Aske antolakundeko kideek gogoratu dute Euskal Herriak tortura pairatu dituztenak milaka izan direla. Nabarmendu dutenez, "Euskal Herrian eta munduan klase zapaltzaileak militante iraultzaileak anulatu eta suntsitzeko baliatzen duen arma politikoa da tortura. Izan ere, sufrimenduaz harago, azken finean torturak helburu politikoa du, antolakuntza iraultzaile oro suntsitzea".
Antolakundeko kideek gogora ekarri dute "torturaren aitortzarako aurrerapausoak ematen ari direla esaten dutenak. Aitortzatik inoiz baino urrunago gaude, ez baitago aitortzarik berriz ere tortura gauzatzeko baldintzen desagerpenik gabe eta, egun, torturak gauzatzeko baldintzak diraute". Terrorismoaren kontrako Legea eta haren inkomunikazio aldia jarri dute horren adibide gisa. Edo "ehunka euskal militanteren atxiloketa agindu eta torturapean izan zituen Fernando Grande Marlaska ministro karguan segitzen duela.
Ondorioz, Askeko kideen iritziz, "gaur egun torturak gauzatzeko baldintzek bere horretan diraute". Gaztigatu dutenez, "indarrean dauden errepresio tresna horiek salatu beharra dago, eta haien desagerpena aldarrikatu". Azkenik, "amnistiaren aldeko borroka indartzeko" deia egin zuten, "Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntzaren gainditzea baitakar".