CPVk harrobia handituko du

Guaixe 2025ko ots. 24a, 09:00

Egibel harrobiaren ikuspegia Urbasako protutik. Eskuinean, Ziordia. ARTXIBOA

Mendebalderantz eginen du, %22 handituko da. 30 urterako jarduna bermatuko dio enpresari. Nafarroako Gobernuak ustiapen proiektua eta haren leheneratze plana onartu ditu. Ingurumen adierazpenean jasotako hainbat baldintza bete beharko dira.

Olatzagutiko bargan Cementos Portland Valderrivas (CPV) enpresak Egibel tuparri harrobia du. Hari mendebalderantz, Egiburun dermiorantz, Ziordirantz, jarraipena emanen dio enpresak. Aldi berean, aurreko aldea eta sarbideak berrantolatuko ditu, bide berriak eraikiz gaur egun dauden zenbait gabezia konpontzeko, segurtasuna hobetze aldera. Horretaz aparte, gainazal guztietan garatu beharreko leheneratze lanak birdefinitu ditu, bai gaur egun okupatutakoetan, bai proiektatutakoetan.

Harrobia handitzeko proiektua aurkezterakoan, hainbat alternatiba aurkeztu zituen CPVk. Horiek egiteko ingurumen, geoteknia eta meatze segurtasun baldintzez aparte, baliabidearen erabilgarritasuna, ekoizpen erritmoa eta eskatutako bolumena zituzten oinarri. Alternatibak ikusita, CPVk erauzketa mendebaldeko eremurantz aurreratzearen alde egin du. Izan ere, "eremu horretan, jarduerarekin jarraitzeko beharrezkotzat jotzen den material-bolumena dago, eta, gainera, aukera ematen du birmoldatze eta zaharberritze jarduketak egiteko harrobiko plazan, ustiapena aldatzen hasten denetik". Gaineratu duenez, "alternatiba horri esker, kota altuetan sortzen ahalko dira akaberako topografiak; ustiatze aurrekalde osoa komunikatuko da, ekialdean egin beharreko lur erauzketei modu programatuan eta mailakatuan heldu ahal izateko, eta harrobiaren barruan guneak izanen ditu meatzaritzako hondakinak kudeatzeko". Alternatiba horrek ere sarbide pistak egiteko baldintza hoberenak dituela uste du enpresak, "habitatak okupatzeagatik ingurumen ukipena minimizatzen baita, eta gainerako baldintzatzaileak kontuan hartuta". Sarbide berri horiek Ziordian egitea aurreikusi du.


Egibel harrobian kamioia maldan behera. ARTXIBOA

Proiektuaz
CPVk aurkeztutako proiektua 79,3 hektareako azalera hartzen du. Horietatik, 59,5 ha egungo ustiapen eremuarenak dira, eta 19,8 ha, proiektuak ukituko dituen lursail berriarenak: ustiapen eremukoak (13,15 ha) eta sarrera bide berriek ukitutakoak (6,65 ha). Proiektu berriak, guztira, meategiak hartzen duen azalera %22 handitzea dakar, eta %33,2, sarbideek hartzen duten azalera berria kontuan hartuz gero.

24.423.958 m³-koa da bolumen ustiagarri osoa. Horietatik, 196.086 m³ dira okupazio berriko gainazalean erauzitako lurrak, eta leheneratzean erabiliko dira. %7ko errefusa aurreikusten da (1.695.951 m³). Horrenbestez, mineralaren azken bolumena 22.531.921 m³ izanen da, eta meatzaritzako hondakina 1.892.037 m³; hau da, 0,084koa da meatzaritzako hondakin / mineral ratioa. Fabrikaren beharrak kontuan hartuta (750.000 m³/urte), kalkulatzen da 30 urte ingurukoa izanen dela jarduera garatzeko denbora.

Ustiapenak egungo proiektuaren gehieneko 780 metroko eta gutxieneko 575 metroko kotak mantenduko ditu. Bankuen altuera 20 metrokoa izanen da; bermen zabalera, 7,50 metrokoa, eta bankuen ezponda, 55° gradukoa. Bide sareak noizbehinkako erabilera izanen du, makinak aurrealdera sartzeko. Erauzketa lehergaien bidez eginen da; horren aurretik, bankua prestatuko da, belar-sastrakak moztuz eta landare-lurraren geruza erauziz. Lehertutako materiala aurrealdetik beheko bankuetara edo beheko plataformara eroriko da. Han, kamioietan kargatuko da atzerakako hondeamakinaren bidez, plazaren iparraldean dagoen lehenbiziko xehamakinaren toberaraino eramateko.


Egibel harrobia eta ondoko pabiloiak. ARTXIBOA

Xehamakinak 1.200 tona metriko orduko batez besteko ahalmena du, eta helburu du abiapuntuko materiala 1.200 mm-rainoko granulu tamainatik 25 mm-tik beherako tamainara txikitzea. Birrintzeko instalazioak erabat ehortzita daude sortutako hautsa atera ez dadin, batetik, eta xehamakinaren mailuek lehertutako materialarekin duten inpaktuak eragindako zarata minimizatzeko eta isolatzeko, bestetik. Ehun iragazleko elementuak erabiltzen dituen autogarbiketa jarraikiko Air Jet motako iragazkiak ditu, aire- edo gas-korronteak garraiatutako partikula submikronikoak atxikitzeko gai direnak. Lehenbiziko birrinketako tratamendua egin ondotik, materiala zementu-fabrikara eramaten da uhal garraiatzaile baten bidez. Harrobiko instalazio horiek guztiak existitzen dira jada, eta horiek ematen diote zerbitzu jarduerari.

Erauzitako lur geruzak, ahal dela, harrobiko plazan pilatuko dira, bankada bakoitzaren ustiapena bukatu ahala gehitzeko, leheneratze lanen barruan. Proiektuak bi kokaleku baloratu ditu meatzaritzako hondakinak biltegiratzeko. Lehenbizikoa harrobiko plazaren erdialdean dago, eta plazaren barruan garatu den landaredia mantenduta prestatuko da. Landaredi hori mantendu nahi da, ahal den heinean, gaur egun zenbait balio interesgarri baititu. Horrela, aurreikusi da lurrak gehitzeko aukera, tarteko erliebe bat eratzeko. Horri esker, plazaren zati handi batean azken topografia lortuko da, eta leheneratze-lanak pixkanaka egiten ahalko dira. Horretaz gain, zenbait morfologia sartuko dira, eta, haien ondorioz, zenbait jarduketa eginen da, eta landaredia ezarriko da. Soberako gainerako materialak eremu hori eratu ondotik gehitzen ahalko dira plazaren betelanean, 575 eta 595 koten artean.


Egibeleko harrobian enpresako ibilgailua. ARTXIBOA

Alegazioak 
Olaztiarrak eta ziordiarrak banaka eta taldeka (45 eta 80), eta Olatzagutiko ehiza barrutiak, CPVren proiektuari alegazioak aurkeztu zizkioten. Proiektua tramitatzerakoan hainbat erakunderen iritziak jaso zituen foru gobernuak: Biodibertsitate Zerbitzua, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren atala, Ebroko Hidrografia Konfederazioa eta Olatzagutiko eta Ziordiko udalak. 


Egibel harrobiaren ikuspegia Sasarteko bidetik. ARTXIBOA

Joseba Vizuete Askargorta eta Olatz Irizar Martinez Olatzagutiko eta Ziordiko alkateak dira. Biek azaldu dutenez, udalez aparte herritar talde handi bat dago proiektuaren kontra. "Harrobiarekiko udal bakoitzaren abiapuntua desberdina izanik ere, elkarrekin egin dugu proiektuaren kontra borroka". Vizuete kexu da Nafarroako Gobernuak aurkeztutako alegazio bat bera ere ez duelako onartu. "Bilerak egin ditugu gobernuko ordezkariekin, baina ez digute batere kasurik egin". Ziordiaren kasuan, alegazioen ondoren, aurreikusitako pistak 5 km-koak izan beharrean 2koak dira. Hala ere, Irizarrek esan duenez, "udal kaltetuak izanik, gu eta herritarrak ez gaituztela entzun sentitzen dugu". 

Olatzagutiko eta Ziordiko udalak ez dute ulertzen enpresak zergatik eskatu duen handitzeko baimena eta gobernuak zergatik eman dion. "Harrobian oraindik 20 bat urterako materiala dute. Urtero 700.000 tona ateratzea aurreikusi dute. Enpresak udalari ateratzen duenaren arabera ordaintzen dio eta halako kopururik ez dute sekula atera", azaldu du Vizuetek. 


Olatzagutiko ikuspegia, Egibel harrobia atzean duela. ARTXIBOA

Vizuetek azaldu duenez, "orain harrobiak 800 bat metroko zabalera hartzen du. Mendebaldean, Egiburun dauden pinuek begi inpaktua murrizten dute. Baina harrobia aurreikusitako guztia zabalduko balitz 1,5 kilometro hartuko lituzke. Aguraindik ikusteko moduan", zehaztu du olaztiarrak. Irizarrek berretsi duenez, "pinuengatik gaur egun Ziorditik harrobia ez dela ikusten, baina handitzean ikusiko da". Vizuetek gaineratu duenez, harrobiak halako zabalera ez hartzeko, berreskuratze plana lehenago martxan jartzea litzateke konponbidea. Gobernuaren ebazpena eskutan, bi udalak hartu beharreko estrategia zein izan behar den aztertzen ari dira. Emanen duten pausoetako bat enpresarekin biltzea izanen da.