Abiadura Handiko Treneko (AHT) Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta Nafarroako korridoreak Gasteizen lotu behar direla esan zuen atzo Ramon Alzorriz Goñik, PSNren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak. Alzorrizek azpimarratu zuenez Ezkio-Itsasoko aukera ez da "bideragarria ez fisikoki, ez ingurugiro aldetik, ez ekonomikoki". Gaineratu zuenez, "errealistak izan behar dugu. Ezkio-Itsasokoa ezin liteke egin. Bide posible bakarra Gasteizkoa da. Ez dugu Nafarroako mendilerro bat zulatu nahi 20 kilometro alde batera eta beste 20 bestera. Akuiferoak suntsitzea eta ingurumenari eraso egitea da". PSNk halakorik ez duela onartuko gaztigatu zuen.
Bozeramaile sozialistak gogorarazi zuen Ministerioa bi aukeren ingurugiro azterketak egiten ari dela, baina bere taldearen iritzia argia dela, Espainiako Gobernuak "bere lana" egin behar duen arren. EAEko sozialisten artean Arabakoak Gasteizko loturaren alde egiten dute, Gipuzkoakoak, berriz, Ezkio-Itxasokoaren alde.
Hego Euskal Herriko AHTren bi ibilbideak Gasteizen lotuko balira, AHTren trenbideak Sakana zeharkatuko luke.
Erreakzioak
Javier Esparza UPNren bozeramaileak kritikatu zuenez, "Euskal Y-aren lotura Pedro Sanchezek nahi duen tokitik egingo da. Ez du zerikusirik ingurugiroarekin". Bozeramaile erregionalistaren esanetan, "EH Bildu guztiaren kontra dago, Aralarren tunela egitearen kontra ere bai, eta Pedro Sanchezek milioika euro aurreztuko lituzke". Esparzak gaineratu zuenez, "egin diren AHTko kilometro guztiekin Nafarroa solidarioa izan da. Ez bada urteko 350 milioiko ahalegina egiten, AHTrena inoiz bukatuko ez den lana izanen da".
Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak erantzun zuen AHTren eta Nafarroan duen eraginaren kontra dagoela. Horregatik, "egungo azpiegitura aprobetxatuko lukeen tren soziala" defendatu zuen: "ez dugu zalantzarik Gasteizeko lotura hobetu behar dela. Baina gainerakoak lurralde mailako eztabaida alderdikoiak dira; Arabako erakundeetako ordezkariek gauza bat esaten dute, eta Gipuzkoakoek, beste bat".
Pablo Azkona Geroa Bairen ordezkariak "zentzuz" jokatzeko deia egin zuen, eta "desegokitzat" jo zituen sozialistaren hitzak. Aldi berean, "zuhurtzia" eskatu zien sozialistei: "gai serio eta garrantzitsua da Nafarroarendako. Gauza asko erori daitezke aukeratzen den trazatuak nafarren eta bere industriaren beharrei erantzuten ez badie". Hain zuzen, koalizio horrek Gipuzkoako lotunearen alde egin zuen, eta Azkonak nahi hori berretsi zuen atzo ere, argudiatuta "mapari erreparatu" besterik ez dagoela hura defendatzeko. Eta Espainiako Garraio Ministerioari eskatu zion ondo aztertzeko azken hilabeteetan mahai gainean jarri den alternatiba.
Alzorrizen adierazpenen harira, Garraio Ministerioarendako galderak erregistratu ditu Espainiako Senatuan Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek. Ezkioko lotuneari buruzko txostena bukatu ote duen galdetu dio Barkosek Espainiako Gobernuari. Zehazki, "prospekzioen bukaera data zehatza" eta txostenaren edukia eskatu ditu, eta galdetu du ea txostenean jasota dagoen "akuiferoak suntsitzeari buruzko aipamenik". Era berean, Barkosek Ministerioari eskatu dio "aipatu ondorioetan Pajaresko tunelarekin alderatzeari buruzko erreferentzia zehatzak" eta "obra horren kostu ekonomikoagatiko bideraezintasunari buruzkoak".
PPtik, Javier Garciak PSNri galdetu zion PSOEk EAEn eta Estatuan egin nahi duena egingo duen, ala "Nafarroa defendatuko" duen.