Etxean bueltan da Maitena Ezkutari Artieda. Zortzi urtez Nafarroako Gobernuko turismo arduradun izan ondoren "gustura" hartu du dinamika berria. Aurretik 20 urte egin zituen lan horretan. "Aldaketak badira. Urte hauetan turismoa dezente garatu da", azaldu du. Foru administrazioan lortutako eskarmentua "ongi heldu" zaio. Gaineratu duenez, "ikuspuntua zabaldu egiten zaizu. Lehen ikusten ez nituen gauzak ikusten ditut orain. Gure eskualdea ezagutzera emateko aurrera begirako aukera gehiago", azaldu du.
Zergatik sortu zen patzuergoa?
Bere garaian Plazaola natur bidearekin oso lotutako gauza bat izan zen. Estatutuetan, gainera, helburu nagusietako bat da Iruñetik Donostiara bidea berreskuratzea. Orduan, gaur egun bezala, Europatik funts batzuk heldu ziren. Landa turismoaren inguruan mugimendu indartsu bat zegoen. Halako azpiegitura zaharrak paseorako, jendea ekarrarazteko, despopulazioari aurre egiteko... Hainbat arlotan aukera polita ikusten zen. Gobernutik landa turismoa 90eko hamarkadan bulkatu zen: landa etxeak, bidexkak prestatzea, dinamizatzea... Gurekin batera beste partzuergo batzuk sortu ziren. Bertiz (Baztan-Bidasoa) gu baino lehenago hasi zen. Ondoren Pirinioko partzuergoa sortu zen, Lizarraldean beste bat. Horrekin batera garapen agentziak sortu ziren, Cederna-Garalur dagoeneko sortua zegoen. Landa Garapeneko Programak eta halako funtsak orduan mugitzen hasi ziren. Landa eremuetan mugimendu oso-oso indartsua izan zen orduan.
"Plazaolako natur bidea berreskuratzea aitzakia ona izan zen"
Giro bat zegoen eta aurrera egiteko baliatu zenuten.
Plazaolako natur bidea berreskuratzea aitzakia ona izan zen. Egituratu, herriak lotzen zituelako. Hortik hartu zuen izena. Bere garaian izenarekin iskanbila asko egon ziren. Araitz-Betelukoek ez zuten garbi ikusten Plazaola izan behar zuenik, handik kanpo zeudelako. Edo Ultzamakoek. Kudeaketa planetan, urtez urte, hainbat baliabide sortu ziren. Plazaola natur bidea nagusi izan da, beti izan du pisu handia, baita inbertsio aldetik. Baina, horretaz aparte, hainbat gauza: berreskuratu ziren burdinolak Betelun, bidexka sareak egin ziren, Orgi basoa lehen aisialdi eremu gisa erregistratu zen gobernuan, Basaburuko harizti monumentalak berreskuratu ziren bidexka batzuekin, aurten 20 urte egiten dituen Mendukilo koba.... Azken hori kudeatzeko enpresa publikoa sortu zuten Lekunberriko eta Larraungo udalek, Astiz Kontzejuak eta partzuergoak. Natur bidea motorra izan da, baina urte hauetan hainbat gauza egin dira.
Turismo jasangarria. Kontzeptua aldatu da edo berdin mantentzen da?
Kontzeptua garatu da, batez ere burokrazia aldetik (barrez). Jasangarritasuna hitza lurrera jaitsi da, gaur egun badakigu zer esan nahi duen, baditugu halako prozedurak eta hainbat tramite ere. Baina bere garaian, hau jaio zenean, mamitik hasten ginen horretaz hitz egitean, ez zen beste tokietan ikusten zen turismoa. Ez zen hori eskaintzen. Garbi ikusten zen egin nahi zena errespetu handiarekin egin nahi zela. Dudarik gabe bertakoek ikusi behar zuten beraien bizi kalitatea ere hobetu egiten zuela. Hori beti funtsezko balorea izan da. Gaur egun jasangarritasunaren inguruko Europako funts asko daude. Bete beharreko hainbat irizpide daude hori lortzeko. Bere garaian hori ez genuen, baina bai egiten genuen, nahiz eta hain markatuta eta hain burokratikoa ez izan.
"Jasangarritasuna hitza lurrera jaitsi da, gaur egun badakigu zer esan nahi duen"
Zeinek sortu zuen partzuergoa?
Lekunberriko Udala izan zen natur bidea berreskuratzeko lehen proiektuak egin zituena. Ministerio batek bazuen halako trenbideak, bide zaharrak, berreskuratzeko dirulaguntza. Aldi berean, gobernuak landa turismoa dinamizatzeko dirulaguntzak atera zituen. Proposamena inguruan mugitu zen. Leitza, Lekunberri eta Larraungo udalak izan ziren partzuergoa mugitzen lehenak.
Jende gehiago batu zen?
Bai. Partzuergoa entitate publiko-pribatua da. Udalak, dudarik gabe, bulkatzaileak izan ziren, eta finantziazioaren pisu gehien hartu zuten. Baina arlo pribatukoak hasieratik sartu ziren. 57 lagun sartu ziren, denak inguruko enpresak. Elkarte batzuk antolatu ziren: ostalaritza elkartea, artisauena, jatetxeena... Hainbat landetxe eta kanpinak. Denak zeuden. Estrategia dinamizatzeko, ingurukoak hasieratik parte hartu zuten. Lan polita izan zen, orduan ilusio handiarekin hartu zen: Madriletik dirua ekarri zitekeen bidea berreskuratzeko. Lehenengo pausoak eman ziren. Gobernuak laguntzak emateko deialdiak atera zituen, eta beharrezkoak izan ziren partzuergoa aurrera jotzeko.
Kide kopuru berarekin segitzen duzue?
Arlo pribatuko 115 kide ditugu. Udal berriak sartu dira: Betelu eta Basaburua. Horiek sartzean arlo pribatukoen kopurua ere igoko da, bi udalerrietan zerbitzua eskainiko baitiegu. Guztira hamar udal daude. Sarasa eta Iruñea arteko bidea zabaldu zen joan zen urtean eta Plazaola natur bidearen berreskurapena bukatutzat eman dezakegu. Orain partzuergoak Iruñea aldera ere jo dezake hango udalekin lan estuago egiteko. Aukera politak daude. Natur bidearen inguruan lana dezente dago oraindik, hobekuntzak egiteko proiektu asko daude.
Kide sakandarrak badaude?
Bai, pribatuak badira: jatetxeak, landa etxeak, kanpina. eta Irurtzungo Udala. Bere garaian Arakilgo Udala egon zen.
30 urtez irauteko, zer ematen die partzuergoak bere kideei?
Azken urteetan estrategia berritu da. Lan polita egin da. Udal guztiek eta hainbat eragilek parte hartu dute. Ikusi dute partzuergoa baliabide ona dela bertako lana bultzatzeko. Ikusten da turismoa ekonomia sektore gisa interesgarria dela. Baina, aparte, ingurumena zaintzeko praktika ona dela ere. Gobernantza aldetik ere, eskualdeko hainbat proiektu sustatzeko, indarra emateko, partzuergoak balio du. Dirulaguntzak lortzeko, hitzarmenak egiteko... Lortzeko hainbat dinamika sor daitezke partzuergotik. Eta elkarlanak. Bakoitzak berea egin beharren, kontzeptu orokor hori lantzea da balio handia du. Eredu bat da. Urteak daramatza eta indartsu mantentzen da. Besteak desegin dira. Aurrera begira jarraitzeko aukera aukera polita dago. Proiektu oso interesgarriak daude.
Proiektu asko landu ditu partzuergoak, baina hasieratik natur bidea izan da ardatza.
Bai, hasieratik, baita estatutuetan ere. Hainbat herri lotzen ditu eta aitzakia polita zen eskualde honi izen bat emateko. Urte asko kostatu da bide hori berreskuratzea. Pixkanaka-pixkanaka egin da, zatika. Dirulaguntzak Madriletik urte batzuetan, ondoren Nafarroatik ere, Europatik etortzen diren dirulaguntzak. Beste eskualdeekin loturak ematen dizkigu: Ederbidearekin Bidasoarekin eta Europa iparraldearekin lotzen dugu, Gipuzkoarekin, Sakanarekin eta Iratiko natur bidea egitean Pirinioarekin lotu daiteke. Bizikletaz egiteko sare handi bat sor daiteke hurrengo urteetan. Kilometro asko lotu daitezke. Herrien arteko mugikortasuna hobetzen duenaz aparte, turismo produktu bezala potentzial handia du.
"Bizikletaz egiteko sare handi bat sortu daiteke hurrengo urteetan"
Bidearen berreskurapena 2024an bukatu zen, baina hasi?
2.000an hasi ziren. Urte asko izan dira, bai. Hemengo kilometroak ere ez dira beste natur bide batzuetakoak bezalakoak. Esaterako, Leitzan bakar-bakarrik hamabi tunel daude. Uitziko tunelak 2,7 kilometroko luzera du. Urtetan txukuntzen, argiztatzen eta berriz ere zorua konpontzen egon gara, urtez urtez hobetzen ez.
25 urte. Seme-alaba bat hazten ikustea bezala. Pazientzia beharko zen.
Oso ongi esan duzu (barrez).
Bide berdearekin landa turismoa garatu zen. Eta beste ekonomia jarduerak?
Kide kopurua nola igo den ikusten da. Dudarik gabe alojamenduak, landa etxeak-eta asko igo dira. Hori izan da nabarmenena. Jatetxe eta taberna kopuruak behera egin du. Lehen askoz gehiago zeuden. Orain dela 30 urte denak dakigu herrietan zenbat taberna zeuden, gaur egun gero eta gutxiago daude. Kulturalki hainbat aldaketa egon direlako izan daiteke. Oso estrukturala da orain dagoena, eta aurrera begira kontuan hartzeko arazo bat da. Igo egin dira artisauak, bertako produktuen ekoizleak eta bisita gidatuak eta halako esperientziak sortzen dituzten enpresak. Hori asko igo da, hasieran halakorik ez zegoen apenas. Oso interesgarria da, bisitariari ematen diolako aukera egun gehiago gelditzeko. Hori da lortu behar dena. Paisaiarekin bakarrik hori ez da lortzen. Behar dituzu esperientziak-eta sortzea, eta holako proposamenak, jendea gau bat gehiagorako lotzeko.
Bidea berreskuratuta egonda ere, lana ematen jarraituko du, ez?
Hala da. Horrekin hainbat erronka ditugu. Gobernuarekin hitzarmen bat edo beste zerbait lotzea. Hori aztertzen gabiltza, aurrera begira lasaitasun gehiagorekin egoteko. Eta ondoko eskualdeekin lantzeko aukerak badaude, promozioa eta hainbat proposamen.
Natur bidea herri pila batetik pasatzen da. Nolabait kudeatu beharko da.
Bai. Horregatik helburu desberdinak daude. Alde batetik, kudeaketa, bidea txukun mantentzeko. Konpromisoa duten hainbat udal partzuergoan daude. Baina beste batzuk ez daude. Esaterako, Iruñea aldekoen helburua ez da turismoa erakartzea, bide hori ongi mantentzea baizik. Dinamika desberdin horiek sortu behar dira. Bata izan daiteke partzuergoan daudenak helburu berdinekin jarraitzea. Eta beste hainbat aukera daude, hitzarmenak edo beste modu batzuekin, elkarlana izateko. Bai Nafarroako bai Gipuzkoakoekin. Zeren Andoain eta ondoko herriekin beti izan dugu harremana. Hor ikusten dugu, modu naturalean, zerbait sakonagoa eduki beharko genukeela aurrera begira.
"Oso proiektu interesgarriak eginen dira gure eskualdeak bulkatzeko"
Zein osasun du partzuergoak?
Estrategia plan berria dago. Parte hartzaileak hor daude, azken bi urtetan egindako lanarekin. Hamar udal daude, hori oso berri ona da. Denek proiektu politak dituzte. Partzuergoa sendo, osasuntsu dago. Arlo pribatuko kide gehiago egin daitezkeela ikusten dugu, eta pribatuekin lan gehiago ere egin daitekeela. Hori da hobetu dezakeguna. Horretarako ere promozio gehiago egin behar da. Kide pribatuek marketin aldetik gehiago mugitzea eskatzen dute. Europatik funts dezente sartu dira. Aukera batzuk daude marketin aldetik. Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plan batean bateratuta dauzkagu Sakana, Plazaola eta Ultzama. Europako Next Generation funtsarekin eginen den proiektu bat da. Horren barruan hainbat egitasmo daude aurten eginen direnak hiru eskualdeetan. Lan interesgarria dago ildo berriak irekitzeko.
Zergatik sustatzen da eskualdeen arteko elkarlan hori?
Diru hori lortzeko. Next funtsak pandemiaren ondoren sortu ziren. Ministerioak hainbat aukera ematen zituen diru horiek lortzeko, baina irizpide batzuk bete behar ziren. Nafarroako Gobernuan egon naizen urte horietan hainbat plan aurkeztu genituen. Eta plan horietako bat izan zen eskualdeak bateratzea, zeren Plazaola bezalako eskualde batek bestela ez zuen dirurik lortuko. Elkarrekin indar handiagoa genuen, eta lortu zen. Diru hori Cederna-Garalurrek kudeatzen du. Oso proiektu interesgarriak eginen dira gure eskualdeak bulkatzeko.
Hiru eskualdeak elkarlanean ari badira, turismoaren inguruko ikuspegi bera dutelako da?
Bai. Arlo askok lotzen gaituzte: kultura, paisaia, gastronomia, identitatea... Eta denok antzeko turismo eskaintza daukagu. Lan egiteko merkatuak zer eskatzen duen begiratu behar duzu, proposamenak aurkezteko. Indartsuago izanez gero, beti hobe da.
Aurrera begira, partzuergoak nondik joko du?
Hainbat proposamen ditugu. Natura turismoa nolabait zentroan dago. Orain xenda sarea berritzea aztertzen ari gara. Sare handia da baina estrategia bat izan behar du. Herriz herri, banaka, gauzak egin dira. Aurrera begira pentsatzen ari da zer estrategia, zer eredu izan daitekeen hobea. Horretan oso proiektu polita dago. Natur bideaz aparte, bizikleta ibilbideen sarea sortzea ere. Eta ez bakarrik familiendako, natur bidean ibiltzen diren asko familiak dira, baizik eta kirolarekin lotuta. Enduro eta hainbat modalitate daude bizikletan egiteko. Jakina, errepidean ere. Eta hor aukera dezente daude. Gastronomia, nola ez. Bertako produktuak. Baditugu kulturarekin lotutako hainbat proposamen. Ondarearekin ere. Daukagun identitateagatik, nik uste Plazaolaren estrategiak antza asko izanen duela Sakanak daukanarekin eta ondoko herriak daukatenarekin ere. Badugu markatutako bide bat, egokitzapenak ere egin beharko dira, baina nahiko garbi dago hurrengo urteei begira hemen zer egin behar den. Galtzak bete lan ditugu.