Bi sakandar UEMAren kanpainan

Guaixe 2025ko ots. 18a, 09:00

Maurizio Faedda eta Marcos Rocha. UEMA

Beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazi nahi ditu UEMAk 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainarekin.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren protagonistak dozena bat pertsona dira. Haien artean daude Maurizio Faedda arbizuarra eta Marcos Rocha etxarriarra. Kanpainako gainontzeko protagonisten modura, atzerrian jaio dira (Sardinia eta Brasil), baina euskaldunak dira. 

Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernari, zerbitzari eta dendariekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea du helburu UEMAk. Kanpainaren abiapuntuan dago UEMAko herrietako eskarmentua. "Lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dute oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten diete herritarrek, haiek euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea edo bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi dugu". 

Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk. Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak ere zabalduko dituzte, UEMAk eta hainbat udalek. Bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoak ondoren, egunez egun.

Lehen aldiz 2023ko azaroan ekin zion UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin. Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta ekimenak oihartzun ederra izan zuen sareetan zein hedabideetan. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izango dira kanpainaren bigarren aldi honetako protagonistak.

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!