Astekaria

"Patronalari betearazi diezaiotela araudia"

Guaixe 2025eko otsailaren 10a

Altsasun egin zen bilkura. Inko Iriarte San Vicente, ezkerretik lehena.

LAB, ESK, STEILAS, Hiru, Etxalde eta CGT sindikatuek deituta Arbizun izandako lan istripuan altsasuarra hil zela salatzeko elkarretaratzea egin zen. Inko Iriarte San Vicente LABeko Lan Osasuneko arduraduna da.

Nafarroan, dagoeneko, hiru langile hil dira lan istripuan urte hasieraz geroztik. Ilbeltzaren 30ean ezbeharrak Altsasu kolpatu zuen. Sindikatu guztiek senide eta gertukoei atsekabea adierazi zieten, eta  halakorik berriro ez gertatzeko neurriak eskatu zituzten. Altsasun egindako bilkura bidez salatu zuten sei sindikatuk lan heriotza.

Zoritxarrez beste bilkura bat egin beharra. 
Eta, tamalez, ohituta gaude egoera hauetara. Urtetik urtera salatzen gatoz urtero ezbeharren tasa izugarria dela. Joan zen urtean Nafarroan 26 hildako izan genituen, soilik istripuetan. Dagoeneko datua argitaratu dute: 24.000 istripu traumatiko pairatu genituen nafar langileok 2024an. Horietarik erdiak, egun bat baino gehiagoko bajak eragin zituzten. Esan behar da urtez urte errepikatzen direla zifra horiek. Eta sinestarazi nahi digute horien guztien atzean kasualitatea dagoela, baina inolaz ere ezin dugu onartu. Istripu horien guztien atzean kausak daude.

Zein dira aipatzen dituzun kausa edo arrazoi horiek?
Bi arrazoi nagusi daude. Prekarietatea batetik. Lana gero eta gogorragoa, okerrago ordaindua dagoela eta segurtasun bermeak ez zirela eskaintzen. Gainera, salatu behar dugu patronalaren zigorgabetasuna. Europako Lan Osasunerako Araudiak 30 urte ditu eta, modu orokortuan, ez da betetzen. Ez da betetzen eta hori langileok gure osasunarekin ordaintzen dugu.

Zergatik ez da Europako legedia betetzen? 
Hori ulertu behar da, horren atzean erabaki politiko bat dagoela. Erabaki politiko hori da patronala bera babestea. Nahiz eta Europan Prebentzio Legea egon 1997tik, ez dira bitartekoak ipintzen hori betearazteko. Estatuan enpresek lege hori betearazteko erreminta Lan Ikuskaritza litzateke. Datuak, ulertzeko: Nafarroak soilik hamar lan ikuskari dauzka. Ederki ulertu dezakegu hamar lagunek ezin dutela Nafarroa guztia kontrolatu, enpresariak legedia bete dezaten. Eta mezu hori oso ongi ulertzen du patronalak: "guk ez daukagu zertan betebeharrik, oso zaila izango da isunak pairatzea". Eta hori egiten dute, ez bete eta langileek ordaintzen dugu gure osasunarekin.

Horri buelta emateko, zer aldarrikatzen duzue?
Behingoagatik administrazioak patronalari betearazi diezaiola araudia. 30 urte luze horietan patronalak erakutsi digu behartzen ez bazaie ez dutela beteko. Beraz, zigortzeko moduko bitartekoak behar ditugu, isunak jartzeko modukoak, patronalari betearazteko. Inspektore gehiago eta kanpaina zorrotzak.