Binakako Txapelketako ligaxkako hamahirugarren eta azken aurreko jardunaldiak finalerdietako bigarren bikotea erabaki du. Aurreko astean Lasok eta Iztuetak finalerdietarako txartela lortu bazuten, aste honetan zuzeneko bigarren txartela erabaki da: Ezkurdia eta Rezusta finalerdietarako ligaxkan egongo dira, hain zuzen ere Lasoren ordez jokatu zuen Urrutikoetxeari eta Iztuetari 16-22 irabazi eta sailkapenean 10 punturekin lider jarri eta gero.
Ezkurdia-Rezustaren eta Urrutikoetxea-Iztuetaren arteko partida oso gogorra izan zen. Nahiz eta Ezkurdia-Rezusta faborito argiak izan, Urrutikoetxea-Iztueta primeran aritu ziren eta lehia oso estua izan zen. Parekotasuna izan zen partidaren ezaugarri nabarmenena: bederatzi berdinketa izan ziren, azkena 16-16koa. Azkeneko txanpan Ezkurdia-Rezustak pilota abiaduraz mugitu zuten, eta arerioei erritmo falta nabaritu zitzaien. Azkenean, 16-22 irabazita, Aspekoek finalerdietarako txartela lortu zuten, liderrak dira, eta etxeko lanak eginda, finalerdietarako ligaxkarako bi asteburu lasai dituzte aurretik.
Peña II.ak eta Albisuk jardunaldiko sorpresa eman zuten, Amorebietan Elordi-Zabaleta 14-22 mendean hartuta play-offetarako azken postuaren borrokan sartu baitziren. Akatsak izan ziren partidako protagonistak. Elordi eta Zabaleta 9-6 aurreratu ziren, baina bi Jon Anderrek markagailuari buelta eman zioten 5 tanto segidan lortu eta gero. Lehen atsedenaldian 10-11, paretsu zegoen markagailua, baina Baikokoek 6 tanto egin zituzten jarraian, Zabaletaren akatsak tarteko, eta 10-17 aurreratu ziren, partida ia erabakita utzita. Azkenean, 14-22, play-offetako borrokan sartu ziren Peña-Albisu. Partidak “finalak bailitzan” jokatzen ari direla aitortu zuten. Zabaleta ez dago oso fin ligaxkako azken txanpa honetan. Bere seigarren txapelagatik borrokatu nahi badu, buelta eman beharra du.
Peio Etxeberriak eta Martijak Artola eta Eskiroz izan zituzten aurkari Tafallan, azken honek Mariezkurrenaren tokia beteaz. Partidako onena Eskiroz izan zen, soilik akats bat egin baitzuen. Hasieratik aurrea hartu zuten Artolak eta Eskirozek, 10-3 aurreratu baitziren. Nahiz eta Etxeberria-Martija 10-6 hurbildu, hortik aurrera Baikokoek agintea hartu zuten eta 22-13 gailendu ziren, play-offetako hirugarren postua lortuz.
Play-offeko azken postua jokoan
Sailkapenak oso estu jarraitzen du. Asteburuko hamalaugarren eta azken jardunaldian play-offetako azken postua erabakiko da, eta play-offetako ordena. Ezkurdia-Rezusta dira liderrak (10 puntu), Laso-Iztuetaren aurretik (9 puntu). Bi bikoak zuzenean sailkatu dira finalerdietarako. Atzetik Artola-Mariezkurrena (8 puntu), Elordi-Zabaleta (7 puntu) eta Jaka.Imaz (6 puntu) daude, play-off postuetan. Play-offetako azken postua hurrengo bikoteen artean erabakiko dira: Peña-Albisu (5 puntu) eta Altuna-Aranguren (5 puntu). P. Etxeberria-Martijak ixten dute sailkapena (2 puntu), play-offetan sartzeko aukerarik gabe.
Elordi-Zabaletak Jaka-Imaz izango dituzte aurkari otsailaren 14an, ostirala, Sestaoko Las Llanasen. Bi bikoek play-offetako laugarren postua lortzeko borrokatuko dute, postu horrek bi bigarren aukera dituelako bere gain. Elordi-Zabaletak 12 tanto egiten badituzte, laugarren postua lortuko dute, eta, bestela, bosgarren postuan sailkatuko dira.
Otsailaren 15ean, larunbata, jardunaldi bikoitza izango da. Labritek P.Etxeberria-Martijaren eta Laso-Iztuetaren arteko lehia hartuko du, eta Bizkaiak Ezkurdia-Rezusta Artola-Mariezkurrenaren artekoa.
Azkenik, otsailaren 16an, Atano III.ean, play-offak erabakitzeko partida erabakigarriena jokatuko da, Altuna-Arangurenen eta Peña-Albisuren artekoa. Galtzailea txapelketatik kanpo geratuko da.