Erregional mailako hemeretzigarren jardunaldiak 9 puntu gozo utzi ditu Sakanan.
Altsasu liderrak galtzea zer den jakin gabe jarraitzen du hemeretzi partida jokatuta. Otsailaren 8an Kirol Sporten kontra jokatu zuen Orkoienen, eta hasi eta berehala Joaquin Angel Lladok Altsasu aurreratu zen. 7. minutua zen. Partidak bizi jarraitu zuen, eta atsedenaldia baino lehen Unai Calvok Altsasuren bigarrena sartu zuen. Bigarren zatian Kirol Sportek ekinean jarraitu zuen, eta, azkenean, 1-2 gerturatu zen 52. minutuan. Altsasuk ongi eutsi zuen eta, azkenean, 1-2 irabazita beste garaipen bat ospatu zuen Santa Ageda festan.
Etxarri Aranatzek bide onean jarraitzen du. Atarrabian Beti Onak B taldea izan zuen aurkari. Etxeko taldea izan zen aurreratu zena, baina berehala bana berdindu zuen Etxarrik, Aimar Lizarragari esker. Aldageletatik pasa ondoren lehiak oso estu jarraitu zuen. Aimar Lizarragak bigarrena sartu zuen, baina bina berdindu zuen Beti Onak-ek, partida oso borrokatuan. Orduan hasi zen etxarriarren errezitaldia. Oihen Karasatorrek hirugarren gola sartu zuen, eta Adrian Jakak laugarrena eta azkena. 2-4 irabazita, sentsazioak oso onak dira Etxarri Aranatzen.
Lagun Arteak Alde Zaharreko Kluba taldea hartu zuen Zelai Berrin. Lagun Artea izan zen nagusi hasieratik. Lehen zatian 3-1 aurreratu ziren lakuntzarrak Sael Ozoria, Yonatan Davila eta Alvaro Codoni esker. Bigarren zatian ildo beretik jarraitu zuen partidak. Alvaro Codonek Lagun Artearen laugarrena sartu zuen, eta Alde Zaharreko kluba 4-2 gerturatu zen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu.
Sailkapena eta datorrena
Altsasuk jarraitzen du lider (55 puntu), hemezortzi partida irabazita eta bat berdinduta dituela. San Jorge da bigarrena (48 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarrena (45 puntu). Lagun Artea seigarren dago (32 puntu).
Hogeigarren jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamabosgarren den Beti Kozkor B taldea hartuko du Dantzalekun otsailaren 16an, 17:45ean. Etxarri Aranatzek otsailaren 16an sailkapenean bederatzigarren den Lagunak B taldearen bisita izango du, 16:00etan. Eta Lagun Arteak egun berean hamalaugarren den Baztan B taldearen kontra jokatuko du, 15:30ean, Elizondoko Giltxaurdi zelaian.