Gizonezkoen erregional mailako 21. jardunaldiak derbi sakandarra zekarren. Lagun Arteak Altsasu liderra hartu zuen larunbatean Lakuntzako Zelai Berri futbol zelaian. Derbiak pizten duen arretari Altsasu lider sendoa dela gehitu behar zaio, eta ikusmina handia zen.
Lehen zatia oso borrokatua izan zen; bi taldeek itxura oso ona erakutsi zuten, eta atsedenaldira husnako berdinketarekin joan ziren. 58. minutuan Gorka Egurzak Lagun Arteako harmailak altxarazi zituen sartutako gol ederrarekin. 1-0 aurreratu zen Lagun, eta ordura arte ligan galdu ez zuen Altsasuk nola erantzungo zuen zen zaleen zalantza. Partida are borrokatuagoa bilakatu zen, eta tentsioa zen nagusi Zelai Berrin. Jokaldi baten ondoren Adur Kanpo Lagun Arteako atezaina kexatzen hasi zen. Ogibidez fisioterapeuta da Kanpo, eta bera kexatzea ez zen batere seinale ona izan. Arbitroak Altsasuren aldeko penaltia agindu, eta bana berdindu zuen Javier Guisadok. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen, eta jokaldi korapilotsuan, Jon Lopez de Goikoetxeak Altsasuren bigarren gola sartu zuen, eta Adur Kanpo atezaina lurrean geratu zen, minduta. Arbitroak lau txartel atera zizkion Lagun Arteari: txartel bikoitza Jon Arraizari, kexatzeagatik; txartel horia Asier Artasori, kexatzeagatik; eta Santiago Suarez Lagun Arteako entrenatzaileak txartel gorria ikusi zuen.
Lagun Arteak galera handia izan zuen: jokalari bat gutxiagorekin geratzeaz gain, Adur Kanpo atezaina lesionatu zenez, Jose David Ramos sartu zen bere ordez. Jokoak aurrera segitu zuen eta bi taldeek aukerak izan zituzten. Lagun Arteak ez zuen etsi, baina partida bukatzear zela, 89. minutuan Eneko Verak gola sartu zuen, eta 1-3 irabazita, oraindik ligan galdu gabe segitzen du Altsasuk.
Etxarri Aranatzek, bere aldetik, jipoi gogorra jaso zuen Arrotxapean. Ioseba Bakaikoaren mutilak ez daude galtzera batere ohituta, baina larunbatean ezer gutxi egin ahal izan zuten Rotxapea B taldearen kontra. Iruñeko taldeak lehen gola sartu zuen 12. minuturako, eta bigarrena 10 minutu beranduago. Etxarri Aranazko jokalariak saiatu ziren, baina ezin. Bigarren zatian partidari buelta emateko asmoz atera ziren El Irati zelaira etxarriarrak, baina Rotxapeak ongi eutsi zien, eta eurak izan ziren beste bi gol sartu zituztenak, 65. eta 75. minutuetan. Horrela, 4-0 galduta itzuli ziren etxarriarrak.
Sailkapena eta datorrena
Altsasuk lider sendo jarraitzen du, partidarik galdu gabe (61 puntu), San Jorgeren (54 puntu) eta Etxarri Aranatzen (48 puntu) aurretik. Lagun Arteak zazpigarren postuan jarraitzen du (32 puntu). 22. jardunaldian Altsasuk sailkapenean hamahirugarren den Beti Onak B taldea hartuko du martxoaren 1ean, larunbata, 17:00etan. Lagun Arteak sailkapenean hamargarren den Universidad de Navarra B taldea du aurkari, martxoaren 1ean, larunbata, 15:30ean Iruñean.
Etxarri Aranatzek Amaya du aurkari, baina partida atzeratu du asteburuan kopako finalerdia jokoan duelako.