Pilota

Elordi-Zabaletarendako play-offetako laugarren postua

Guaixe 2025ko ots. 17a, 11:25

Garaipenarekin iritsiko dira play-offetara Elordi eta Zabaleta. UTZITAKOA

Binakako Txapelketako ligaxka garaipenarekin despeditu dute Elordi-Zabaletak eta Etxeberria-Martijak. Aldiz, Ezkurdia ordezkatu zuen Salaberriak eta Rezustak galdu egin zuten. Play-offetan aukera bikoitza dute Elordik eta Zabaletak

Binakako Txapelketako hamalau jardunaldietako hasierako ligaxka despeditu da. Soilik bi gauza geratzen ziren erabakitzeko: play-offetako laugarren postua nork lortuko zuen, Elordi-Zabaletak edo Jaka-Imazek, eta play-offetako seigarren postuan nor sartuko zen, Altuna-Bikuña edo Peña-Albisu. 

Otsailaren 14an Sestaoko Las Llanasen jokatutako partida estu-estuan Elordi-Zabaletak lortu zuten play-offetako laugarren postua, Jakari eta Imaz ordezkatu zuen Eskirozi 21-22 irabazi eta gero. Garaipenarekin despeditu zuten Elordik eta Zabaletak eta positiboa da play-offei begira, baina akats ugari egin zituzten, zuzendu beharrekoak. 

Bestalde, Peña eta Albisu Altunaren eta Bikuñaren gainetik pasa ziren eta 4 tantotan utzi zituzten, play-offetarako seigarren eta azken posturako sailkatuz. Gainontzeko partidei dagokienez, Peio Etxeberriak eta Martijak garaipenarekin esan diote agur Binakakoari, 22-17 irabazi baitzieten Laso ordezkatu zuen Senarri eta Iztuetari, eta Artola ordezkatu zuen Urrutikoetxeak eta Mariezkurrenak 22-11 hartu zituzten mendean Joseba Ezkurdiaren ordez aritu zen Salaberriari eta Rezustari. 

Sailkapena
Horrela geratu da Binakako ligaxkako sailkapena: Ezkurdia-Rezusta izan dira liderrak (10 puntu), Laso-Iztuetaren eta Artola-Mariezkurrenaren aurretik, biak bederatzina punturekin. Elordi-Zabaletak 8 puntu bildu diztute, eta Jaka-Imazek eta Peña II.a-Albisuk seina puntu. Play-offetatik eta Binakakotik kanpo Aspeko bi bikote geratu dira: Altuna-Aranguren (5 puntu) eta P. Etxeberria-Martija (3 puntu). 

Play-offetan, aukera bikoitza
Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta zuzenean sailkatu dira finalerdietarako, eta beste bi bikoteak asteburuan jokatuko diren play-offetatik aterako dira. 

Otsailaren 20an, ostirala, hirugarrenen eta laugarrenen arteko lehia hartuko du Tolosako Beotibarrek: Artola-Mariezkurrena eta Elordi-Zabaleta. Irabazlea zuzenean finalerdietarako sailkatuko da, eta galtzaileak beste aukera bat izango du, otsailaren 21ean Amorebietan jokatuko duten Jaka-Imazen eta Peña-Albisuren irabazlearen kontra jokatuko baitu finalerdietako beste postua, otsailaren 23an, Eibarko Astelenan.