Erregional mailako laugarren multzoan hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen.
Altsasuk Arga Ibaia taldea hartu zuen Dantzalekun. Lehen zatiko 22. minutuan Eneko Verak Altsasu aurreratu zuen, eta alde horrekin joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. 69. minutuan Julen Floresek sartutako bigarren gola kolpe latza izan zen Arga Ibaiarendako, eta 82. minutuan Aitor Floresek sartutako hirugarrenarekin Altsasu liderrak guztiz lotuta utzi zuen partida.
Etxarri Aranazko San Donato zelaiak Etxarriren eta Lakuntzako Lagun Artearen arteko derbia hartu zuen. Derbi guztiak bezala, partida berezia izan zen, oso borrokatua, bi taldeek dena eman baitzuten. 18. minutuan Mattin Altzelaik Etxarri Aranatz aurreratu zuen. Lakuntzarrak berdintzen saiatu ziren, modu guztietara, baina Etxarrik ongi eutsi zion. Etxarrik zuen abantaila handitzen saiatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta 1-0, puntuak Etxarrin geratu ziren.
Sailkapena eta datorrena
Altsasu liderrak galtzea zer den jakin gabe jarraitzen du (52 puntu) eta San Jorgeri 7 puntu ateratzen dizkio (45 puntu). Etxarri Aranatz da hirugarren (42 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren postura jaitsi da (29 puntu).
Hemeretzigarren jardunaldian, Altsasuk Orkoienen jokatuko du, sailkapenean laugarren den Kirol Sporten kontra, otsailaren 2an. Etxarri Aranatzek, aldiz, Atarrabian jokatuko du, otsailaren 8an, 16:30ean, hamabigarren den Beti Onak B taldearen kontra. Azkenik, Lagun Arteak sailkapenean azkena den Alde Zaharreko kluba hartuko du otsailaren 8an, Zelai Berrin.