Mank-en egoitza aldamioz inguratuta

Guaixe 2025ko ots. 19a, 09:00

Sakanko Mankomunitatearen egoitzean lanean ari dira.

Sakanako Mankomunitateak Lakuntzan duen egoitzatik eta aparkalekuko estalpetik amiantoa kentzeko lanak hasi dira. Lanengatik langile batzuk beste eraikin batzuetan birkokatu behar izan dituzte.

Ibarreko erakundeak Lakuntzan duen egoitza aldamioz inguratuta dago. Otsailaren 3az geroztik langileak teilatuan dauden uralita plakak kentzeko lanean ari dira. Material horrek amiantoa du eta osasunerako kaltegarria denez, kendu beharra dago. Eraikinaren parean dagoen autoendako aparkalekuko teiladuratik ere uralita kenduko dute. Behin amiantodun materiala kenduta, haren ordez metalezko plakak jarriko dituzte, Sakanako Mankomunitatearen korporazio kolorekoak. Hala jakinarazi du Aitor Larraza Carrerak, Mank-eko presidenteak. Gaineratu duenez, teilatuko lanak despedituta, eraikina margotu eginen dute. Lanak apirilaren erdialderako despedituta egotea aurreikusten du Larrazak. 

Presidenteak azaldu duenez, lanek irauten duten bitartean, zenbait langile egoitzatik kanpo ariko dira lanean. "Ur Zerbitzukoak Utzubar Ekogunean ari dira lanean. Euskara Zerbitzukoak etxetik ari dira telelana egiten. Berdintasun Zerbitzuko teknikaria Lakuntzako udaletxean dago lanean. Eta Etxebizitzak eta Eraikinak Birgaitzeko Bulegoa tokiz aldatu dugu Mank-en egoitzan bertan". Larrazak azaldu duenez, "zerbitzu horiek zeuden tokian sabai aizuna eta teilatua segidan zeuden, enkofraturik gabe. Eta egoki jo dugu langileak lekualdatzea". Presidenteak beste aldaketa bat nabarmendu du: "astelehenean albaitaria etortzen da eta abeltzain asko pasatzen da krotalak jasotzera. Lanak direla eta, albaitariarekin egon nahi dutenek Irurtzunera joan beharko dute". 

Aurrekontua eta jabetza
Mank-en egoitzako lanek 218.196,85 euroko aurrekontua dute. Haiek finantzatzeko ibarreko erakundeak Nafarroako Gobernutik 212.000 euro jasoko ditu. Hala erabaki zen foru erkidegoko 2024ko aurrekontuen tramitazioan, EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat onartu ondoren. Lanen aurrekontua osatzeko 6.196,85 euroak Mank-ek jarriko ditu. 

Lakuntzako Udala izan da gobernuaren dirua jaso eta lanen deialdia egin duena. Izan ere, Mank-en egoitza hartzen duen eraikinaren jabeetako bat da. Honakoak dira eraikinaren jabe diren toki erakundeak: Irañetako Udala, Uharte Arakilgo Udala, Arruazuko Udala, Lakuntzako Udala, Arbizuko Udala, Etxarri Aranazko Udala, Unanuko Kontzejua, Dorraoko Kontzejua eta Lizarragako Kontzejua. Guztira sei udal eta hiru kontzeju. Larrazak jakinarazi duenez, eraikinaren zati bat, "egoitza ez dena, egin gabe geldituko da. Lan horiek aurrerago eginen dira. Orain ez zuen guztia egiteko ematen". 

Presidenteak gogorarazi du Sakanan energia komunitatea eratzeko bidean dagoela, administrazio bidea egiten ari dela. "Mank komunitateko kide da eta, behin teilatua konponduta, bertan proiekturen bat egiteko baliatu nahi genuke", jakinarazi du Larrazak. 

Bizikleta bide sarea
Irurtzun eta Ziordia artean ibarra zeharkatuko duen bizikleta bide sarea aurten egitekoa da Mank. Lanak bost lotetan banatu zituen eta haiek emateko lehen deialdia eginda, lanen bi lote eman zituen: Irurtzun eta Ergoiena artekoa eta ibilbide guztian seinaleztapena jartzea. Gainontzeko hiru lanen loteak emateko beste deialdi bat egin du ibarreko erakundeak, honakoak: Arbizu eta Iturmendi arteko bide zatia, Urdiain eta Ziordia arteko bidea eta ibilbidean zehar altzariak jartzekoa. Ibarra egituratuko duen bizikleta sareko lanek guztira 2.024.279,66 euroko (BEZik gabe) aurrekontua dute.