Futbola

Altsasuk eta Etxarrik puntuatu zuten; Lagun Arteak ez, ordea

Guaixe 2025eko otsailaren 18a

Lagun Arteak Altsasu liderra hartuko du otsailaren 22an Zelai Berrin.

Gizonen erregional mailako hogeigarren jardunaldiak 6 puntu utzi ditu Sakanan. Otsailaren 22an derbi sakandarra izango da: Lagun Arteak Altsasu hartuko du

Asteburuan erregional mailako hogeigarren jardunaldia jokatu zen. 

Altsasuk Lekunberriko Beti Kozkor B taldea hartu zuen Dantzalekun. Liderrak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna, 4. minuturako Gorka Martinezek Altsasu aurreratu baitzuen. Beranduago Unai Calvo izan zen Lekunberrikoen atea zulatu zuena, eta lehen zatiko luzapenean Altsasuren hirugarren gola sartu zuen Mikel Rodriguezek, partida ia erabakita utziz. Bigarren zatian bide beretik jarraitu zuen partidak, eta bukaera aldera, 82. minutuan, Eneko Verak laugarren eta azken gola sartu zuen. 4-0 irabazita, 3 puntuak Altsasun geratu ziren. 

Etxarri Aranatzek Barañaingo Lagunak B taldea hartu zuen San Donato zelaian. Bi taldeak fin ibili ziren, eta lehia borrokatua izan zuten. 23. minutuan iritsi zen Mattin Altzelaik sartutako gola, etxarriarrek gustura ospatu zutena. Etxarri garaipena sendotzen saiatu zen, Lagunak partidari buelta ematen, baina markagailuan ez zen mugimendu gehiago egon eta 1-0 irabazita, 3 puntuak Etxarrin geratu ziren. 

Tamalez, Lagun Arteak ez zuen Elizondotik saririk ekarri. Baztan B taldea izan zuten aurkari lakuntzarrek, eta nahiz eta partida alde jarri, Mikel Agirrek Lagun Artea aurreratu baitzuen, bigarren zatian Baztanek buelta eman zion partidari. 50. minutuan bana berdintzea lortu zuten baztandarrek, eta ia berehala 2-1 aurreratzea. 73. minutuan Baztangoen hirugarren gola iritsi zen. Lagun Arteak, hala ere, ez zuen etsi eta 78. minutuan Gorka Egurzaren golak Lagun Artea partidan sartu zuen, 3-2 hurbildu baitziren lakuntzarrak. Bukaerara arte borrokatu zuten, baina ezinezkoa izan zen, eta 3-2 galduta itzuli ziren Baztandik. 

Lagun Artea vs Altsasu, derbia
Altsasuk galtzea zen den jakin gabe jarraitzen du, lider sendoa (58 puntu), 7 puntura San Jorge duela (51 puntu). Etxarri Aranatz hirugarren da (48 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren (32 puntu). Erregional mailako 21. jardunaldiak derbi sakandarra dakar. Otsailaren 22an, larunbata, 16:00etan Lagun Arteak Altsasu liderra hartuko du. Etxarri Aranatzek egun eta ordu berean sailkapenean bosgarren den Rotxapea B taldearen kontra jokatuko du, El Iratin.