Futbola

Unai Zubiria eta Xabier Goñi, Nafarroako afizionatuen selekziora

Guaixe 2025ko ots. 26a, 10:13

Unai Zubiria, ezkerrean, Bidezarra taldetik selekziora deitu dituzten bere bi taldekideekin: Ander Oses eta Mikel Cruz. BIDEZARRA

Otsailaren 26an lehen entrenamendu saioa egingo dute Larrabiden. UEFA-ko Eskualdeen Kopa prestatzea da helburua

Urte eta erdiko geldialdiaren ondoren Nafarroako gizonezko afizionatuen selekzioa martxan dago. Helburua bi urtetik behin jokatzen den UEFA-ko Eskualdeen Kopa prestatzea da. Jaime Sanchez hautatzaileak 25 jokalari deitu ditu, eta tartean bi sakandar daude: hirugarren mailako Noaingo Bidezarra taldean jokatzen duen Unai Zubiria Gartziandia lakuntzarra, eta hirugarren mailako Iruñeko San Juan klubeko Xabier Goñi Gastesi irintarra. Otsailaren 26an lehen entrenamendu saioa izango dute, 19:30ean, Larrabiden. 

UEFA-ko Eskualdeen Kopako egungo txapelduna Galizia da. Txapelketan futbolari amateur edo afizionatuz osatutako Europako eskualdeetako makina bat selekziok parte hartzen dute. Hasieran hiru fase ditu txapelketak, eta talde onenak bukaerako edo azkeneko fasera sailkatzen dira. Zalantzarik gabe, Nafarroako afizionatuen selekzioan parte hartzea primerako aukera da Unai Zubiriarendako eta Xabier Goñirendako. 

Zubiriak hirugarren mailako pitxitxi jarraitzen du
Unai Zubiriak eta Xabier Goñik hirugarren mailan jokatzen dute. Biak denboraldi bikaina egiten ari dira, San Juan bosgarren (40 puntu) baita sailkapenean, eta Bidezarra zazpigarren (38 puntu). Unai Zubiria lakuntzarrak, gainera, hirugarren mailako pitxitxi izaten jarraitzen du, 12 golekin (2 penaltiz), Valee de Egüeseko Xabier Goikoetxearen aurretik (11 gol, 1 penaltiz). Xabier Goñik 6 gol sartu ditu, momentuz, denboraldian (1 penaltiz).