D ereduak beherako joera hautsi du

Guaixe 2025eko otsailaren 26a

Ziordiko haurrak jolas parkerantz joaten. ARTXIBOA

Euskara hutsezko hezkuntza ereduak 0,3 puntu irabazi ditu. Ikasleen %80,5 dira D ereduan ikasten dutenak. Beste bi ereduek behera egin dute: ikasleen %15,7 dituen A ereduak 0,2 puntu eta ikasleen %3,8 hartzen duen B ereduak 0,1.

Euskarazko murgiltze ereduak ikasleen %80,5 hartzen ditu. Baina duela lau ikasturte baino bi puntu gutxiago da hori. Gaztelania hegemonikoa den testuinguruan, euskararen ezagutza unibertsala lortzeko ezinbesteko tresna da hezkuntza arautua. Eta horretan euskaran murgiltzen dituen D eredua da ibarrean ofizialak diren bi hizkuntzak ikasteko modurik onena. Horregatik, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, euskara hutsezko ereduaren aldeko informazioa gurasoen artean zabaltzen du urtero, haiek D ereduari buruz izan ditzaketen zalantzak uxatzeko. Gainontzeko sakandarrei eredu horren berri inguruan zabaltzera gonbidatu ditu.

 

Ibarreko erakundeak Sakanako ikastetxeetako matrikulazio datuak jaso ditu. Guztira 2.724 ikasle daude Haur Hezkuntzan (HH), Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), aurreko ikasturtean baino 23 ikasle gutxiago. Euskara Zerbitzuak jasotako datuen arabera, Sakanako ikastetxeetan gora egin duen eredu bakarra D eredua da, euskarazko ikasketak. Aurreko hiru ikasturteetako jaitsierekin hautsi eta D ereduak gora egin du Sakanan. Ikasleen %80,5 hartzen ditu, 2.192 ikasle guztira, aurreko ikasturtean baino 11 gutxiago. D ereduak matrikulen %80ko langa 2013-2014 ikasturtean gainditu zuen. Goia 2018-2019 eta 2020-2021 ikasturteetan jo zuen matrikulazioaren %82,5ekin. Baina ordutik gorabeherak izan dira. Jaitsiera izan duten hizkuntza ereduen artean txikiena B ereduak izan du. Gaztelania eta euskara irakasteko baliatzen du, baina Altsasuko ikastetxe batean euskara gehiagorekin indartzen dute. Bere ereduak ikasleen %3,8 hartzen ditu, 0,1 puntu gutxiago, hau da, 103 ikaslerekin aurreko ikasturtean baino lau ikasle gutxiago ditu ereduak. B ereduak 2020-2021 ikasturtean jaitsi zen matrikularen %4ko langatik, baina gehienetan kopuru horretatik gertu ibili da. A eredua da gaztelania ardatz eta euskara ikasgai duena. Bigarren urtez behera egin du, azken ikasturtean matrikularen %15,7 du, 0,2 puntuko jaitsiera. 429 ikasle ari dira A ereduan, aurreko ikasturtean baino zortzi gutxiago. A eredua Irurtzunen eta Altsasun eskaintzen da.

Zikloka

Haur Hezkuntza ibarreko ikasleen %19,24 ikasten ari da, guztira 524 ikasle dira, aurreko ikasturtean baino 24 gutxiago, baina 0,89 puntu gehiago. D ereduan ikasleen %84,54 dago (524 ikasle, 20 gehiago). Aurreko ikasturtearekin alderatuta 0,22 puntu egin du gora. A ereduari dagokionez, ikasleen %9,54 dago hartan matrikulatuta, 0,38 puntu behera; 50 ikasle dira, aurreko ikasturteko kopuru bera. Azkenik, bigarren urtez jarraian B ereduan ikasleen kopuruak gora egin du matrikularen %5,92 hartu arte, 0,16 puntu gehiago. Eredu horretan 31 ikaslek ikasten dute, aurrekoan baino bi gehiago.

Lehen Hezkuntza ikasten ari dira ibarreko ikasleen %46,85. Hau da, 1.276 ikasle, aurreko ikasturtean baino ,121 puntu eta 44 ikasle gutxiago. Euskarazko murgiltze ereduan ikasleen %81,21 ikasten ari da (1.047 ikasle, 25 ikasle gutxiago eta 0,84 puntu gehiago). A ereduan ikasleen %12,30 dago (157 ikasle, 13 ikasle eta 0,57 puntu gutxiago). Azken bi ikasturteetan beherako joera du. Azkenik, B ereduan aurreko bi ikasturtearekin alderatuta behera egin du. B ereduak ikasleen %5,64 ditu Sakanan (72 ikasle, 6 ikasle eta 0,27 puntu gutxiago).

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ibarreko ikasleen %33,92 ari da ikasten, 924 zehazki. Aurreko ikasturtean baino 0,32 puntu gehiago eta ikasle bat gehiago dira. D ereduak 0,43 puntuan behera egin du eta matrikularen %75,97 du. Guztira 702 ikasle, aurreko ikasturtean baino lau gutxiago. 2021-2022 ikasturtetik DBHko D ereduko ikasleen kopurua 700eko langatik gora mantentzen da. DBHn ez dago B eredurik eta behe mailetan eredu horretan ikasi duten ikasleek DBHra iristerakoan gurasoek, normalean, A ereduan matrikulatzen dituzte, euskararen kaltetan. Hala izan da ikasturte honetan ere. Izan ere, A ereduak ikasleen %24,03 ditu. Guztira 222 ikasle dira, aurreko ikasturtean baino bost gehiago. DBHko A ereduaren ikasle kopurua 2021-2022 ikasturtetik gora egiten ari da, lau ikasturtetan 29 ikasle irabazi ditu.