Txirrindularitza

Sakandarrek gogotsu ekin diote denboraldiari

Maider Betelu Ganboa 2025eko otsailaren 24a

Nahia Imaz, Setmana Ciclista Volta Femenina Comunitat Valencianan. Massi bax ter

Nahia Imazek Volta Femenina Comunitat Valencianan debutatu zuen, Ane Beltran Jaengo Woman Klasikoan aritu zen eta Ane Berastegi Espainiako Omnium Txapelketako Top 5ean sailkatu zen

Txirrindularitza denboraldia indartsu hasi da. Aurten Massi Baix Ter talde kataluniarrean hasi den Nahia Imaz Perez altsasuarrak UCI mailako Setmana Ciclista-Volta Femenina de la Comunitat Valencianan parte hartu zuen otsailaren 13tik 16ra. Hiru etapa osatu zituen altsasuarrak, baina laugarrena eta azkena ezin izan zuen despeditu. Hala ere, talde eta maila berriari tamaina hartzen ari da altsasuarra, eta kontentu dago. Otsailaren 22an Massi Baix Ter taldeak aurkezpen ofiziala egin zuen Torremirona Hotelean, Empordan, eta bertan egon zen Imaz. 

Beltran Jaen Woman-en
Ane Beltran de Heredia altsasuarra Timac Agro Ermitagaña taldeko txirrindularia da, junior mailakoa. Otsailaren 16an Jaen Woman Klasikoan parte hartu zuen, Nazioen Koparako baliagarria den proba. 84,5 kilometroko proba zen, sterratoko lau eremu zituena. Paula Ostiz nafarra Espainiako junior selekzioko buru zen; Ingalaterrako selekzioko Erin Boothmanekin lehia estua izan zuen. baina esprintean britainiarra gailendu zitzaion (2:11:12). Ane Beltran de Heredia 39. postuan sailkatu zen (2:21:17). 

Berastegi, Omnium-ean bosgarren
Txirrindularitzako errepide egutegia hasi berri da, baina neguko pista egutegiak oraindik aurrera darrai. Otsailaren 8an Espainiako Omnium eta Madison Txapelketak jokatu ziren Galapagarren. Tartean Beratxa Sport taldeko Ane Berastegik parte hartu zuen, Nafarroako selekzioarekin. Txirrindulari arbizuarrak primerako lana egin zuen eta Omnium finalean bosgarren sailkatu zen, 94 punturekin. Leire Almena (Valentzia) izan zen txapelduna (165 puntu).

 

Goikoetxea, Madisonen
Ilbeltzeko bigarren astean Madrilek pista txapelketa garrantzitsua hartu zuen: Madrilgo Lau Egunak. Tartean, Beratxa Sport Ecologicos de Navarra taldeko Siets Goikoetxea urdiaindarra lehiatu zen. Madrilgo Lau Egunetako sailkapen nagusian Siets Goikoetxea hirugarren sailkatu zen, bere taldekide Zayra Barearen eta Maria Caballeroren atzetik. Bestalde, Sietsek eta Mariak bikotea osatu zuten Madisonen, eta lehenak, irabazleak izan ziren.