Afizionatuen tropela martxan da. Otsailaren 1ean 50. Essor Basque lasterketa abiatu zen Iparraldean, urtero amateur egutegia mustutzen duen proba. Essor Basquek bost etapa ditu guztira, eta asteburuan bi jokatu ziren: larunbatean Bokale eta Tarnosen artekoa, eta igandean Kanbon hasiera eta amaiera izan zuen etapa.
Iker Gomez altsasuarrak (Finisher) afizionatuetan debut polita egin zuen, bi lasterketetan aritu zelako, ihesaldietan sartuz. Tarnosen 85. postuan iritsi zen, Gari Lagnet (AC Bisontine) irabazlearen denbora berean (2:25:05), tropel nagusia batera iritsi zelako. Aldiz, Mikel Uncilla etxarriarrak (Rural Kutxa-Alea) ezin izan zuen proba bukatu.
Kanboko bigarren etapa Titouan Margueritatek (Team Atria) irabazi zuen (2:23:58). Aimar Tadeo lakuntzarrak (Euskadi Fundazioa) talde berriaren maillot gorria mustu zuen eta lehiakor eta erasokor aritu zen, ihesaldian sartuz. 61. postuan iritsi zen helmugara (2:24:14), eta Iker Gomez 124. postuan, denbora berean. Sailkapen orokorrean Gari Lagnet doa buruan, Titouan Margueritaten aurretik.
Asteburuan Essor Basqueko gainontzeko hiru etapak jokatuko dira: otsailaren 7an Donapaleukoa, otsailaren 8an Donibane Garazikoa, eta otsailaren 9an Maulekoa.