"Guk euskara ardatz hartzera animatzen dugu"

Guaixe 2025eko otsailaren 26a

Unanuarrak herriko karrika Nagusian. ARTXIBOA

Eduardo Aldasoro Lezea Hezkuntza Departamentuko langile ohia Heldu den ikasturterako matrikulazioa aurki zabalduko da eta gurasoek ikastetxeaz aparte, seme-alabek zein hizkuntzatan ikasiko duten erabaki beharko dute

Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Sakanako ikastetxeetan 2.724 ikasle daude guztira. Haietatik %80,5ek D ereduan, euskarazko murgiltze ereduan ikasten du. Euskara ikasgai duen A ereduan ibarreko ikasleen %15,7 ari dira ikasten eta gaztelania baino euskara gehiago duen B eredu indartuan, berriz, ikasleen %3,8 dira.


Eduardo Aldasoro Lezea. UTZITAKOA

Ikasturte honetako ereduen datuak ematen hasi naiz. Zer iruditzen zaizu?
Garapena ikusten da. Haur Hezkuntza (HH) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin (DBH) konparatzen badugu, aldaketa batzuk nabaritzen dira. Adibidez, D ereduan ikusten da gero eta ikasle gehiago daudela. Hala ere, diferentzia txiki batzuk bai ikusi ditut. Duela urte batzuk pixka bat gehiago ziren, jaitsiera izan da, eta pixka bat gutxiago dira. Horrek agian esaten digu, edo pentsatu behar dugu, zein garrantzia daukan kanpotik etortzen den jendea animatzea euskaraz ikastera eta D ereduan matrikulatzeko.

Azken 28 ikasturteetako datuen bilakaeran haur kopuruaren jaitsiera ikusten da. Jakina, umeen kopuruak bere garrantzia du, bai.

Baina, pitteka-pitteka, D eredua igotzen ari da.
Hori da. HHn matrikulatzen diren umeak gehiago dira, eta DBHn gutxiago. Horrek esan nahi du gero eta gehiago apustua egiten dela D ereduaren alde.

"Presio soziala oso handia da eta gaztelania berez ikasten da"

Gaztelania eta euskara hizkuntza ofizialak dira gurean. Baina gaztelania hegemonikoa da. Arlo guztietan du horrek eragina. Hezkuntzan zein dira?
Eskolari eta matrikulazioari begira, gurasoen zalantza beti da zein hizkuntza aukeratu behar duten. Guk euskara ardatz hartzera animatzen dugu. Alde batetik, hemengo berezko hizkuntza delako. Bestetik, etxean euskara duten umeendako inportantea da haien berezko hizkuntza delako, eta horrek indartu egiten du erabilera soziala. Eta euskara etxean ez duten umeen kasuan topiko bat dago: esaten dugu umeen garuna, burua, oso malgua dela. Ikerketetan ikusi da hori horrela dela, baina ez dela gauza bera hastea hizkuntza propioren batean edo ez den batean. Horregatik inportantea da ume horiendako ere euskara hartzea hizkuntza nagusi bezala. Kasu honetan murgiltze goiztiarra izango litzake. Horrek esan nahi du txikitatik hasten direla euskara ikasten. Gaur egun ez dira eskolan hiru urterekin hasten, baizik eta agian jada haur eskolan hasi dira euskararekin kontaktua izaten.

Gurasoek batzuetan duten zalantza da: zer gertatzen da gaztelaniarekin? Presio soziala oso handia da eta berez ikasten da. Bi kasuetan, ume guztiek gaztelania arazorik gabe ikasten dute. Ikasgai bat dago: gaztelaniaren Hizkuntza eta Literatura. Gainera kontuan hartu behar dugu inguruan ere erabiltzen diren hizkuntzen artean gaztelaniak ere garrantzia handia duela. Azkenik, nahiko ezagutza orekatua lortzen da bi hizkuntzetan. Horretaz aparte, jakina, kontuan hartu behar dugu eskolan ematen diren beste hizkuntzak: ingelesa, frantsesa batzuetan. Eta kanpotik etortzen diren umeengan hizkuntza propioak bulkatzeak ere garrantzia dauka.

Euskararen biziberritze prozesuan zer garrantzia du Hezkuntzak?
Prozesu horretan eskola ezinbestekoa da. Lehenago hitz egiten genuen hizkuntzaren transmisioa ematen zena gurasoengandik umeengana. Baina hori baino gehiago da sozializazioa. Euskara gure ibar honetan gure hizkuntza propioa da, eta arlo guztietan izan behar du bere tokia. Baina eskolak garrantzia handia dauka sozializazio prozesu horretan. Egongo dira beste arloak: kirola, aisialdia eta abar. Baina eskolak horretan paper garrantzi-garrantzitsua dauka.

"Kontuan hartu behar dugu hizkuntzen artean transferentzia dagoela"

Zergatik daude hizkuntzaren araberako ereduak?
Aspaldidanik dator. Garai batean, duela 40 urte-edo, ama hizkuntzari garrantzia handia ematen zitzaion. Eredu horiek pentsatu zirenean gehiago erreparatu zitzaion umeen ama hizkuntzari. Pentsatzen zelako D ereduan bakarrik euskaldunek ikasi ahal zutela. Eta besteendako beste eredu horiek jarri ziren. Baina gure esperientzia, nazioarteko esperientzia hartuta, ikusi zen etxean euskara ez zuen ume batek ere ikasi zezakeela D ereduan problemarik gabe, murgiltze goiztiarra eginda. 3 eta 7 urte arteko etapa oso garrantzitsua da. Hor irakurketa eta idazketa ematen da. 60 urteko esperientzia dago, lan metodologia berezi bat. Eta, gainera, kontuan hartu behar dugu hizkuntzen artean transferentzia dagoela. Hau da, euskara eta gaztelania duelako ume batek ez ditu bitan egiten irakurketa eta idazketa prozesuak. Bakarra egiten du. Eskolan, normalean, euskaraz, D ereduan. Eta ondoren ikasten ari den mekanismo hori beste hizkuntzetara aplikatzen du: gaztelaniara, ingelesera, frantsesera... Edo berak etxean beste hizkuntza propio bat badu, portugesa, errumaniarra, arabiera... erabiliko du ezagutzen eta erabiltzen dituen hizkuntza guztietan.

Esan daiteke hiru hizkuntza eredu horiek gaindituta daudela?
Nolabait, bai. Baina momentu honetan arazo politikoa da teknikoa baino. Aukera eman nahi zaie gurasoei nahi duten eredua aukeratzeko. Baina teknikoki ez da hainbesteko problema.

Euskararen biziberritzeari begira, zein ekarpen egiten du A ereduak?
A ereduan irakaskuntza guztia gaztelaniaz egiten da eta euskara ikasgai bezala ematen da, hiruzpalau ordu astean. Horrek hurbilpen bat besterik ez du ematen. Ez du gehiagorako ematen, ezagutza eta erabiltze orokorra, baina, normala denez, ikusi da mugatu samarra dela. Ordutegi berarekin ingelesean edo frantsesean lortzen dugun maila da. Ez du ematen maila nahikoa hizkuntza erabiltzeko, komunikazio on bat egiteko.

B ereduak?
Nik dakidanez, ibarrean ikastetxe batean ematen da, eta orduan ez da beste tokitan ohikoa den B eredua, desberdina da. Euskal Autonomia Erkidegoan B ereduan, gutxi gorabehera, irakaskuntza euskaraz eta gaztelaniaz da, erdibana. Nik dakidanez hor indartuta dago, beste ikasgairen bat gaztelaniaz ematen da, baina orokorrean euskara gehiago indartzen da. Ez dakigu, ez dugu azterketa bat aldea ikusteko. Nahiko kasu berezia da.

"Horrek oreka egiten dio gizartean dugun egoerari, non gaztelania nagusia da eta euskara, nahi eta ez, eskolatik indartu egin behar da"

Beste ereduen aldean, zer ematen du D ereduak?
Irakaskuntza, gehienbat, euskaraz ematen da. Maila batetik aurrera gaztelania ikasgaia da. Horrek oreka egiten dio gizartean dugun egoerari, non gaztelania nagusia da eta euskara, nahi eta ez, eskolatik indartu egin behar da. Horrek ez du esan nahi gaztelania gutxiago jakingo dutenik. Beste esparruetan gaztelania toki guztietatik dago. Ikusten da, esaterako, DBH bukaeran edo tarteetan ezagupen altua lortzen dutela, bai euskaraz bai gaztelaniaz. Gaur egun euskaldun guztiak elebidunak gara. Gainera bai Nafarroan, bai estatuan, bai nazioartean egiten diren neurketetan, esate baterako, 15 urterekin egiten duten Pisa neurketa ezaguna, ikusten da oso maila altua lortzen dela. Eta askotan gaztelanian Espainiako beste elkarte autonomoetan baino altuagoa.

Ingelesaren ezagutzarekin kezka duten gurasoei zer esanen zenieke?
Uste dut pixka bat maximizatu egin dela: "ingelesa beharrezkoa da". Hasieran esandakoa: ez da gauza bera zure hizkuntza propioa edo atzerriko hizkuntza bat. Gure D ereduan gure hizkuntza propioarekin jolasten ari gara. Irakasleak hizkuntza horretan bizi dira, eta baliabideak ditugu hemen. Ingelesa atzerriko hizkuntza da. Esaterako, zenbait kanta ingelesez entzuten ditugu, baina zer esaten duten ulertzen dugu? Nik ezetz uste dut. Kezka horrekin ni lasaiagoa egongo nintzateke. Irakaskuntzan gero eta gehiago indartzen ari da ingelesa, baina neurri batean merezi duela uste dut. Hezkuntzako prozesuaren azkenengo urteetan eman beharko genioke garrantzia, DBHtik aurrera. Adibidez Nafarroako institutuetan atal eleaniztunak daude, eta ingelesa beste ikasgaietan sartzen hasi da, baina DBHtik aurrera. Orduan merezi duela gehiago.

Sakanan zein ereduren alde egin beharko lukete gurasoek?
Nire iritziz, argi eta garbi, D ereduaren alde. Euskaldunek, argi, haien berezko hizkuntza dutelako. Horien erreferentzia hizkuntza da, familian erabiltzen dutena. Sozializaziorako oso inportantea delako. Eta ondoren ez dute inongo problemarik izango gaztelanian. Lehenago esan bezala, gure burmuinean, gure buruan, hizkuntza guztiek partekatzen dituzte eremu batzuk eta beste batzuk ez, hizkuntza bakoitzak bere gauza propioak dituelako. Baina haien artean badago transferentzia bat. Esan nahi dut: euskaraz ikasten ditugun mekanismoak gaztelanian, ingelesean, frantsesean erabiliko ditugu, baita etxekoa den beste hizkuntza batean ere. Hori bai guraso horiek animatzen ditut ez galtzeko haien hizkuntza propioa, esaterako: portugesa, arabiera, txinatarra... Oso inportantea da. Zeren, azken finean, hizkuntza guztietan ari gara erabiltzen mekanismo horiek, eta hizkuntza batek bestea eta bestea eta bestea aberasten du.

"Gurasoekin hitz egin eta esan komenigarria dela euskaraz ikastea"

Sakandar berriei mezu hori iristen zaie?
Informazio beharko lukete. Azken urtetan galdu dut, baina badakit Sakanako Mankomunitatetik horretan lan egin dela. Nik ez dakit nola egongo den egoera momentu honetan. Baina udaletxetatik, Sakanako Mankomunitatetik edo eskoletan bertan informazio pixka bat eman beharko litzaieke. Behintzat, guraso horiek izan ditzaketen kezkak edo zalantzak erantzun, edo inportantea litzakeena.

Zeren garai batean joera zen zuzenean A eredura bideratzea.
Bai, beldurragatik zegoen joera. Gurasoen informazioagatik, eta batzuetan zerbitzuetatik ere animatzen zuten jendea A ereduan matrikulatzera, arazorik ez izateko. Horrela zen, baina hori aldatzen ari da, zorionez. Ikusten ari direlako beharrezkoa eta onuragarria dela D ereduan matrikulatzea. Ez dela beldurrik izan behar. Baina informazio pixka bat ematea, bai. Eta kasu batzuetan maila soziokulturala zela eta ez zela... Nik jendeari esaten diot lasai egoteko, zeren gaur egun gure ikastetxeetan ikasleek aparteko laguntza behar badute, badago, ematen zaie. Logopedak daude. Ikasle bakoitzaren egoera aztertzen eta laguntza ematen zaio.

Hizkuntza kontutan izanda, komunitatea, sakandarrek zein paper jokatu beharko lukete matrikulazio garaian?
Gurasoen artean komunikazioa badago, halakoak komentatzea, eta beldur horiek uxatzea. Horretan ere eboluzionatu dugula uste dut. Jarrera irekia izan, gurasoekin hitz egin eta esan komenigarria dela euskaraz ikastea.

"Eskola ezinbestekoa eta oso beharrezkoa da, baina ez da dena. Umeak aritzen diren arloetan ere euskara landu behar da"

Euskara biziberritzeko hezkuntzarekin nahikoa da?
Ez. Argi dago, ezetz. Eskola bada bizitzaren parte bat. Ikerketa batean ikusi zen ume batek ematen duela eskolan bere bizitzaren %15a. Eskola ezinbestekoa eta oso beharrezkoa da, baina ez da dena. Beste arloetan ere euskara landu behar da, eta landu behar da haiek erabiltzen dituzten eremuetan, kirolean. Eta baliabideak eman. Gurasoak euskaldunak izan edo ez izan, argi dago haien errefortzua oso inportantea dela. Euskaldunak badira, argi dago, haiek zuzenean eragina dute. Baina euskaldunak ez badira, baliabideak ematea: liburuak, jokoak, telebista euskara ikustea, eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz egitea, kirolean euskara erabili behar dela... Haien sozializazio eremu guztietan aukera izatea euskaraz egiteko. Bestela, euskara eskola hizkuntza gisa gelditzen da, eta hor hain garrantzitsua den erabilera soziala pixka bat galtzen da.