Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko euskalgintza eta euskara sustatzeko jarduerak diruz laguntzeko deialdia egin du. Helburua da euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburua duten egitasmoak eta euskararekiko jarrera hobetzekoa dutenak laguntzea. Oro har Sakanako Mankomunitatearen Euskara Zerbitzuaren jarduera esparruaren barruan dauden jarduerak dira diruz lagunduko direnak. Deialditik kanpo geldituko dira ordezkaritza eta protokolo gastuak (otorduak, opariak…), baita kideen bidaia-gastuak ere. Funtzionamendu gastuetarako diruz lagundutako jardueren aurrekontu osoaren %25 jaso liteke gehienez ere. Deialdiak 2024ko azaroaren 1etik 2025ko lastailaren 31ra bitartean eginen diren ekintzak hartuko ditu kontuan. Euskara Zerbitzuak 5.000 euroko poltsa du. Eskabideak egiteko epea 2025eko martxoaren 31ra artekoa izanen da.
Zehazki, honakoak dira diruz lagunduko diren egitasmoak: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu dutenek; euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbil daitezen helburua dutenak; euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu duten egitasmoak; euskararen hainbat alderdi aztertzea helburu duten jardunaldiak; euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeak; euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak; euskarazko kultur sormena bulkatzea helburu duten; etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.
Deialdiaren inguruko zalantza edo esatekoren bat izanez gero, Sakanako Mankomunitateko bulegoetara jo, euskara1@sakana-mank.eus helbidera idatzi edo 948 464840 telefonora deitu.