Errotuluak euskaraz jartzeko dirulaguntza dago

Guaixe 2025ko ots. 27a, 09:00

Bakaikuarrak herriko dendaren parean eta barruan. ARTXIBOA

Merkataritza eta ostalaritza establezimenduei eta elkarteei zuzenduta dago.

Sakanako Mankomunitateak errotuluak euskaraz jartzen dituzten merkataritza eta ostalaritza establezimenduendako eta elkarteendako dirulaguntzak ematen ditu. Ibarreko erakundeak diruz laguntzen du errotuluak, toldoak eta merkataritza ibilgailuen errotulazioa. Horretarako, Euskara Zerbitzuak 1.500 euro bideratu ditu, baina kopuru hori handitu edo txikitu dezake. 

Euskara hutsean idatzita dagoen errotulua jartzen duenari gastuaren %80 ordainduko dio Mank-ek, beti ere, gehienez 500 euroko mugarekin. Euskaraz eta erdaraz idatzita dagoen errotulua jartzen duenari %40 ordainduko zaio. Kasu horretan, gehienez ere 250 euro jasoko lirateke. Elebidunak diren errotuluek dirulaguntza jasotzeko elebitasun pizgarriaren irizpidea izan beharko du, hau da: euskarazko testuak tamainarengatik, tokiarengatik edo azpimarratuta egoteagatik izanen du lehentasuna.

Errotulua jartzeagatik dirulaguntza eskatu nahi dionak eskabideak ibarreko erakundeari lastailaren 31ra arte aurkez diezaioke. Deialdiari buruzko informazioa sakana-mank.eus webgunean dago.