Jarduera fisikoko eskaintza zabaldu dute

Guaixe 2025eko otsailaren 11

Irurtzundarrak Plazaolako bide berdean paseatzen. Artxiboa

Sakanako Mankomunitatearen Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua beste hiru herritan eskaintzen hasi dira: Lizarraga, Iturmendi, eta Olatzagutia. Gainera, eta Uharte Arakilgo taldea sendotu da

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua eskaintzen du. Haren bidez, sedentarioak diren sakandarrak, gaitz kronikoak dituztenak eta baztertze arriskuan dauden pertsonak aktiboagoak bihurtu nahi dituzte. Izan ere, "sedentarismo tasa oso altua dago". Eta, gainera, "obesitatea gero eta ohikoagoa da. Eta hori biztanleria ez aktibo baten ondorioa baino ez da. Jarduera fisikoa egiteak bizi kalitatean eta menpekotasun atzerapenean onura positiboak ditu". Hala ziurtatu dute Amaia Gerrikagoitia Uriartek, Mank-eko jarduera fisikoko teknikariak. 

Gerrikagoitiak azaldu duenez, "ahalik eta sakandar gehienengana iristeko helburua dugu. Herri handietan bada dagoeneko eskaintza eta orain Sakanako herri guztietara zabaldu nahi dugu". Ahalegin horren emaitza da Kirol Zerbitzuak Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuaren eskaintza Lizarraga, Iturmendi eta Olatzagutira iritsi dela, eta Uharte Arakilgo taldea sendotu dela. "Ziordian taldea sortzeko ahalegina egiten ari gara. etengabeko egokitzapenean ari gara", gaineratu du Gerrikagoitiak. 

Teknikariak azaldu duenez, "hiru herrietan erantzun ona izan du eskaintzak. Jubilatu elkarteekin elkartu ginen zerbitzuaren berri emateko. Eta, Iturmendin, esaterako, dozena bat gizon-emakume parte hartzeko gogoa azaldu zuten". 

Eskaintza
Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuak bost eskaintza barnebiltzen ditu. Alde batetik, kontsultak daude. Elkarrizketa bat da, eta han pertsonaren azterketa fisikoa egiten da. Emaitzaren arabera, pertsona jarduera fisiko antolatu batera bideratzen da, edo berarendako propio prestatutako jarduera fisikoa eskaintzen zaio. Bigarrena eskaintza jarduera fisikoko saioak dira, Daniel Echavarri Manjon kirol orientatzaileak gidatzen dituenak. Hirugarren eskaintza Etxean Bizi da. Izenak dioen bezala, etxean dauden eta mendekotasuna duten pertsonei zuzendutako eskaintza da. Ariketa fisikoa egiten erakusten zaie eta, horren ondoren, kirol orientatzailearen bisita jasotzen du hilean behin edo bitan. Laugarren eskaintza hausturekin du zerikusia. Zehazki hausturak ekiditeko eskaintza da. 80 urtetik gorako pertsonen hezurrak ahulagoak dira. Horren jakitun, kirol orientatzailearekin ariketa fisikoa, oreka, koordinazioa eta indarra lantzeko saioak egiten dira osasun etxeetan, eta talde txikitan. Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuaren azken eskaintza Ttipi Ttapa da. Talde txikitan, paseo bat ematen da eta ibili bitartean indarra lantzeko ariketak egiten dira. 

Gerrikagoitiak azaldu duenez, zerbitzua gaur egun hamaika herrietan dago. Kontsultak Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutian pasatzen dira. Jarduera fisikoko saioak Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Iturmendi eta Olatzagutian daude. Haietako batzuk gidatuak dira. Ttipi Ttapa saioak Irurtzun, Uharte Arakil eta Urdiainen egiten dira. Eta hausturak saihesteko saioak, berriz, Irurtzunen eta Etxarri Aranatzen.  

Mank-eko jarduera fisikoko teknikariak azaldu duenez, "guztira 120 erabiltzaile ditu, baina kopurua egunero eguneratzen da". Azaldu duenez, erabiltzaile horietako asko kontsultatik pasa ondoren hasi dira ariketa fisikoa egiten, "joan zen urtean 70 kontsulta egin ziren", zehaztu du. "Bakarren batek Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuari buruzko informazioa nahi badu, bere medikuari kirol errezetaz galdetu behar dio".