Izenburuko hori, irakurle, ez da gudu oihu bat, borrokarako deialdia edota jendartea oldartzeko aldarria. Izan zitekeen arren.
Izenburuko esaldi hau hainbatetan, hainbat jenderen ahotan eta Euskal Herriko hainbat eskualdetan aditu izan dugu, zoritxarrez.
AHTaren alde eta aurka dagoen jendearekin eztabaidatzea egokitu zaigu askotan baina AHTaren aurka egonik, mobilizatzeko beharrik ez dagoela aldarrikatzen duten horien inguruan hitz egin nahi dugu gaurkoan.
Batzuen iritziz AHTa geldiezina da. Egina dago. Kittos. Interes politiko eta ekonomikoak hain dira handiak ezen ez daukagu zer eginik azpiegitura honen aurka eta beraz, gure indarrak beste gauza batzuetan metatu behar ditugu. Utzi borrokatzeari!
Beste batzuen ustez, ordea, AHTarekin jarraitzea ezinezkoa da. Ez dago egina eta ezinezkoa eginen zaie egitea. Kittos. Utzi borrokatzeari! Horien ustez AHTak ez dauka nahiko dirurik lanekin jarraitzeko, edo Europak astakeria hau noizbait geldituko du, eta larrialdi klimatikoak eta krisi ekosozialak azpiegitura suntsitzaile hau bertan behera uztera eramanen ditu.
AHT Gelditu! Elkarlanaren aspaldiko bideo batean Goierriko baserritar bat ageri da bere bailara lasaitasunaren eta isiltasunaren bailara dela aldarrikatuz eta ez duela sinisten bake hura AHTak hautsiko duenik. Tafallerriko trenaren aldeko taldearen kide batzuek ere adierazi ziguten sinesgaitza egiten zitzaiela AHTa Tafallara heltzea, noiz eta betiko trena desegiten ari ziren horretan.
Gaur egun, Goierrin, AHTaren hormigoizko egitura egina dago eta bidean da Tafalla aldean, langileen esplotazio eta abusu larriekin gainera, berriki jakin izan dugun bezala.
Badakigu AHTa gelditzea oso zaila dela, hura egitea oso zaila den bezala. Ez dakigu etorkizunean AHTa Sakanatik pasako ote den edo ez, baina ziurtasunez badakigu gauza bat: soilik zundaketak oztopatuz, sakandarrak mobilizatuz eta herriaren hitza errespeta dezaten aldarrikatuz kolokan jarri dezakegula mamua.... Akaso, gelditzeraino!
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!