzeko inongo asmorik".

ELAk babesa eta elkartasuna adierazi die hildakoen hurbilekoei, eta gertatutakoa nahiz egon daitezkeen erantzukizunak argitzeko ikerketa sakonak egin daitezela eskatu du. ELAk gogorarazi duenez, lan istripuetako “heriotza gehienak oinarrizko segurtasun neurriekin saihestu zitezkeela. Atzean patronalaren zigorgabetasuna eta erakunde publikoen konplizitatea daude”. ELAk patronalari eskatu dio lehentasuna eman diezaiola plantillen segurtasunari etekin ekonomikoaren aurretik, eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio uko egin diezaiola Prebentziorako Lurralde Ordezkariaren figura finantzatzeari, eta kopuru ekonomiko nahikoak eslei ditzala Nafarroako enpresetan eta lantokiak ikuskatzeko baliabideak hirukoizteko.

CCOOk babes eta indar mezu bat bidali die hildako gizonaren lankideei eta senideei. Sindikatuak salatu du "enpresak eta botere politikoak ez direla nahikoa egiten ari Foru Komunitateko langileek beren bizitzarekin ordaintzen duten gaitz horri aurre egiteko". CCOOk gertatutakoa "zehatz-mehatz ikertzea eta hildako gizonaren familiari egindako kaltea konpontzea" eskatu du. Aldi berean, CCOOk nabarmendu duenez, "Nafarroak etengabe gora egin du ezbehar-tasaren indizean, pandemiatik irten zenetik". Sindikatuak gogorarazi duenez, "lan istripu guztiak saihestu daitezkeela prebentziotik jarduten bada".

UGTk erabateko babesa eta doluminak adierazi dizkie hil den langilearen familiari, hurbilekoei eta lankideei, eta gertakari horren arrazoien ikerketa sakona eskatu du. UGTko kideendako "premiazkoa da Nafarroak erregistratzen dituen laneko ezbeharren kopuru kezkagarriak murriztea". Horretarako, "beharrezkoa da langile guztiei prestakuntza eta informazioa ematea beren lanpostuari datxezkion arriskuei buruz, eta Lan Ikuskaritzari giza baliabide eta baliabide material gehiago ematea prebentzio arloko araudia betetzen dela kontrolatzeko". UGTk nabarmendu duenez, "lan-ezbeharren aurkako txoke-plan bat behar dugu, bai eta inplikatutako alderdi guztien konpromisoa ere".