Udako igerileku gehienak araudira egokituta daude

Guaixe 2025ko ots. 26a, 09:00

Aitziber elkarteak aurten berritu nahi ditu igerilekuak. ARTXIBOA

Zortzitik bakarra, Ziordikoa da egokitzapen lanak egiteko bete beharra duena. Irurtzunen eta Urdiainen bidean daude. Lanak egiteko epea 2026ko udara arte luzatu du foru administrazioak.

sakana

Sakanan udako zortzi igerileku daude beste horrenbeste herritan. Guztiak ere Nafarroako Gobernuak 2018an onartutako higiene, osasun eta segurtasun araudia bete beharra dute. Legediak hasiera batean aurreikusi zuen igerileku guztiak beharrezko egokitzapenak 2021eko ilbeltzerako eginak izan behar zituztela. Baina pandemiagatik gobernuak 2025eko ilbeltzera arte luzatu zen. Orain 2026ko udara arte luzatu dute, baina dokumentazioa maiatzaren 31rako prest egon behar du. 

Ibarreko egoera

Irurtzungo Udalak joan zen urtean igerileku handia berritu zuen. Behean dauden igerileku txikiak konpontzeko finantziazioa lortzeko udala aztertzen ari da lanak Toki Azpiegitura Planeko deialdira aurkez ote ditzakeen. Hala ere, goiko igerilekuan jarritako uraren kalitatea eta kontrol sanitarioa automatizatzeko sistema behera jarriko da igerileku txiki eta ertainean. Horretarako 35.000 euro daude aurrekontuan. Gainera, tabernako terrazarako sarbidea irisgarria izateko lanak eginen dira.

Uharte Arakilgo Udalak igerilekuak egokitzeko lanak udazkenean hasi zituen. Hala ere, lanek ez dute hartuko azpiegituren atala, eta hura legeztatzeko obra egiteko finantziazio bila ari da. Udalaren asmoa da udarako erabat legeztatuta egotea kirol azpiegitura.

Lakuntzako Udalak igerilekua legedira joan zen urtean egokitu zuen. Etxarri Aranazko igerilekuak ere legedira egokituta daude. Bestalde, Urdiaingo Aitziber Elkarteak igerilekuak legedira egokitu eta eraberritzeko Nafarroako Gobernutik zuzenean 90.000 euro jasoko ditu. Elkartearen asmoa da lanak udarako despeditzea. Geroa Baik eta EH Bilduk foru gobernuaren aurrekontuari aurkeztutako emendakin bati esker jasoko du dirua.

Altsasuko Dantzalekuko igerilekuak legedira egokituta daude. Azken lana, igerilekuen perimetroko hesia 1,2 metroko altuera zuen batengatik aldatzea, 2024an eginzen. Bestalde, Altsasuko Udalak 2021ean igerileku handia eta plisti-plastarako igerilekuak berritu zituen. Igerileku ertaina eta konpentsazio ontziak eraberritzeko obra kontratatzeko espedientea onartu du. Lan horiek joan urtean eman nahi izan zituen baina hiru deialdi egin eta ez zuen eskaintzarik jaso. Orain beste kontratazio espediente bat onartu du, diru gehiagorekin eta lanak bi lote desberdinetan zatituz, enpresak aurkeztea errazteko. Udalaren asmoa da obra udako denboraldirako despedituta egotea. Bestalde, erredakzioa ixterakoan ez genuen Olatzagutiko daturik. Azkenik, Ziordiko igerilekuak araudira egokitzeko daude.