Andaluziako Itzulia zapore gazi-gozoarekin despeditu da Iker Mintegirendako. Euskaltel Euskadiko txirrindulari altsasuarra azken etapako ihesaldi onean sartu zen, baina helmugatik 6 kilometroren faltan erorikoa izan zuen. Zorionez, ez zuen min larririk izan, baina etapa garaipenaren borrokatik kanpo geratu zen. Jon Barrenetxeak (Movistar) irabazitako etapan 61. sailkatu zen altsasuarra, 4:45era. Igor Arrieta uharte arakildarra (UAE Emirates) 57. sartu zen, 1:52ra.
Sailkapen orokorrari dagokionez, Arrietaren taldekide Pavel Sivakov-ek lortu du Andaluziako Itzulian gailentzea, Thomas Pidcock bretainiarrari 23 segundo aterata. Igor Arrieta Top20an sailkatu da, hemeretzigarren, 9:45era, eta Iker Mintegi 27. postuan, 21:06ra. Andaluziako Itzuli bikaina egin dute bi sakandarrek.
Euskaltel Euskadi taldea pozik dago talde laranjak Andaluziako Itzulian emandako mailarengatik, baina gehiago merezi dutela uste du: “Egunez egun irudi hobeagoa eman du taldeak Andaluziako Itzulian eta azkeneko etapan Iker Mintegi ihesaldian bikain aritu da. Talde honek gehiago merezi du” azaldu du talde laranjak Sare Sozialetan.
Igor Arrieta ere pozik dago denboraldi hasierarekin. “Denboraldi hasiera ona Andaluzian” idatzi du Sare Sozialetan. Egun berean Tadej Pogacar bere taldekideak UAE Tourra irabazi zuen hirugarrenez, eta bere taldekide Joao Almeida bigarren sailkatu zen Volta ao Algarven, Jonas Vingegaard (Visma) txapeldunetik 15 segundora. UAE Emirates-ek talde onena jarraitzen du izaten.
Ailetz Lasak ez zuen Volta ao Algarve bukatu
Ailetz Lasa ziordiarrak (Tavira) profesional mailan bere lehen proba garrantzitsua jokatu zuen, Volta ao Algarve. Ziordiarra txukun hasi zen eta lehen hiru etapak jokatu zituen, baina gero lasterketa utzi zuen. Jonas Vingegaard-ek (Visma) irabazi du, Joao Almeidari (UAE Emirates) 15 segundo aterata.