"Azken hilabeteetan areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten kontra borrokatzeko", Itaiak martxoaren 8an mobilizatzera deitu du. Sakanan Lakuntzako plazan, 12:00etan, deitu dute mobilizazioa, Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara! lelopean.
"Emakume langileek lehen lerroan" egon behar dutela aldarrikatu du Itaiak. Izan ere, "nabarmen ari dira zabaltzen emakumeen kontrako jarrerak instituzioetan, sare sozialetan zein kalean, hala nola, matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak". Aldi berean, Itaiako kideek gaztigatu dute "krisialdi ekonomikoaren baitan langileon, eta, konkretuki, emakume langileon lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari dira". Salatu dutenez, "emakumeen kontrako ofentsiba ekonomiko eta kulturala areagotzen ari da. Horrek guztiak, emakumea bigarren mailako subjektu izatea gehiago normalizatu" duela adierazi dute.
Itaiatik aurtengo martxoaren 8an "borrokarako" deia egin dute. Horrekin batera, "egunaren jatorrizko izaera iraultzailea berreskuratu" nahi dute. Horretarako, "hilabete honetan zehar erasotzaileen zigorgabetasunaren kontra, lan sektore feminizatuetako lan baldintza eta eskubideen alde, eta emakumeak sexu objektu bihurtzen dituen inposaturiko sexualitatearen kontra" lan egingo dute.
Martxoaren 8ko mobilizazioaren aurretik, otsailaren 28an, ostirala, 17:30ean, Altsasuko Gure Etxea eraikinean Matxismoari eta joera erreakzionarioei aurre egiteko beharraz hitzaldia antolatu du ere Itaiak.