Irurtzungo plazak asteartero azoka hartzen du. Baina azokarekin batera, otsailaren 18az geroztik, elkartasun bilketa egiten ari dira plazan bertan. Han etxean erabili ez eta egoera onean dauden objektuak jasotzen dituzte, esate baterako: arropa, oinetakoak, liburuak, jolasak, maindireak, ontziak... Antolatzaileek azaldu dutenez, elkartasun azokarako ematen dena "osorik eta garbi" egon behar du.
Asteartero, apirilaren 8ra arte eginen dute elkartasunezko bilketa. Jasotako guztia sailkatu eta Irurtzungo plazan bertan maiatzaren 3an eginen den elkartasun azokan salgai jarriko dute. Elkartasun azokarekin, antolatzaileek, batetik, jasotako objektuei bigarren bizitza bat eman nahi diete. Aldi berean, ekonomia egoera zailean daudenei erraztasuna eskaini modu onean erosteko egoera onean dauden gauzak. Lortutako dirua inklusioaren eta gizarte berdintasunaren alde lan egiten duen Elkarri Laguntza gobernuz kanpoko erakundearendako izanen da.
Azoka antolatzen Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Itxipuru, Irurtzungo emakume taldea eta Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua daude, besteak beste Irurtzungo eta Arakilgo udalen laguntzarekin. Bakarren batek asteartean materiala eraman ezin badu, harekin harremanetan jarri eta nola eman zehaztu dezake. Horretarako, 648 070 710 telefonora hots egin edo anitzartean@sakana-mank.eus eposta helbidera idatzi behar da.