Txirrindulariak

Iker Gomezek bere pedal kolpea erakutsi zuen Basque Essorren

Maider Betelu Ganboa 2025ko ots. 14a, 13:00

Iker Gomez, eskuinean, Finisher taldeko taldekideekin. FINISHER

Donapaleuko Gamiako Gainako etapan laugarren izan zen, eta mendiko sailkapena irabazi zuen 

Otsailaren 7tik 9ra Iparraldeko Basque Essor-eko azken hiru etapak jokatu ziren. Eguraldiak ez zuen batere lagundu eta euripean eta hotzarekin jokatu ziren etapak oraindik gogorragoak izan ziren. Ostiraleko Donepaleuko etapako protagonistetako bat Iker Gomez Lopez de Goikoetxea (Finisher) izan zen. Aurten afizionatuetan debutatu duen altsasuarra eguneko ihesaldian sartu zen, sekulako etapa egin zuen Gamiako gainan gora, eta laugarren iritsi zen helmugara. Etapako mendiko sailkapena irabazi zuen eta sailkapen orokorrean hamaikagarren jarri zen. Beste etapetan ez zen lehiatu. 
Aimar Tadeok (Euskadi Fundazioa) asteburuko hiru etapetan hartu zuen parte. Donapaleun 62. sailkatu zen, Donibane Garazikoan ederki aritu zen eta 29. izan zen, eta azkeneko etapa, Maulekoa ezin izan zuen bukatu. Nolanahi ere, denboraldi hasiera txukuna egin du lakuntzarrak.