Hiru ardatz nagusi hartu ditu Sakanako mugimendu feministak Martxoak 8 Emakume Langilearen Nazioarteko egunerako. Aurrena, indarkeria matxista da. Feministek azaldu dutenez, "emakume* trans eta bollerok jasaten ditugun eraso eta menderakuntza egoerekin amaitu beharra dago. Erasoak, soldata arrakala, egiten dugun ordaindu gabeko lana, kristalezko sabaiak… Indarkeria dira eta sistema betikotzeko ezinbesteko tresnak dira".
Hurrena, krisi ekosozial "globala" da. "Kapitalismoak, patriarkatuak eta kolonialismoak bere fase neoliberalean eragindakoa da, sustrai sakonak dituena. Bizitza akabatzen duen sistema baten aurrean gaude: bai pertsonen bizitzak, bai natura bera", azaldu dute. Salatu dutenez, "natur baliabideak eta lurra bera erabat pribatizatuta daude eta hazkunde amaigabearen logikak, planetaren mugak ez ditu kontuan hartzen. Hemen ere, negozioa eta merkantilizazioa dago beste ezeren gainetik". Gaztigatu dutenez, "lurren pribatizazioa eta ustiapena ez da ausaz gertatzen. Iparraldeko herriek hegoaldekoak kolonizatzen jarraitzeko ezinbesteko tresna da, eta Euskal Herritik ere badugu ardura hori salatzeko eta horrekin bukatzeko ardurak exijitzeko".
Atzeneko ardatzarekin "egungo sistema arrazista eta koloniala betikotzen dituzten migrazio politikak" salatu dituzte. Mugimendu feministako kideek aldarrikatu dute "atzerritartasun legearekin bukatzea". Gaineratu dutenez, "premiaz borrokatu eta aldarrikatu behar ditugu migrazioaren kontra ematen ari diren jarrera arrazistak eta segurtasunaren izenean polizia gehiagoren beharra aldarrikatzen dituztenen diskurtsoak, zeinak arrazakeria areagotzen duten".
Testuingurua
Feministek gogoratu dute 2023ko azaroaren 30an egin zen lehen greba feminista orokorretik "testuingurua ez da asko aldatu. Ezberdinkeriek bere horretan diraute, eta sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistak birfundatzen jarraitzen du. Zapalkuntza mekanismo forma berriak agertu dira, botere erlazio forma konplexuak agertu zaizkigu eta ezin dugu dena dikotomia sinpleetan ulertu".
Mugimendu feministako kideek "eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikus dezakegu hainbat esparru eta sektoretan". Gaztigatu dutenez, "ez da soilik urrutiko zerbait, eskuinetik datorrena ez da mugimendu estanko bat. Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada". Horrek guztiak "emakume*, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du batez ere, sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazistaren sostengurako ezinbesteko harreman eta ideiak sortzen eta hedatzen dituzte".
Feministek ere begitan hartu dituzte "jarrera eta posizionamendu belizistek ere indarra hartzea". Azaldu dutenez, "horrek zuzenean gure gorputz eta lurraldeen kontrako zapalkuntzak areagotzera garamatza. Indarkeriak dituen askotariko espresioen gorakada dakar horrek, eta guk, horren aurrean indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea nahi dugula aldarrikatu nahi dugu".
Mugimendu feministako kideek "lan eta borrokaren ondorioz, duela urte batzuk pentsaezinak ziren garaipen ugari lortu" dituztela aitortu dute. "Hala ere, ez da erraza izan. Mugimendu feministak pauso bat egiten duen bakoitzean, oldarraldi erreakzionario bat jasotzen dugu bueltan pribilegioak kolokan ikusten dituztenen partetik". Eta gizonei zuzenduta, azaroaren 25eko leloa gogora ekarri dute: ez bazara konponbide arazoa zara. "Eta zoritxarrez, arazo izaten jarraitzen duzue. Emakume*, trans eta bolleron zapalkuntza betikotzen duen sistemaren sostengua zarete".
Kideek "feminismoekin posizionatzeko ausardia" aldarrikatu dute, "norbere erosotasunetik ateratzeko aldarri gisa eta erresistentzia eta ofentsibarako lubaki gisa". Azpimarratu dutenez, "feminismoa ezkerreko borroken erdigunera ekarri behar dugu, feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eraldaketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua".
Martxoaren 8ko Mugimendu Feminismoaren mobilizazioak Sakanan
Martxoak 7 ostirala
19:00 Sakana mailako manifestazioa, Foru plazatik Iortia zabalguneraino.
Martxoak 8 larunbata
12:00 Kontzentrazioa, Uharte Arakilgo plazan.
12:00 Kontzentrazioa, Arbizuko plazan.
12:30 Manifestazioa, Irurtzungo plazatik.
12:30 Kontzentrazioa, Etxarri Aranazko plazan.
12:30 Kontzentrazioa, Urdiaingo Herrienetxearen aurrean.
13:00 Kontzentrazioa, Iturmendiko plazan.