AHT ibilbide proiektua

AHTk "esklabotza" dakarrela salatuko dute

Guaixe 2025ko ots. 14a, 12:49

AHTren gastua irudikatzen duen elefante txuria. ORAIN ARDURA

Obrako langileen baldintzak eta proiektuaren ondorioz herritarrek pairatu beharreko murrizketak salatuko dituzte manifestazio baten bitartez.

Berriki hainbat kolektibok Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Nafarroako obrako langileen testigantzak publiko egin zituzten. "AHTaren obrak XXI. mendeko esklabotzaren adierazle nagusietakotzat hartzera garamatza", azaldu dute AHT gelditu! Elkarlaneko kideak, gaineratuz, "zapalkuntza baldintza horiek gabe, AHT bezalako makro azpiegiturak ez lirateke posible izango beren neurriz kanpoko kostuarengatik, edozein ekonomiarendako onartezina dena".

Elkarlaneko kideek gaztigatu dutenez, "AHTk, eraikitzen duten langileak ez ezik, gainerako langileak ere esklabo bihurtzen ditu. Langile horiek beren zergen bidez finantzatzera behartuta daude, ez bakarrik eraikuntza eta mantenu garestia, baita, askotan, ustiapen defizitarioa ere, etorkizuneko belaunaldiak hipotekatuz". Ondorioz, "baliabide publikoak AHTan eta beste azpiegitura handi batzuetan xahutzen diren bitartean, esklabo bihurtutako klase herrikoiek murrizketa sozialen eta pribatizazioen politikak jasaten dituzte oinarrizko sektoreetan, esaterako zaintzan, hezkuntzan eta osasun publikoan, elikadura eta etxebizitza duinak eskuratzeko aukerarik gabe, eta horrek pobrezia eta gizarte-bazterkeria areagotzea dakar". Beste ondorio bat ere nabarmendu dute, "elite esklabistentzat AHT finantzatzen den bitartean, klase herrikoiek erabiltzen duten ohiko trena apurka-apurka desegiten da".

Elefante txuria 
Animalia horren irudi hori "azpiegitura alferrikakoak, suntsitzaileak eta inposatuak irudikatzen dituen nazioarteko ikurra da. Azpiegitura horiek, antzinako Thailandiako elefante txuriek bezala, mantentze-gastu gehiago eragiten dituzte sortu beharko lituzketen balizko onurak baino, eta, ondorioz, ustezko onuradunek porrot egiten dute". Elkarlaneko kideek gaztigatu dutenez, "AHTa Euskal Herriko elefante txuririk handiena da, 12.000 milioi euro baino gehiagoko kostuarekin, diru publikoarekin finantzatuta". Manifestazioaren deitzaileen iritziz, "xahuketa hori inposatzen diguten esklabistei bakarrik egiten die mesede: eraikuntza enpresa handiei, bankuei eta beren obrei datxekien ustelkeriaz baliatzen den klase politikoari".

AHT gelditu! Elkarlaneko kideen iritziz, "AHT aurrerapenaren eta modernitatearen adierazpenik gorena izan beharrean ekosistemen suntsiketa, lurraldearen zatiketa eta okupazioa, biodibertsitatearen galera, milioika espezieren desagerketa, klima-aldaketa, lurraren, uraren eta airearen kutsadura, naturaren artifizializazioa, deforestazioa eta abarren sinonimoa da". Ziurtatu dutenez, "gaur egungo aurrerapen ereduak krisi eko sozial globala areagotzen du, biztanleriaren geruza zabalen bizitza arriskuan jartzen du eta zibilizazioaren kolapsora garamatza". Horregatik diote "aurrerapenaren kateak apurtzeko unea iritsi" dela, "esklabo egin eta suntsitu egiten baikaitu. Lurra defendatzea eta kapitalismoa gainditzeko" deia egin dute, "gizadiak etorkizun duina eta bidezkoa ziurtatzeko berme bakarra". Horregatik guztiagatik, AHT Gelditu! Elkalaneko kideek Iruñeko Diputazioaren jauregitik, larunbatean, 12:00etan abiatuko den AHTak esklabo bihurtzen gaitu. Progresoaren k-aht-eak hautsi! manifestazioan parte hartzera deitu dute.