Etxepare sariak haurrendako album ilustratuak sortzea du helburu. Album ilustratuak dira testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak. Nafarroako hamasei toki entitatetako euskara zerbitzuek antolatzen dute sariketa, Sakanako Mankomunitateak barne, eta saria 5.000 eurokoa da eta Pamiela argitaletxeak lana argitaratuko du. Maiatzaren 9ra arte bidal daitezke lanak.
Etxepare saria lehiaketan sortzaileak bakarka edo idazle eta ilustratzaileek osatutako taldean parte har dezakete; nahi beste lan aurkez ditzakete, euskaraz idatziak, jatorrizkoak eta argitaratu gabekoak. Ez dituzte onartuko moldatutako lanik edo aurretik saririk jaso duenik. Sari hau azken lau deialdietako batean jaso duten idazleen edo ilustratzaileen lanak alde batera utziko dira.
Album ilustratuen formatua librea da, baina ez dira 20 zentimetroko zabalera eta 21 zentimetroko altuera baino txikiagoak izan beharko, eta gutxienez hamabost orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuak ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko (zuriuneak barne). Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez dira album mutuak onartuko, hitzik gabekoak, ezta adimen artifizialarekin egindako lanak ere.
Maiatzaren 9ra arte aurkez daitezke lanak, etxeparesaria.eus webgunearen bitartez, horretarako prestatutako formularioaren bidez. Fitxategiak 20 mega baino gehiago ez izatea aholkatzen dute. Lanak izengoitiaz aurkeztu behar dira. Egileek nahi badute irudi originalak bidaltzeko aukera dute posta arrunt bidez; lanarekin batera gutun-azal itxi bat aurkeztuko beharko dute, kanpoko aldean lanaren titulua eta egilearen goitizenarekin, eta barruan datuak agertuko dira. Larraungo Udaletxeko Euskara Zerbitzura bidali behar dira (Gabari Plaza, 31878, Mugiro).
Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna ekainaren 27a izanen da. Behin irabazleen izenak jakinarazi ondoren, Pamiela argitaletxeak Etxepare sariko lan irabazlea argitaratuko du, eta aurretik irabazleek 5.000 euroko saria jasoko dute. 2024an Mamukik Maite Rosende eta Nerea Ariznabarreta egileen album ilustratua irabazi zuen lehiaketa.
Nafarroako hamasei toki entitatek antolatzen dute: Agoizko, Antsoaingo, Atarrabiako, Barañaingo, Baztango, Burlatako, Esteribarko, Galar Zendeako, Garesko, Iruñeko, Lizarrako, Noain-Elortzibarko eta Zizur Nagusiko udalak, eta Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea eta Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak.