Sakana berdinzaleagoa eta feministagoa eraikitzeko bost konpromiso

Guaixe 2025eko martxoaren 5a

Toki erakundeek mugimendu feministaren deialdietanparte hartzera deitu dute. ARTXIBOA

Ibarreko erakundeen iritziz, "genero berdintasuna oraindik lortu gabe dagoen justizia sozialeko auzi bat da. Legeek eta araudiek berdintasun formala aitortu arren, berdintasun erreala ez da lortu, egunerokoan oztopo nabarmenei aurre egin behar baitiete"

Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, udalek eta Sakanako Mankomunitatea erakunde adierazpena onartu dute, Desberdinkeria errealitate, justizia lortzeke izenburua duena. Ibarreko erakundeen iritziz, “ezinbestekoa da aurrera egitea emakume guztien lana aintzat hartu eta baloratuko duen gizarte baterantz, erantzukidetasuna eta berdintasun politikak sustatu eta berdintasun erreala eragozten duten oztopoak ezabatuko dituen gizarterantz”. Gaineratu dutenez, “Fake news edo albiste faltsuak eta berdintasuna jada lortua dela baieztatzen duten mito antifeministak atzean uzteko garaia da”. 

Aldi berean, udalek eta Mank-ek erakunde, enpresa eta herritarrei eskatu diete “arduraz jokatzeko, oraindik ere gure gizartean irauten duten genero arrakalak desagerrarazteko”. Bide horretan erakundeek bost konpromiso hartu dituzte. Lehena erantzukidetasuna sustatzeko sentsibilizazio programak eta kanpainak diseinatu eta abian jartzea da. Horietan gizonak eta emakumeak neurri berean inplikatu eta intersekzionalitatea kontuan hartuko dituzte, egoera zaurgarrienetan dauden kolektiboen behar espezifikoei erantzuteko.

Bigarren konpromisoaren bidez erakundeetako generoari loturiko soldata arrakalaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko neurriak garatuko dituzte. Aldi berean, lan hitzarmenek eta akordioek emakumeen lanaren balorazio justua islatzen dutela bermatuko dute, bereziki sektore feminizatuetan. Hirugarren konpromisoa da ordaindu gabeko lana bizitzaren iraunkortasunerako ardatz nagusi gisa aitortzea eta baloratzen duten tokiko politikak ezartzea, eta pertsona guztiendako zerbitzu publiko unibertsalak bermatzea.

Toki erakundeek konpromisoa hartu dute genero berdintasunari buruzko etengabeko prestakuntza eskaintzeko beraien erakundeetako langile guztiei, eta politika publikoak eta administrazio erabakiak genero ikuspegiarekin aplikatzea. Azkenik, mugimendu feministak arlo horretan egindako ekarpenak eta lana aitortzeko konpromisoa hartu dute, eta antolatzen dituzten ekitaldi eta kontzentrazioetan parte hartzera gonbidatu dute.

Desberdintasunaz
Adierazpenean udalek eta Mank-ek nabarmendu dutenez, “ordaindutako eta ordaindu gabeko lanaren dualtasunaren emaitza egiturazko desberdintasuna da, urgentziaz agerian jarri eta konpondu behar dena. Horixe bera salatzen ari da feminismoa 60ko hamarkadatik, alegia, zaintza lanen kontzeptuaren esanahia berrikusi zenetik”. Emakumezkoek “egunerokoan oztopo nabarmenei aurre egin behar” dietela gaztigatu dute toki erakundeetatik. Horretarako Nafarroako estatistikak hartu dituzte oinarri gisa.