AHT ibilbide proiektua

AHTren inguruko "desinformazio eta toxikazio" kanpaina salatu dute

Guaixe 2025ko ots. 17a, 12:30

Tren publiko eta sozialaren aldeko eta AHTren kontrako manifestazioa. ARTXIBOA

Egungo trenbide sarea eguneratzea askoz ere onuragarriagoa dela nabarmendu dute.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) ibilbidea zehazteko zundaketen inguruan "eskuin mediatikoak desinformazio eta toxikazio kanpaina abiatu" duela salatu dute Araba eta Sakana Trenaren Alde herri plataformek, eta "irmoki gaitzetsi" dute. Gogoratu dute Otxobi eta Izurdiagako zundaketa saiakerak "beharrezkoak diren baimenik gabe" egiten saiatu zirela. "Hori, indarrean dagoen legedia urratzeaz aparte, herritarrek informazioa jasotzeko eta beren inguruneari eta bizi kalitateari eragiten dieten erabakietan parte hartzeko duten eskubidea urratzen du". Gaineratu dutenez, "kezkagarria da manipulazio taktikak erabiltzea beharrezkoa ez den eta gure inguruneari eta komunitateei kalte konponezina eragingo liokeen proiektu bat sustatzeko".

Plataformetako kideak Tren Publiko, Sozial eta Jasangarri baten alde egin dute. Eta dagoen alternatibaren inguruan eztabaidatzera gonbidatu dute Jose Antonio Santano Garraio eta Mugikortasun Iraunkorraren Estatu idazkaria. Plataformetako kideek "herritarren ahotsa entzun" behar dela nabarmendu dute: "gure eskualdearen garraioaren etorkizunari buruzko elkarrizketa irekia eta gardena eskatzen dugu, hemen bizi garenon beharrei eta interesei lehentasuna emanez". 

Argudioak
Bi plataformetako kideen iritziz, "AHTrako plataforma esklusibo batean inbertitzea mehatxu bat da gure eskualdeen ongizaterako eta gure ingurunearen etorkizunerako. Gainera, baliabideak beste premiazko behar batzuetara desbidera daitezke, hala nola, osasungintzara, hezkuntzara, egungo garraio publikoaren sarearen hobekuntzara edota herritarrentzat benetan onuragarriak diren azpiegitura jasangarrien garapenera". 

Bi plataformetako kideek gogora ekarri dute mahai gainean jarri zuten alternatiba, "egungo trenbide azpiegiturak modernizatzea eta egokitzea proposatzen duena, merkantzien eta bidaiarien trafiko mistoa ahalbidetuko lukeena". Gaineratu dutenez,"abiadura handiko distantzia luzeko zerbitzuari, aldiriko trenei eta eskualdekoei ere lekua egingo lieke, eskari guztia trenbide plataforma bakar batekin betez". Nabarmendu dutenez "egungo azpiegiturak berritzea errentagarriagoa da ekonomikoki eta sozialki Abiadura Handiko azpiegitura berriak eraikitzea baino". Horregatik, "Tren Publiko, Sozial eta Jasangarri baten aukera honek, gure eskualdeko ondare naturala errespetatzeaz aparte, lurraldea egituratzea ere sustatuko luke, herrien arteko lotura hobetuz, geltokiak eta geralekuak berriro irekiz eta aldirietako zerbitzu integrala eskainiz".