Zubiak betetzera deitu du Sorionekuak dinamikak

Guaixe 2025ko ots. 3a, 10:04

Dinamikako kideek zubien ekimena aurkezten. UTZITAKOA

Nafarroako eragile sozial eta politiko orori "euskaratik eta euskararantz zubiak eraikitzeko deia" egin diete. Herrietako zubietan euskararen alde batzera deitu du, "etorkizunera begirako gure konpromisoa erakusteko, euskaratik, euskaraz eta euskararendako".

Euskararen aldeko Sorionekuak dinamika 2023an abiarazi zuten. Nafarroa guztiko hainbat arlotako 30 bat pertsonak, tartean ziren Maialen Huarte Arano eta Anabel Arraiza Artieda, dinamikaren bigarren asmoaren berri eman dute: herrietako zubietan elkartzera deitu dituzte nafarrak maiatzaren 10ean. Azaldu dutenez, zubiak "elkar konektatzeko, ulertu eta maitatzeko dira. Eraiki eta lantzekoak. Zailtasunak gainditzekoak. Aurrera egitekoak".

Sorionekuko kideek "euskarara zubiak eta, batez ere, euskaratik zubiak jaso nahi dituzte; ulerkerara, ezagutzara, etorkizunera zubiak eraiki nahi ditugu". Azaldu dutenez, "geure burua babestu baino gehiago, geure burua eraiki nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararekin, euskararantz. Garenaz harro aurkeztu nahi diogulako geure burua munduari, eta dugunaz harro zuzendu nahi gatzaizkiolako ez daukanari".


Ezkerretik bigarrena Haizea Ramirez de Alda Pozueta (2023ko deitzaileetako bat) eta bosgarrena Anabel Arraiza Artieda.

Dinamikakoek esan dutenez, "etorkizunean Nafarroa izaten jarraitzeko, beharrezkoa duelako eta dugulako euskara". Herritarren arteko berdintasuna aldarrikatzearekin batera, "arduraz aritzea exijitzeko garaia" dela uste dute, "ez bazterketa betikotzekoa. Aldaketarako unea da, eta guztion hautua beharko luke hizkuntza etorkizuneko ulerkerarako zubi eta oinarri bihurtzea". Hizkuntzarendako "dagokin tratamendua" eskatu dute, hau da, "euskaldunon hizkuntza, kultura eta eskubideak errespetatu" behar direla. Uste baitute "nafar guztion hizkuntza dena, bultzatu eta harekiko harremana normalizatzea dela etorkizuneko nafar jendarte horren zutabeetako bat". Euskararekiko gorrotoa indargabetzeko ezagutzean eta hurbiltzea aldarrikatu dituzte. Horretarako, "gauden tokitik eragitera" deitu dute, "euskara zuen arteko zubi ere" bihurtzeko. 

Idatzi hau babesten dugunok nafar jendartearen parte gara, eremu askotakoak. Hainbat arlotan lan egiten dugu eta horien parte gara: kultura, zientzia, kirola, kazetaritza, sare sozialak, hezkuntza, mugimendu sozialak, enpresak... Gurekin batera urrats hau egiteko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori deia egiten dizuegu, euskaratik eta euskararantz zubiak eraikitzeko. Nafar guztiena dena zuena ere badelako, guztioi dagokigulako.