Asteburuan lehen maila autonomikoko hamaseigarren jardunaldia jokatu zen. Arbizu Kirol Taldeak Los Sauces hartu zuen Arbizuko kiroldegian eta liderrak ez zuen huts egin: 6-2 irabazi zion Eskirozko taldeari. Lehen zatian parez pare ibili ziren bi taldeak. Beñat Jakak Arbizu aurreratu zuen, baina berehala berdindu zuen Los Saucesek. Hortik aurrera Arbizu nagusitu zen. 6-1 aurreratu ziren Urtzi Nazabal (2), Iosu Reparaz, Jokin Urzelai eta Gorka Ansari esker. Bukaera aldera Los Saucesek bigarrena sartu zuen eta Arbizuk 6-2 irabazita bukatu zen partida.
Altsasuk Tuteran jokatu zuen, Ribera de Navarraren aurka. Partida oso borrokatuan, Xabier Aiestaranek Altsasu aurreratu zuen, baina Ribera de Navarrak 45. minutuan berdindu zuen. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, eta Mohamed Benlamquaddemek Altsasuren bigarren gola sartu zuen 47. minutuan. 1-2 irabazita, 3 puntu gehiagorekin itzuli zen Altsasu.
Arbizu Kirol Taldeak jarraitzen du lider (40 puntu), 3 puntura Altsasu duela (37 puntu). Hamazazpigarren jardunaldian sailkapenean hirugarren den Mendialdearen kontra jokatuko du Arbizu Kirol Taldeak otsailaren 7an, ostirala, 19:30ean, Berriozarren. Altsasuk, aldiz, hamabigarren den Mutilvera taldea hartuko du otsailaren 6an, osteguna, 20:30ean Zelandin.