pilota

Hamabigarrena, jardunaldi gogorra

Guaixe 2025ko ots. 3a, 11:20

Zabaleta oso deseroso aritu zen Idiazabalen. ARNAITZ RUBIO

Binakako Txapelketan lehian dauden hiru pilotari sakandarrek galdu egin zuten asteburuan. Ezkurdiak lidergoa galdu du, Zabaletak bi puntura ditu lehen bi postuak eta Etxeberria play-offetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu da

Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako hamabigarren jardunaldian asko zegoen jokoan. Tamalez, emaitzek sortutako ondorioak pilotari sakandarrendako ez dira batere onak izan. 

Hasteko, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak ustekabeko estropezua izan zuten, Oñatin, Jon Ander Peñaren eta Jon Ander Albisuren kontra. Partida paretsu hasi zen, 9-9ko berdinketara arte. Hortik aurrera Baikokoek zanpagailua atera, eta markagailuan ihesi egin zuten: 9-12, 10-18, 10-20... azkenean 13-22 galdu arte. Partida oso gogorra izan zen, Peñak eta Albisuk euren bertsio onena erakusten zuten bitartean, –Peñak ezin hobe probestu zituen izandako aukera guztiak–, Ezkurdia eta Rezusta ez ziren horren fin ibili eta ezin izan zituzten Peña eta Albisu mendean hartu, lidergoa galduz. 

Elordik eta Zabaletak 11-22 galdu zuten Lasoren eta Iztuetaren kontra Idiazabalen jokatutako partidan. Bi bikoak galtzetik zetozen eta jokoan zegoen puntua lortu nahi zuten, sailkapeneko lehen bi postuetan sartzeko aukera izateko. Tamalez, Zabaletak ohi baino opari gehiago egin zituzten. Etxarrengo atzelaria oso deseroso aritu zen, Elordik ez zuen pilota askorik hartzen, eta, ia konturatu gabe, 2-10 aurreratu ziren Laso eta Iztueta. Laso txisparekin zegoen, eta Iztueta oso ziur atzeko koadroetan. Lehen atsedenaldira 3-12 joan ziren Baikokoak, eta bigarrenera 7-18. Azkenean, 11-22 irabazita, sailkapenean lider jarri dira Laso-Iztueta. Zabaletarendako, ahazteko eguna izan zen. “Ez dakit zer gertatu den. Fresko sentitu naiz, baina pilota inolako kontrolik gabe ateratzen zitzaidan eskuetatik: gora, behera, kontrakantxara... ez da modurik egon” azaldu zuen, burumakur. Lehen bi postuetan sartzea maldan gora jarri zaie Elordi-Zabaletari. 

Azkenik, Peio Etxeberriak eta Julen Martijak kolpe latza jaso zuten Labriten, Jakaren eta Imazen kontra 22-18 galdu eta gero. Bikote nafarra play-offetan sailkatzeko aukerarik gabe geratu da txapelketan bizirik jarraitzeko trena galdu eta gero. Partida oso gogorra eta paretsua izan zen, baina Etxeberriak eta Martijak egoerak sortutako urduritasuna ezin izan zuten gainditu, eta Jakaren eta Imazen kontra ezin izan zuten. Azken hauek sendoago ibili ziren jokoan. Etxeberria eta Martijarena kontuan izateko bikotea zen hasieratik, baina ez dute kantxan behar bezala islatu. Partida estu asko xehetasunengatik galdu dituzte, eta eman dutena baino askoz ere gehiago dutela emateko, hori da katedraren sentsazioa. Nolanahi ere, play-offetan sartzeko borrokatik kanpo geratu dira, eta geratzen diren bi jardunaldietan euren itxura onena eman nahi dute, eta taldekideak lagundu. 

Sailkapena eta datorrena
Sailkapenean Laso-Iztueta dira lider berriak (9 puntu), Ezkurdia-Rezusta bigarrenekin puntutara berdinduta. Elordi-Zabaletak eta Artola-Mariezkurrenak zazpina puntu dituzte eta Jaka-Imazek eta Altuna III.a-Arangurenek bosna puntu. Beheko postuetan, Peña II.a-Albisuk lau puntu dituzte, eta P.Etxeberria-Martijak bi puntu. 

Asteburuan hamahirugarren eta ligaxkako azken aurreko jardunaldia dago jokoan. P.Etxeberria-Martijak Artola-Mariezkurrena II.a izango dituzte aurkari otsailaren 7an, ostirala, Tafallako Ereta pilotalekuan, eta egun berean, baina Amorebieta-Etxanon, Elordi-Zabaletak Peña II.a-Albisuren kontra jokatuko dute. Otsailaren 8an, larunbata, Altuna III.a-Arangurenen eta Jaka-Imazen arteko partida erabakiko da Segurako Baratzen. Azkenik, otsailaren 9an, igandea, Eibarko Astelenak Ezkurdia-Rezustaren eta Laso-Iztuetaren arteko lehia hartuko du; hau da, Astelenak liderra erabakiko du.